‘Dino familia’ filma bihar iritsiko da EAEko zinema-aretoetara, ADI! Filmak Euskaraz programaren barruan

‘Dino familia’ filma bihar iritsiko da EAEko zinema-aretoetara, ADI! Filmak Euskaraz programaren barruan

2026 Iraila 24

‘Dino familia’ filma ostiralean estreinatuko da EAEko hainbat aretotan, ADI! Filmak Euskaraz programaren eskutik. Publiko orokorrari zuzendutako film errusiarra euskarara bikoiztuta ikusi ahal izango dugu.

Orain arte Zinema Euskaraz izenez ezagutzen zen programak ADI! Filmak Euskaraz marka aurkeztu du aurten, euskarazko zinema bultzatzeko etapa berri baten abiapuntu gisa. Zineuskadik sustatuta, aurten euskaratuta ikusiko dugun hamazazpigarren lana da. ADI! Filmak Euskaraz programaren helburua euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzea da, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak babestuta, haur zein gazteei zuzendutako filmak bikoiztuz eta zinemagintzan euskararen hedapena bultzatuz.

Sinopsia

Phil nerabea ez dago bere bizitzako unerik onenean. Ikaskideek barre egiten diote, gustuko duen neskak ez dio jaramonik egiten, eta albaitari izan nahi du, baina Dino familiaren tradizioak paleontologoa izatea eskatzen du. Baina dena aldatuko da ustekabean Mesozoikora eramango duen atari bat irekitzen duenean. Orain, arriskuz betetako historiaurreko oihan batean bizitzen ikasi beharko du, eta dinosauro gosetien janari bihurtzea saihestu. Batez ere, aitarekin elkar ulertzeko modua aurkitu beharko du hondamendi bat saihesteko. Izan ere, Titanoboak, belaunaldiz belaunaldi Dino familia gorrotatzen duen historiaurreko suge erraldoiak, akabatu nahi ditu.

Filma ostiral honetan estreinatuko da hurrengo zinemetan: Golem Alhóndiga (Bilbo), SADE Cines (Donostia), Zugaza Zinema (Durango), Golem La Morea (Iruña), Florida Zinemak (Gasteiz) eta Gorbeia Zinemak (Gasteiz).

Datozen hilabeteetan, beste film batzuk ere izango ditugu ADI! Filmak Euskaraz programaren barruan: ‘Balea kantariaren kondaira’ eta ‘Superthings’, besteak beste.