‘Elfkinak’ bihar iritsiko da EAEko aretoetara Zinema Euskaraz programaren barruan

‘Elfkinak’ bihar iritsiko da EAEko aretoetara Zinema Euskaraz programaren barruan

2021 Urtarrila 14

EAEko hamabi zinemak Zinema Euskaraz programak bultzatutako ‘Elfkinak’ filma estreinatuko dute bihartik aurrera. Ute Von Münchow-Pohl du zuzendari film honek. Haurrentzako animazioko pelikula alemaniarra da, eta duela 200 urte baino gehiagoko Koloniako kondaira ospetsua berreskuratzen du.

Zinema Euskaraz programaren barruan 2021ean estreinatuko den lehen filma da. Honekin, Zineuskadik jarraipena emango dio euskal ikus-entzunezkoen sektorea suspertzeko konpromisoari. Izan ere, kontuan izan behar dugu sektore honi COVID-19aren pandemiak gogor eragin diola. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak pelikulak bikoiztea bultzatzen du haur eta gazteentzat, eta euskara sustatzen du zinemagintzan. Hortaz, Zinema Euskaraz programak zinema-aretoetan normaltasuna berreskuratzen laguntzeko xedea du, familiei zuzendutako eduki erakargarria eskainiz.

Hurrengo zinema-aretoetan estreinatuko da filma: Principe (Donostia), Zugaza (Durango), Getxo, Gorbeia (Gasteiz), Niessen (Errenteria), Multicines 7 Bilbao, Coliseo Antzokia (Eibar) eta Golem Alhóndiga (Bilbo) zinemek bihar estreinatuko dute pelikula. Aldiz, urtarrilaren 23ko asteburuan Gurea Zinemara (Billabona) iritsiko da filma. Urtarrilaren 30eko asteburuan, berriz, Areria Zinema (Lazkao), Bastero (Andoain), Zelai Arizti (Zumarraga) eta Usurbe (Beasain) aretoetan aurkeztuko da, eta otsailean, Modelo Antzokian (Zarautz).

Era berean, datozen hilabeteetan publiko zabalari zuzendutako hainbat film edukiko ditugu ikusgai, eta, horien artean, dagoeneko aurreratu dezakegu hurrengo filma ‘Kranston Akademia: munstro eskola’ izango dela.

Sinopsia

200 urte baino gehiago daramatzate elfkinek lur azpian bizitzen, lurrazaleko mundutik ezkutatuta, eta gizakiekin inolako harremanik izan gabe. Halako batean, Elfie-k, Kipp-ek eta Buck-ek lurrazalera igotzea erabaki dute. Abentura askoren ondoren, Elfie txikia Teo gozogilearen lagun egingo da. Gizon erretxin samarra da Teo, baina berak gogoraraziko die elfkinei zein den beren bizitzako helburu nagusia: besteei laguntzea!