Alberto Vázquezen ‘Homeless Home’ film laburrak Annecyko Epaimahaiaren Saria eskuratu du

Alberto Vázquezen ‘Homeless Home’ film laburrak Annecyko Epaimahaiaren Saria eskuratu du

2020 Ekaina 21

Nazioarteko animazio jaialdian sari nagusia jaso duen lehen euskal film laburra da

Alberto Vázquezek zuzendutako eta UniKo eta Autour de Minuit ekoiztetxeek produzitutako Homeless Home’ film laburrak Annecyko Epaimahaiaren Saria lortu du larunbat honetan, nazioarteko animazio jaialdiak ematen dituen sari nagusietarikoa.

 

Hitzordu ospetsuaren Sail Ofizialean lehiatu da ‘Homeless Home’, eta harrera ezin hobea izan du, animazioaren sektoreko jaialdi garrantzitsuenean sari hori eskuratu duen lehen euskal film laburra baita.

 

Egungo osasun egoera dela eta, Annecy formatu birtualean egin da lehen aldiz. Horregatik, filma datorren urteko edizioan proiektatuko dute pantaila handian, eta lantaldeko kideak bertan izango dira gonbidatu gisa.

 

Alberto Vázquezen gainerako ekoizpenen estilo grafiko desberdina dauka lan honek: akabera piktorikoa eta giro iluna aurkezten ditu. Hain zuzen, haurtzaroan irakurri zituen Erdi Aroko fantasiazko istorioetan inspiratuta dago filma. “The lord of the rings pelikularen antzeko mundu batean girotutako lana egin nahi nuen, baina nire ikuspegi pertsonalean oinarrituta”, dio zuzendariak. “Horrela sortu zen film labur honen ideia; Erdi Aroko testuinguruan gertatzen den fantasiazko istorio sozial eta existentziala. Lan entretenigarriak egitea gustatzen zait, baina, horrez gain, gerora gogoratuak izatea espero dut, eta publikoa hausnarraraztea”, erantsi du Vázquezek.

 

UniKo euskal ekoiztetxea eta Alberto Vázquez elkarlanean hasi zirenetik hamar urte bete dira, eta “aliantza” hori emankorra izan da, oso, zuzendariak hiru Goya Sari eskuratu baititu urteotan, ‘Birdboy’ eta ‘Decorado’ film laburrengatik eta ‘Psiconautas, los niños olvidados’ film luzearengatik. Gainera, elkarrekin eta beste eragile batzuekin kolaboratuz landu dituzten proiektuek 500 hautagaitza lortu dituzte nazioarteko jaialdietan, baita ehundik gora sari bereganatu ere.

Egun, Vázquezen film luze berria, ‘Unicorn Wars’, ekoizten ari da UniKo, Abano Producións eta Autour de Minuit produkzio-etxeekin batera. “Annecyn jasotako sariak esku artean dugun proiektuari bultzada ematea espero dugu”, adierazi du Iván Miñambres ekoizleak.