Alauda Ruiz de Azúa eta Esti Urresola, euskal protagonistak Berlinalen

Alauda Ruiz de Azúa eta Esti Urresola, euskal protagonistak Berlinalen

2022 Otsaila 09

Europako hitzordu garrantzitsuenetarikoen artean dagoen Berlingo Nazioarteko Zinemaldiak bi euskal protagonista izango ditu: Alauda Ruiz de Azúa eta Esti Urresola. Alemaniako bilkura bihar, otsailak 10, hasiko da, eta hilaren 20ra arte luzatuko da. Aurten, gainera, online ekitaldiak aurrez aurreko proiekzioekin uztartuko dira, eta emanaldiak segurtasun-neurri zorrotzekin egingo dira: hala nola edukiera murriztu eta txerto–ziurtagiria nahiz egunero proba diagnostiko bat egitea eskatuko dute. European Film Market edo Berlinale Talents bezalako atalak, berriz, online egingo dira.

Panorama izeneko atalean, kontzientziak astindu nahi dituzten filmak erakutsiko dituzte, baita ikusleei zinema ikusteko ohituretan eta pentsamenduan desafioa egiten dieten lanak ere. Atal honetan, Alauda Ruiz de Azúa zinemagile bizkaitarraren ‘Cinco lobitos' filmaren mundu mailako estreinaldia egingo da. Sayaka Produccionesek, Encanta Filmsek, Buena Pinta Mediak eta RTVEk ekoitzitako lana da eta kontziliazio arazoak dituen hogeita hamar urte inguruko ama baten istorioa kontatzen du. Protagonista bere gurasoen etxera itzultzen da, bere umeaz arduratzen den bitartean bera zainduko duten itxaropenarekin. Barakaldoko zuzendariarentzat bertan estreinatzea albiste bikaina da: “hazten joan den proiektu txiki bat da; beraz, Berlinale bezalako jaialdi batek bidaia hasteko indarra eman digu”.

Bestalde, nabarmentzekoa da Esti Urresola Berlinale Co-Production Marketeko hemeretzigarren edizioan izango dela, otsailaren 12tik 16ra. Laudioko zuzendariak merkatuan parte hartuko du '20.000 especies de abejas’ (Gariza Films eta Inicia Films) bere lehen film luzearekin. Identitateari buruzko kontakizuna da, eta Luciaren istorioa azaltzen du. Zakila duen neska da, baina eskolako ikaskideek Aitor deitzen diote. Berlinen, nazioarteko ekoizle potentzialak, finantzaketa-funtsetako ordezkariak, streaming plataformetako zuzendariak, salmenta-agenteak eta telebista-kateetako arduradunak ezagutzeko aukera izango du, sektoreko beste profesional askoren artean.

Halaber, Basque. Audiovisual. euskal zinemaren markak stand birtuala izango du Berlinaleko merkatuan, Cinema from Spain atariaren barne, nazioarteko eragileei azaltzeko zer nolako pizgarri fiskal eta laguntza-sistemak dauden euskal lurraldean, baita nazioarteko industriaren zerbitzura dauden tresnen eta elkarteen berri emateko ere.

Berlinaleren 72. edizio honetarako Basque. Audiovisual. katalogoaren bertsio berri bat ere prestatu da, non garapen fasean nahiz eskuragarri dauden euskal proiektuak eta Kimuak 2021 film laburren hautaketa biltzen diren. Argitalpen hori programatzaileen, nazioarteko salmenta-eragileen, plataformen eta sektoreko beste eragileen eskura jarriko da.