Abycine jaialdian ere protagonista izango da euskal zinema

Abycine jaialdian ere protagonista izango da euskal zinema

2024 Urria 15

Abycine, Albaceteko Nazioarteko Zinemaldia, urriaren 17tik 25era egingo da eta euskal presentzia nabarmena izango du bai jaialdian baita industria arloan ere.

Batetik, Abycine Presenta atalak ‘Marco’ proiektatuko du, Jon Garaño eta Aitor Arregiren azken filma. Eduard Fernandez eta Nathalie Poza protagonista dituen pelikula honek Enric Marcoren benetako istorioa aztertzen du, inoiz existitu ez zen deportatu bati buruzkoa. Honek, iritzi publikoaren eta bere familiaren aurrean, imajinatzea zaila den gezur bat mantentzea lortu zuen urteetan zehar: nazien kontzentrazio-esparru batean preso egon zela, hain zuzen. Aipatzekoa da Biennale di Venezia entzutetsuaren Orizzonti sailean mundu mailako estreinaldia bizi eta Donostiatik ere igaro ondoren, Zinema Akademiak Oscar sarietarako aurrez aukeratutako hiru filmetako bat izan zela.

Gipuzkoako hiriburutik Albacetera bidaiatuko duen beste film bat Raul de la Fuenteren ‘Los Williams’ da. Futbola bozgorailu gisa baliatuz, batez ere gazteengana eta haurrengana iristeko, Raul de la Fuentek eta Amaia Remirezek bi anai horien ibilbidea kontatzen digute mezu garrantzitsu bat helarazteko ideiarekin: mugak zabaldu behar dira, beste herrialdeetatik datozen pertsonak hartzeak eta balioesteak gure gizartea aberasten baitu.

Bestalde, Talentos Lanza atalean ‘Nina’ aurkituko dugu, Andrea Jaurrietaren azken film luzea. Pelikulak Malagako 27. Zinemaldian Kritikaren Saria jaso zuen eta Donostiako jaialdian parte hartu du. Hala, Estatuko ekoizpen aipagarrienetakoen artean kokatu da. Filmak 45 urteko emakume baten bizitza kontatzen du. Hazi zen kostaldeko herrira itzultzea erabakiko du, bere bizitza hondatu zuen eta orain herriak omentzen duen gizonaz mendekatzeko.

Abycine Cortos

Euskal presentzia nabarmena izango da film laburren artean. Alde batetik, sail honetan Izibene Oñederrak zuzendutako ‘Etorriko da (eta zure begiak izango ditu)’ film laburra ikusteko aukera egongo da. Pelikula horrek Annecyko Zinemaldiko sail ofizialean eta Zabaltegi – Tabakalera atalean parte hartu zuen Donostia Zinemaldiaren azken edizioan. Hondamendi egoeran dagoen komunitate txiki bateko biztanleek bizi dituzten bizi-baldintza desorekatuak islatzen ditu. Gainera, Kimuak Katalogoaren parte da.Etxepare Euskal Institutuak eta Zineuskadik bultzatutako ekimenak euskal film laburren sustapena eta zabalkundea du helburu.

Marta Etura, berriz, Mantxako herrira joango da zuzendari gisa gauzatu duen opera prima, ‘Lucía’, aurkeztera. Aktore eta zuzendari donostiarrak bertan erakutsiko du bere lana, Estatuko zein nazioarteko hainbat jaialditan parte hartu ondoren, eta duela gutxi Goya sarietako shortlist-ean aurre-hautatua izan ondoren. Film laburrak irauten dituen 15 minutuetan, Eturak norberaren defentsa-mekanismoei buruzko funtsezko hausnarketa egiten du.

Lanzan ere

Film luzeen garapenaren azken fasean dauden zuzendari eta ekoizle berriei tutoretza eta laguntza eskaintzen dien Noka Ekoizpena programaren azken modulua Abycine Lanza Jaialdiaren barruan egingo da. Abycine Lanza urriaren 15etik 18ra egingo da Abycine Festival jaialdiaren barruan.

Oraingo honetan, aukeratutako proiektuek, datorren asteazkenean, pitch bat egiteko aukera izango dute. Bertan, sektoreko profesional ugariren aurrean, Noka Ekoizpena programan zehar beren proiektuetan egindako aurrerapen guztiak erakutsiko dituzte. Nerea Castrok (zuzendaria) eta Gádor Camachok (ekoizlea) CSC Films ekoiztetxearen ‘Canción animal’ erakutsiko diete bertaratutakoei; Joana Moya Blancok (zuzendaria) eta Paloma Hernandezek (ekoizlea), berriz, UMMMren ‘La koreana’. Noka Ekoizpenak denbora, espazioa, testuingurua eta laguntza profesionala eskaini die zinegileei. Zineuskadik sustatu eta koordinatutako ekimena da, Tabakaleraren laguntzarekin.

Pitching horiek Impulso CMM Desarrollo atalean kokatzen dira, eta bertan Amaia Merinok, Aitor Merinok eta Ander Iriartek zuzendutako eta Mirokutanak ekoitzitako ‘Intxaurrondo’ ere aurkituko dugu. Film luze horren zuzendariek eta ekoizleek ez dute aurkezpen pitch bat egingo eta agenda propioa izango dute "one to one" bilerak egin ahal izateko, euren proiektuak garatzeko onuragarriak izango direlakoan.

‘Balearic’, WIP topaketan

Era berean, WIP Abycine Lanza atalak ere euskal presentzia izango du. Ion de Sosa zuzendari donostiarra topaketara joango da, edizio aurreratuan dagoen ‘Balearic’ film luzea definitzen jarraitzeko eta merkatuan osorik eta modu profesionalean aurkezteko. Apellaniz eta De Sosa, Jaibo Films, Umbracle Cine eta La Fábrica Nocturna Cinéma enpresek ekoitzitako proiektua da.