Donostia Zinemaldiko sail ofizialetan lehiatuko diren euskal filmak iragarri dituzte

Donostia Zinemaldiko sail ofizialetan lehiatuko diren euskal filmak iragarri dituzte

2019 Uztaila 22

Loreak (2014) eta Handia (Epaimahaiaren Sari Berezia 2017an, Euskal Zinemaren Irizar saria eta hamar Goya sariren irabazlea) filmen taldea Sail Ofizialean lehiatuko da berriz. Aitor Arregik (Oñati, Gipuzkoa, 1977), Jon Garañok (Donostia, 1974) eta Jose Mari Goenagak (Ordizia, Gipuzkoa, 1976) La trinchera infinita zuzendu dute. Antonio de la Torre eta Belén Cuesta protagonistatzat dituen lanean, 1936ko uztailean Espainiako Gerra Zibila hasi ondoren, errepresalien beldur den gizon bat etxean ezkutatuko da eta 33 urte pasatu arte ez da kalera berriz aterako.

Zuzendarien lehen eta bigarren filmak biltzen dituen New Directors sailean, Maider Fernandez Iriarteren (Donostia, 1988) Las letras de Jordi, Ikusmira Berriak egoitza-programan gauzatutako proiektua, 2017an postprodukzioaren REC Grabaketa Estudioa saria jaso zuena, zuzendariak garuneko paralisia duen 51 urteko gizon batekin duen harremanari buruzkoa.

Halaber, Zabaltegi-Tabakalera sailean, iaz 592 metroz goiti film laburrarekin ere hautatu zuten Maddi Barber-en (Lakabe, Nafarroa, 1988) Urpean lurra film ertaina izango da ikusgai. Chema García Ibarra itzuliko da lehiaketara (Elx, Alacant, 1980) Ion de Sosarekin (Urnieta, Gipuzkoa, 1981) zuzendu duen Leyenda dorada lanarekin. 2016an aipamen berezia jaso zuen La disco resplandece filmarekin. Izibene Oñederrak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1979) hirugarrenez hartuko du parte, oraingoan Lursaguak / Escenas de vida lanarekin. Hortzanak, For Your Own Safety (Hortzanak, por su propia seguridad, 2013) Zabaltegin eta Belodromoan eman zen Kalebegiak (2016) filmeko pieza batekin hartu zuen parte aurrekoetan. Leyenda dorada eta Lursaguak / Escenas de vida 2019ko Kimuak programaren uztakoak dira –Eusko Jaurlaritzaren film laburren programa–.