Abenduaren 5etik 8ra ospatuko den Durangoko Azokan egongo da aurten ere ZINEUSKADI, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak sustatutako elkartea. Aurten gainera, presentzia zabalagoa izango du Azokan, ikasleei zuzenduriko bikoizketa tailerra eta elkarteak kudeatzen duen Zinema Euskaraz programari esker euskaratutako filmen ikustaldiekin.
ABENDUAK 5, ostirala, Ikasleen eguna:
IRUDIENEA
10:30 – 15:30. Bikoizketa tailerra ikasleentzat
Tailer honen helburua haurrei bikoizketaren mundua ezagutaraztea da. Bikoizketa da Zinema Euskaraz programako lan funtsezkoenetarikoa, beste hizkuntzatan filmaturiko pelikulak euskaratzen baititu gure zinema aretoetan estreinatzeko. Ikastaroan begiraleek bikoiztu behar diren testuak nola aztertu eta hauen berezitasunak erakutsiko dituzte. Ondoren bikoiztu beharreko sekuentziak irudietan ikusi eta guztien artean bikoizketa froga bat egingo dute, ahots ezberdinak jarriz eta zuzenean nola bikoizten den ikasiz. Azkenik, bikoizketaren emaitzak erakutsiko zaizkio talde osoari. Ordubeteko lau txanda antolatuko dira eta hauek dira parte hartuko duten ikastolak: Lauaizeta Ikastola (Donostia), I.Arozena-B.Barrueta (Bermeo), Bernat Etxepare (Baiona) eta Ibaizabal Ikastola (Durango).
Hona hemen iazko edizioko bikoizketa tailerrei buruz Hamaika TBk egindako erreportaia:
17:00. “Dragoi Bola Z” filma
Maiatzean estreinatu zuen Zinema Euskaraz programak animaziozko film hau. Maji Booren aurka borrokatu eta urte batzuk geroago, krisi batek mehatxatu du lurra. Bills, txikizioaren jainkoak, unibertso osoko orekari eusten diona, bere loaldi luzetik esnatu da. Saia batek Freezer garaitu duen zurrumurrua entzun ondoren, Bills haren bila abiatu da. Denbora luzea igaro ondoren hain etsai indartsua aurkitzean hunkituta, Gokuk erronka jo dio txikizioaren jainkoari, baina ezinean dihardu jainkoaren ahalmena izugarrizkoa baita. Hartan, Billsek agur-hitz kezkagarriak jaulki ditu: "Lurrean izango ahal da norbait txikitzea merezi duenik!" Goku, Vegeta, Gohan eta lurreko gainerako gerrariak izango ote dira gai aurrekaririk ez duen indar txikitzaile hau geldiarazteko?
ABENDUAK 6, larunbata:
IRUDIENEA
15:30. “Gazte harrigarria, T.S. Spivet” filma
Reif Larsen eleberrian oinarrituta, Jean-Pierre Jeunet zuzendari frantziarraren azken filmak Zesar sarietarako 3 izendapen jaso eta Donostiako Zinemaldian itxierako filma izan zen. T. S. Spivet bere familia bitxiarekin Montanako arrantxo batean bizi den hamabi urteko jenioa da. Kartografiarako eta asmakariak sortzeko daukan talentuak ordainsaria jasoko du, zientzia erakunde batek izen handiko sari bat eman behar baitio. Maleta hartu eta ia herrialde osoa zeharkatuko du saria hartzeko.
ABENDUAK 7, igandea:
IRUDIENEA
15:15. “Tarzan” filma
Safari animatu ikusgarria paisaia exotiko bizi-bizian, Tarzan akzioz beteriko bidaia ederra da mundu izugarri ongi irudikatuan. Bertan lehenengoz erabiltzen da motioncapture teknika Edgar Rice Burroughsen pertsonaiari bizia emateko.
Urrutiko Afrikako oihan espedizio batean, John Greystoke eta bere emaztea helikoptero istripu batean hil dira, duela 70 milioi urte eroritako meteorito bat aztertzen ari zirela. Soilik hauen semea, J.J. Tarzan izenez ezagutua, atera da bizirik istriputik. Gorila talde batek aurkitu eta heuretako bat bailitzan heziko dute, oihaneko legeak ikasi eta gizakiekin harremanik izan gabe.
Jane Poter ekologista gazte bat da eta Afrikara egingo du bidaia, William Clayton Greystoke enpresako zuzendariak aginduta. Enpresa gizon honen helburu bakarra meteoritoa aurkitzea da eta oihaneko bizia arriskuan jarriko du bere nahia lortzeko. Tarzanek bere etxea eta maite duen emakumea babestu beharko ditu.
Urteak pasa ahala, zinema bezalako ikus-entzunezko adierazpenek gero eta presentzia nabarmenagoa dute Durangoko Azokan, eta hori dela eta, ZINEUSKADIk euskal kulturaren topagunerik nagusienean parte hartzea ezinbestekotzat jo du.