Aitziber Atorrasagasti: 'Oro har, kanpotik jendeak kalitatezko produktuak egiten direla ikusten du euskal ekoizpenaren barnean; gure produktuak badute beren lekua merkatu globalean'

Aitziber Atorrasagasti: 'Oro har, kanpotik jendeak kalitatezko produktuak egiten direla ikusten du euskal ekoizpenaren barnean; gure produktuak badute beren lekua merkatu globalean'

2017 Ekaina 09

Aitziber Atorrasagasti, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendaria eta Zineuskadiko lehendakaria

Bilbotarra jaiotzez eta bihotzez, nahiz eta bere lan ibilbide garrantzitsuena Durangaldean burutu, Durangoko Azokan. Industriatik kulturara, Gerediaga elkartera, arlo pribatutik publikora, Eusko Jaurlaritzara, egin du jauzi urtea hastearekin batera Aitziber Atorrasagastik, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendari eta Zineuskadiko lehendakari berriak. Gogo handiz hartu du euskal ikus-entzunezko sektorean barneratzeko sortu zaion aukera.

Gerediaga elkarteko kudeatzaile izan zara orain dela gutxi arte; egun Kultura Sustatzeko zuzendaria zara Eusko Jaurlaritzan. Zertan aldatu da zure lana?

Joxean Muñozek, Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburuordeak deitu zidan eta batzar baterako hitzordua finkatu genuen; bertan, proposamena mahai gainean jarri zidan. Joxean lehendik ezagutzen nuen Durangoko Azokan izandako harremanagatik eta hark aurrez egindako lanagatik sortzaile moduan. Niretzat erronka handia da postuak eskatzen duen erantzukizunagatik, baina Joxean Muñoz eta Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, nire ondoan izatea oso aukera interesgarria da. Biak ala biak oso gaitasun handiko pertsonak dira. Erronka handia izanagatik ere, hartu egin nuen.

Zein dira Kultura Sustatzeko zuzendari bezala jarri dituzun helburuak?

Egia esan, ekarpen zehatzik, tamaina handiko proiekturik, ez daukat esku artean. Momentuan, gehiago da kulturaren ondoan egon eta hura lantzea, batez ere, sortzaileei eta kultur eragileei entzutea. Hori da nire lehen urte honetako erronkarik handiena.

Sortzaileak eta kultur eragileak entzun nahi ditut eta, jakin, zein behar dituzten eta nondik abiatu dezakegun estrategia; kultur estrategia. Hala ere, oro har, beti izango dira hobekuntzak eta horrelako gauzak egiteko. Abian jarritako guztia, ordea, hausnarketatik abiatuko da eta ez ekarpen pertsonaletik. Guztiak talde lana izango du oinarri.

Gerediagaren gisako elkarte batetik etortzea ere gehigarri bat da, ezta?

Gerediaga herri elkarte bat da. Mota horietako elkarteetatik izugarri ikasten da, batez ere, Euskal Herrian gure kultura, industriala ez den kultura, garatzen dituztenak. Euskal Herrian badugu elkarte sare indartsua, eredugarria dena eta militante asko, jende asko lan egiten duena kulturaren alde trukean dirurik jaso gabe. Jende mota horretatik gauza asko ikasten dira: borondatea, eskuzabala izatea, etab. Eta hori kudeaketa publikoan oso garrantzitsua da.

Borondatezko lanean aritzeak, ordea, arriskutsua izan daiteke, izan ere, jendeak bere bizitza dauka eta etengabe aldatzen da pertsona baten bizimodua.

Globalizazioak profesionalizazioa eskatu du. Egun, jada, ez du bakarrik balio borondateak eta militantziak; baina nik uste dut balio horiek ezin direla alde batera utzi. Nolabait, oreka bat behar da eta, batez ere, kulturan modu profesionalean ibiltzen den jendea lagundu behar dugu, baina ahaztu gabe nondik gatozen; sukaldeko lan ezkutu hori egin duten gizabanakoen balioak alde batera utzi gabe. Oinarriak ezin dira inoiz ahaztu.

Kultura Sustapeneko zuzendari bezala dituzun betebehar eta lanen artean Zineuskadiko lehendakaritzaren ardura da. Nola ikusten duzu elkartea kanpotik?

Zineuskadi aurrez ezagutzen nuen, batez ere, Zinema Euskaraz programatik, haurrei zuzendutako euskal filmetatik. Nire ustez, Zinema Euskaraz ezinbesteko programa da, zabaltzen dituen balioengatik. Batetik, gure umeak zinema aretoetara joatera ohitu behar ditugu kultur politikatik. Bestetik, umeak ohitu behar ditugu euskaraz filmak ikusten, zoritxarrez, gure belaunaldiak esku artean ez duen ohitura.

Finean, zinema euskaraz bultzatzea herri eta kultura moduan oso garrantzitsua da. Egun dugun erronka film horien nazioartekotzea da eta horretarako Zineuskadik Europa Creativa Desk MEDIA Euskadi atala dauka. Pelikulak beti izan dira herri eta kultura baten kanpora begirako ikusgarritasun ardatza eta balio horri probetxua atera behar zaio. Kontuan izanik esku artean ditugun produktuen kalitateak erronka eta aukera polita dugu aurrera begira.

