Bilbao Mendi Film Festival jaialdiaren 7. edizioa

Bilbao Mendi Film Festival jaialdiaren 7. edizioa

2014 Abendua 09

Hamazazpi herrialdetako 47 film, 3D formatuko proiekzioak, ikastaroak eta tailerrak… oparoa izango da aurtengo egitaraua ere, jaialdiaren helburua hazten jarraitzea baita: era guztietako ikus-entzuleak erakartzea, iaz jaialdira bildu ziren 15.000 lagunak gainditzea…

BILBAO MENDI FILM FESTIVAL jaialdiaren zazpigarren edizioak entzute eta itzal handiko hainbat zinemagile, kirolari, komunikatzaile eta naturaren maitale bilduko ditu aurtengoan ere Bizkaiko hiriburuan, abenduaren 12tik 21era. Ekitaldiak zinemazaletasuna, mendiko kirolekiko maitasuna eta ingurumen-balioen aldeko aldarria uztartuko ditu, beste behin, intentsitate biziko 10 jardunalditan. Horrenbestez, aukera paregabea eskainiko du mendiaren eta abenturako kirolen ( surf, eski, snowboard, BASE-jauzi, BTT, piraguismo, etab.) inguruko nazioarteko film onenenak ikusi ahal izateko, eta jarduera paralelo ugariz gozatzeko.

Izan ere, Bilbao Mendi Filmen programazioa, bertaratutako gonbidatuen izena eta entzutea eta jarduera paraleloen oparotasuna aintzat hartuta, nazioarte mailako mendiko zinemagintzaren erreferentzia nagusietako bat bihurtu da jaialdia ibilbide labur samarrean. Iazko egitarauko ekitaldietan bertaratu ziren 15.000 lagunen zifra ere mugarria da horrelako zinema jaialdietan.

Zazpigarren edizio honetan, 17 herrialdetako 47 film izango dira lehian. Eta sekzio ofizialeko emanaldiez gain, 3D formatuko proiekzioak, hainbat erakusketa eta zenbait ikastaro eta tailer espezializatu ere izango dira, jaialdiaren helburua hazten jarraitzea baita: era guztietako jendea erakartzea eta iazko edizioko ikus-entzule kopurua gainditzea. 

Aurtengo edizioan saio gehiago izango dira jendearentzat zabalik, eta beste areto bat ere egokitu da pelikulez gozatzeko: Golem zinemak. B eraz, lau egoitza izango dira aurten jaialdian: orain arteko Euskalduna Jauregia, BBK Aretoa eta Alhondigako Auditoriuma, eta orain Golem zinemak, guztiak ere baliabide tekniko punta-puntakoekin, besteak beste 3D formatuko proiekzioak egiteko. Izan ere, irudien ikusgarritasunak erakarrita, zinemako genero honek gero eta zale gehiago ditu, eta Bilboko aretoen ezaugarriei esker, ikus-entzuleek aukera dute filmak baldintza ezin hobeetan ederresteko eta ikuskizunaz areago gozatzeko. Jaialdiaren itxierako ekitaldiaren bezperan, abenduaren 20an, BBK Aretoan aukera izango da saritutako film guztiak etenik gabeko lau saiotan ikusteko. 12:00etan, 15:00etan, 17:15etan eta 19:30ean hasiko dira lau emanaldi horiek.

Entzute handiko bi omendu: Clint Eastwood eta Montxo Armendáriz
Aurten, mendiko jaialdiak bi zinemagile oso desberdin omenduko ditu: Clint Eastwood eta Montxo Armendáriz. Lehena, BILBAO MENDI FILM FESTIVAL jaialdiaren aurtengo kartelaren protagonista da gainera, 40 u rte baitira bere aurreneko film luzeetako bat zuzendu zuela: “The Eiger Sanction” (gaztelaniaz, “Licencia para matar”). Eastwood bera izan zen, ordezkorik gabe, Eigerreko ipar horma mitikoan (3.970 m), Suitzako Alpeetan, filmatu ziren eszena arriskutsuenen protagonista. Saio berezian proiektatuko da pelikula, Felix Linaresek aurkeztutako ETBko “La noche de…” saioa egiten duen lantaldearekin elkarlanean.


Montxo Armendarizi dagokionez, 30 urte dira bere lehen film luzea zuzendu zuela, “Tasio” gogoangarria, eta egokiera baliatuz, jaialdiak omen egingo dio zinemagile nafarrari. Filmak, Nafarroako azken ikazkinetako baten erdi-biografia eta bizimodua erretratatzen du, eta hainbat sari eskuratzeaz gain (bere egunean Trentoko Mendiko Zinema Jaialdian jasotakoa, adibidez), euskal ikusle askoren oroimen kolektiboan egina du lekua. 

