Cannesko Marché du Film, euskal zinemaren erakusleiho berria

Cannesko Marché du Film, euskal zinemaren erakusleiho berria

2022 Maiatza 16

Bihar hasiko da Cannesko zinemaldia, nazioarteko hitzordu garrantzitsuenetako bat, eta, berriro ere, euskal ordezkariak egongo dira bertan, bai Kritikaren Astean bai Marché du Film merkatu ospetsuan. Azoka maiatzaren 28ra arte luzatuko da.

Oraingo honetan, Cannesko Kritikaren Asteak Estibaliz Urresola Solagurenen 'Cuerdas' filma aukeratu du. Bere lanak publiko eta kritikari erakusteko asmoz talentu berri eta oparoa duten zinegileen film laburren eta lehen edo bigarren luzeen aukeraketa bat eskaintzen du. Proiektu hau Sirimiri Filmsek ekoitzi du Gariza Filmsekin eta Katz Estudiorekin batera, eta udal diru-laguntza galdu ondoren desegiteko arriskuan dagoen emakumeen abesbatza baten istorioa aurkezten du. Testuinguru horretan, bailarako enpresa handienetako batek babes erakargarria eskaini dio taldeari, baina oso konpainia kutsatzailea da. Laguntza horrek korala salbatzea ekarriko luke eta emakumeak erabakia hartzeko beharrean daude: eskaintza onartu ala ez.

Euskal zinemak urteko hitzordu garrantzitsuenetakoa den Marché du Film azokan ere parte hartuko du. Basque.Audiovisual. markaren eskutik, ‘A los libros y a las mujeres canto’ filma Espainiako ‘market screening’ saioetan egongo da. María Elorzaren proiektu hau Frantziako hiriburura iritsiko da FIDBA eta ‘Malagako Jaialdia – WIP España’ sariak lortu ondoren. Halaber, ZINEBI Networking 2021 saria jaso zuen jaialdiaren 63. edizioan. Txintxua Filmsek ekoitzia, zuzendariak emakume guztiei egindako kantua da, erresistentzia intimo batean, epikarik gabe, iraultzarik gabe eta armarik gabe, liburuak zaindu dituztenei zuzendua, hain zuzen ere.

Marché du Film ere erakusleiho ezin hobea izango da Ane Berriotxoa zuzendariaren eta Euskal Herriko Zinema Eskolaren 'Bat' film laburrarentzat, 2Cool4School katalogoaren parte izango baita. Sail hau ICAAren #JustSpainted programaren barruan dago, Cannesko Jaialdiko Short Film Corner Library-an.

Webgune berritua

Ohikoa denez, Basque.Audiovisual. Canneseko Marché du Filmenizango da berriro, ICEXen eskutik, euskal zinemaren azken berriak eta gure lurraldeko zerga-pizgarriak ezagutzera emateko. Nazioartean izen garrantzitsu bat lortzeko helburuarekin, markak gaur estreinatuko du bere webgune berritua (www.basqueaudiovisual.eus). Proiektuen bilatzaileak lanak erraz identifikatu eta kontsultatzeko aukera ematen du. Horrela, gune berri honek jaialdietan aurkeztu ohi zen paperezko katalogoa ordezkatuko du, jasangarritasunari eta praktikotasunari mesede eginez.

Nabarmentzekoa da, halaber, euskal zinemak eta, aldi berean, Basque.Audiovisual. plataformak nazioartean hartzen ari diren garrantzia. Quebeceko Zinemaldiak B.A. markaren babespean doazen euskal ekoizle eta profesionalen ordezkaritza gonbidatu du networking jardunaldira eta, gainera, edizio honetatik aurrera, ZINEBI, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia, #CannnesDocs programaren kolaboratzaileetako bat izango da.

Merkatu garrantzitsu honetan parte hartzeko akreditazioa eskatu duten euskal zinemagileen artean honako hauek daude: Vitrine Filmseko Julieta Juncadella eta Silvia Cruz; Banatu Filmakeko Aitor Arenas; Txintxua Filmseko Marian Fernández; Sirimiri Filmseko Esti Urresola; Baineteko Manu Paino; Bartoneko Unai Fernández; Paul Urkijo; Marmoka Filmseko Gentzane Martínez de Osaba; Katz Estudio; Gastibeltzako Katti Pochelu, eta Pimpi & Nellako Iratxe Fresneda.