Hiru hilabete daramatzazu Zineuskadiko lehendakari gisan lanean. Orain barrutik ezagutu duzu!  

Zinemagintzaren inguruko politiken garapenerako potentzialitate handiko tresna dugu. Gaur egun bertatik 3 lan ildo nagusi garatzen dira: sektorearen nazioartekotzerako ekintzen garapena; zinema euskaraz programa eta bisibilizazioari dagozkienak (aretoei laguntzak eta promoziorakoak). Hiru lan ildo hauen garapenean oraindik modu sakonean arituko gara hurrengo hilabeteetan eta besteak beste komunikazioa indartu dugu modu zuzenean, euskal zinemagintzaren erreferentea bilakatzeko asmotan.

Hala ere, guzti hau, sektorearekin elkarlanean eta erakunde arteko adostasuna eta lidergotzarekin bakarrik lortu daiteke, eta horretan Zineuskadi plataforma ezin hobea izan daiteke.

Zein dira epe motzean Zineuskadiren etorkizunerako finkatutako erronkak?

Zineuskadik jada bost urteko ibilbidea du eta datozen bost urteetarako erronkak finkatzeko momentu egokia da. Orain arte, batzuk oso zehatzak izan dira, Glocal Zinema eta Zinema Euskaraz bezala. Baina orain da unea hausnartzeko zer egin nahi dugun eta nola abiatu behar dugun Zineuskadi. Hau izango da datozen hilabeteetako lana.

Argi dagoena da Zineuskadik ICCaren (Industria Kultural eta Kreatiboen elkartea) barruan protagonismoa izango duela. Bestalde, Kultura eta Hizkuntza Politika saileko programa berriaren politikak Zineuskadiren izaeran txertatu behar dira. Zineuskadi ikus-entzunezko euskal plataforma da eta gauza berriak egin edota planteatzeko aukera ematen dizu. Epe motzera lerro berri horiek perfilatzea izango dugu xede nagusi.

Zinema Euskaraz programa sendotzen ari da. Urrats kuantitatiboak zein kualitatiboak eman ditu azken urteotan. Nola jarraituko duzue programa lantzen?

Zinema Euskaraz programak lerro berean jarraituko du filmak eskaintzen; baina komunikazioa indartu nahi dugu, programa gizarteratu eta normalizatu. Horretarako, publiko gaztearekin egingo da lan. Horiek, Europak markatutako publiko estrategikoa dira eta gu ere horri begira gabiltza, handik datozen politikekin bat egin nahi dugu.

Europa Creativa Desk MEDIA programa; ikus-entzunezko ekoizpenak kanpora ateratzea ahalbidetzen duen egitasmoa. Zein osasun egoeran aurkitzen da?

Europa Creativa Desk MEDIA programarekin hemendik urte gutxira aldaketak egongo dira. Luxu handi bat Euskal Herrian bulego bat izatea, kontuan izanik estatuan bost bakarrik daudela.

Europa Creativa Desk MEDIA hausnarketa batean sartu da eta aldaketa batzuk planteatuko dituzte epe laburrean. Hori horrela, gure lekua aldarrikatu dezakegu hizkuntza ez hegemoniko gisan. Uste dut Europak hori ulertzen duela eta hori da sustatu behar duguna. Hizkuntza kultura da eta hizkuntza ezberdin bat izateak Europako beste kulturen artean ezberdintzen gaitu. Gure kultura berezia da hizkuntzatik abiatuta. Publikoan zirrara hori sortzea da erronka.

Lehen Glocal Zinema aipatu duzu. Zein egoeratan aurkitzen da proiektua?

Glocal proiektuaren garapena abian dugu. Europa lurralde jakin batzuk interes handia adierazi digute eta orain proiektuaren `letra txikia´ zehazten gabiltza.

Berlin eta Canneseko Zinema Jaialdietan izan zara eta gertutik ikusi ahal izan duzu nola ikusten duten kanpotik euskal ikus-entzunezko sektorea. Zein sentsaziorekin itzuli zara?

Nire aurtengo helburua merkatua gertutik ezagutzea izan da. Berlinaletik ekarri dudan ikuspegia Europako jendearekin lan egitea erraza dela da, prestutasun handia eskaintzen dutelako; prest daude entzutera, elkarlanean aritzera.

Aldi berean, euskal ekoizleak oso ongi mugitu eta moldatzen zirela ikusi nuen, helburu zehatzekin joaten zirela bertara eta gehienak lortzen zituztela gure lurraldetik eramandako xedeak. Oro har, kanpotik jendeak kalitatezko produktuak egiten direla ikusten du euskal ekoizpenaren barnean; gure produktuak badute beren lekua merkatu global horretan. Horretarako, urratsez urrats jarraitu behar dugu gure sortzaileak laguntzen eta bidea egiten. Egindako lanak fruituak ekarriko ditu.

Zineuskadi erreferente gisan ikusi behar dute Europatik, bidelagun gisan.

Cannesen ere izan gara eta Europako merkatua nola mugitzen den ikusteko aukera izan dut. Argi dago, Euskadi merkatu garrantzitsuetan egon behar dela, eragileak laguntzen euren koprodukzio edota esportazio ahaleginetan. Honek estrategia jakin bat eskatzen digu eta bertan gauden eragile ezberdinen arteko koordinazio eta helburu partekatuak.