Elías Querejeta Zine Eskolak gaur zabaldu du onarpen epea bere hiru graduondokoetan

Elías Querejeta Zine Eskolak gaur zabaldu du onarpen epea bere hiru graduondokoetan

2018 Urtarrila 08

Eskolaren ikasketa-eskaintzak hiru ibilbide ditu oinarri, Artxiboa, Komisariotza eta Sorkuntza, eta bere irakaskuntza-planari prestakuntza teorikoa eta praktika profesionalak erantsi dizkio, proiektu pertsonal baten garapenerako laguntzarekin batera. Espezialitate bakoitzean 15 ikasle izango dira gehienez, eta matrikularen prezioa 3.500 eurokoa. Ikastaroak 56 aste izango ditu, eta Donostiako Zinemaldiaren hurrengo edizioarekin batera abiatuko da.

Elías Querejeta Zine Eskola graduondoko eta goi mailako lanbide espezializazioko zentro bat da. Zinemagintzaren inguruko bizipena eta azterketa intelektuala egin nahi duten eta lanbide berriak esploratu nahi dituztenentzat leku aproposa da. Zinemagintzari buruzko ideia eta berrikuntza zentroa denez, ezinbestekoak dira parte hartzaileen konpromisoa, heldutasuna eta inplikazioa. Ikasleak eta irakasleak mundu guztikoak izan daitezke.

 

1 Ikasleen profila

EQZEko ikasketa plana pentsatuta dago goi mailako unibertsitate titulu bat duten ikasleentzat (lizentzia edo gradua), edo titulu hori 2018an zehar eskuratzeko prozesuan daudenentzat, baita zine eskola batean ikasketak amaitu dituzten ikasleentzat ere. Salbuespen gisa, eskolak aztertu egingo du, aurreko baldintzak bete ez arren, zinema arloan egiaztatutako esperientzia duten izangaien kasu berezia. Plazen muga 15 ikaslekoa da, espezialitate bakoitzeko.

 

2 Onarpen epea

2018-2019 ikasturterako onarpen epea 2018ko urtarrilaren 8an hasi eta maiatzaren 31n bukatuko da. Izen-ematea eskolako web orriaren bitartez bakarrik egin ahal izango da. Hautapen prozesura aurkezteko egin beharrekoak:

1.Online inprimakia bete: datu pertsonalak eta ikasketei dagozkienak adierazteaz gain, inprimakian aukeratu beharko da egin nahi den espezialitatea edo espezialitateak (lehentasun hurrenkeraren arabera).

2. Fitxategi erantsi gisa gehitu honako dokumentu hauek:

- Titulua edota ikasketa espedientea.

- Ikasketak egiteko arrazoiak azaltzen dituen aurkezpen gutuna edo bideoa.

- Curriculum vitae.

- Sorkuntza-ibilbidearen kasuan, memoria laburra, non izangaiak azalduko duen ikastaroan zehar garatu nahiko lukeen proiektu pertsonala. Sorkuntza-proiektu horren ikuspuntua, formatua eta generoa libreak dira. Artxibo eta Komisariotza espezialitateen kasuan, proiektu pertsonal bat sartzea hautazkoa da.

- Agirien egiazkotasunaren zinpeko deklarazioa.

Hautagaiek, beren eskaera osatzeko, egokitzat jotzen dituzten materialak aurkez ditzakete.

3 Hautaketa prozesua

Horretarako izendatutako onarpen epaimahaiak eta ikasketa zuzendaritzak ebaluatuko dituzte eskaerak.

Hautagaitzekin batera aurkeztutako dokumentazioa eta proposamenak baloratu ondoren, elkarrizketa batera deituko dituzte izangaiak. Elkarrizketa hori aurrez aurre edo online egin ahal izango da, eta bide emango dio etorkizuneko ikasleak hautatzeko prozesuari.

Izangaien hautaketa eta komunikazioa bi alditan gertatuko da: apirilean (prozesua martxoaren 31ra arte hasi dutenentzat), eta ekainean (izena maiatzaren 31ra arte eman dutenentzat.

Hautapen prozesuaren emaitza posta elektronikoz jakinaraziko da.

 

4 Matrikulazioa

Onartua izan dela egiaztatu ondoren, izangaiak matrikula egin eta ordaintzeko behar duen informazio guztia jasoko du, ordaintzeko modua eta epeak barne. Matrikula egiteak berekin dakar programa onartzea.

2018-2019 Ikasturteko matrikularen prezioa 3.500 euro da.

 

Informazio gehiago iturriaren web orrian.