 

Jarduera paraleloak
Atal zinematografikoaren osagarri, BILBAO MENDI FESTIVAL jaialdiak ekitaldi paraleloen egitarau zabala eta askotarikoa prestatu du. Nabarmentzekoa da, esaterako, nazioarteko maila goreneko alpinistak eta zinemagileak izango direla Bilbon, kameraren aurrean edo atzean bizitakoak lehen eskutik jendaurrean kontatzen.

Panel Talks atalean, solasaldi eta gonbidatu ezin interesgarriagoak izango dira, urrutira gabe Alberto Iñurrategi bera. Eta mendi giroan zeresan handia ematen du en gai bati buruzko mahai-ingurua ere izango da, sokarik gabeko alpinismoari eta eskaladari buruzkoa, hain zuzen. Hizlariak, punta-puntakoak: Jordi Corominas, Rémi Thivel eta Hansjörg Auer.

Mendi Talks izeneko atal berriaren eskutik, berriz, aukera izango da nazioarte mailako ospea duten profesionalek gidatutako tailerretan parte hartzeko. Aurten bi izango dira: bat, Rebecca Martin National Geographiceko Espedizioen zuzendari eta epaimahaikideak berak gidatua, erakunde horrek esplorazio-proiektuetara eta gazte esploratzaileen ekimenetara bideratzen dituen bi programei buruz, hain zuzen. Eta bestea, José Larraza kazetariak eta David Breashears eta Jeremy Collins zinemagile estatubatuarrek gidatua.

Erakusketei dagokienez, Metro Bilbaoko geltokietan formatu handiko hainbat argazki jarriko dira, klima aldaketa Himalayako glaziarretan sortzen ari den ondorio kezkagarriei buruz. Rekalde Aretoan, Ibon Azpilikuetaren argazki bilduma izango da ikusgai, Hushé ibarrek o emakumeei buruz. Baltistan Fundazioaren eskutik iri tsiko da erakusketa hori. Eta BBK Aretoan, berriz, mendiko eskiko Regil Zeharkaldian ateratako argazkien artxiboko irudiak paratuko dira, probaren 40. urteurrena dela eta, urteotan guztiotan egindako argazkien bilduma ederra.

Prestakuntzaren arloan, berriz, Jordi Canyigueral zinemagile katalana, muturreko baldintzetan eginiko mendiko filmazioetan zaildua, horrelako baldintzetan filmatzeak zer arazo, neke eta zailtasun dituen azaltzen saiatuko da “Ikus-entzunezko kontakizunak estilo alpinoan: istorio bat 3 minututan” tailerrean. Eta Santi Yaniz mendiko argazkilariak, berriz, Mendiklik argazkigintza tailerra emango du aurten ere.

Beste berrikuntza deigarri bat goi-mendiko sukaldaritzari buruzko laborategia izango da, Ricardo Pérez Bilboko Yandiola jatetxeko chefaren eskutik. Sukaldariaz gain, laborategiko partaideen artean izango dira Joshe Abando kirol psikologoa eta Iker eta Eneko Pou eskalatzaileak.

Pagasarriko ohiko igoera, BBK-k antolatua, BIL BAO MENDI FILM FESTIVAL jaialdiaren jarduera paraleloen artean izango da beste behin.

Sarrerak salgai 
BILBAO MENDI FILM FESTIVAL jaialdiaren zazpigarren edizioko sarrerak salgai daude jada, 5 eta 8 euro arteko prezioan. Jaialdia zabaltzeko “Valley uprising” (Matxinada ibarrean) Yosemiteko historiari buruzko film ikusgarria proiektatuko da ostiralean, hilak 12, Euskalduna Jauregian, 19:30ean, eta film horretarako sarrerak salgai daude kongresu jauregiko txarteldegian, BBK-ren zerbitzu anitzeko kutxazainetan eta webgunean bertan https://ticket.kutxabank.es. BBK Aretoan (Gran Via 19-21) proiektatuko diren filmen sarrerak ere eskura daude aretoko txarteldegian eta aurrez aipatutako kutxazainetan eta web-orrian. Eta Alhondigan programatutako pelikulen sarrerak, berriz, Golem zinemetako txarteldegian eta http://www.golem.es webgunean eskura daitezke.