Basque. Audiovisual., stand birtual baten bidez, ‘MIPCOM online +’ azokan egongo da, aurten online egingo den telebista-edukien urteroko merkatuan. Euskal proiektu ugarik hartuko dute parte, urriaren 12tik 16ra, ikus-entzunezkoen munduan gehien espero den hitzorduan, eta mundu osoko 13.800 profesional baino gehiago bilduko dira bertan.
Aurreko edizioetan bezala, Basque. Audiovisual.-ek katalogo bat jarri du azokan dauden ikus-entzunezko sektoreko profesional guztien eskura, Euskadin Zineuskadiren laguntzarekin egindako proiektu ugarien erakusleiho gisa. Katalogo horrek agerian uzten du euskal sektorea sormen-une onean dagoela, osasun-egoerak eragindako zailtasun guztiak gorabehera.
Nazioarteko merkatu horretan, Basque. Audiovisual.-en bidez, presentzia nabarmena izango duten enpresak ondorengo hauek dira: Pausoka, Jok Films, Txintxua Films, Soul Pictures, ETB, A Film to Kill For, New Digital Media eta Eiken Cluster. Aipatzekoa da, halaber, Mondo TV Iberoamerika-k, Myriam Ballesteros euskal zinegilearen 'Annie & Carola' eta 'Cenicienta enmascarada' animaziozko telesailekin parte hartuko duela.
Proiektu aipagarrienen artean daude Koldo Almandozek zuzendu eta Txintxua Filmsek ekoitzitako 'Hondar ahoak' telesaila, Pausokaren 'Ihesaldia' telesaila zein 'El Impostor' reality show-a eta New Digital Media Euskadiren 'El Club del Tupper' lehiaketa. Era berean, hainbat gai eta formatako dokumental ugari izango dira ikusgai nazioartean.
Bestalde, Filmax-ek Donostia Zinemaldian estreinatu berri duen ‘El estado contra Pablo Ibar’ telesail dokumentala eramango du hitzordu birtual honetara. Olmo Figueredok zuzendu du ekoizpena, eta Irusoin ekoiztetxearen parte hartzea du.