Film luzeen proiektuen azken fasean dauden zuzendariei eta ekoizle berriei tutoretza eta laguntza emateko Noka Ekoizpena programaren lehen modulua atzo egin zen Tabakaleran. Jardunaldian zehar, aukeratutako zuzendariek euren proiektuen aurkezpena egiteko aukera izan zuten. Hala, Zaira Zanguituk (zuzendaria) ‘Pajarracos’ erakutsi zuen, eta María Monrealek, berriz, ‘El santo que vestí’. Gainera, Laura Lizuma eta Margarita Rodriguez ekoizleek ere parte hartu zuten, eta programa osoan zehar proiektu horiei laguntza ematen egongo dira.
Topaketan, Mar Coll, Itsaso Arana, Chelo Loureiro eta Valerie Delpierre aholkulariek ez ezik, Sara de la Fuentek ere parte hartu zuen ekoizpen zatian laguntzeko, eta Katixa Agirrek gidoiak garatzeko. Aldi berean, Bea Setuainek dokumentalak egiteari buruzko ezagutzak partekatu zituen Zaira Zanguiturekin.
Bigarren topaketa maiatzean izango da eta parte-hartzaileek beren gidoien idazketan sakontzeko aukera izango dute, programa hasi aurretik aurkeztutako gidoietan hobetu beharreko alderdiak aztertuz. Era berean, ekoizleek proiektuetan sakonduko dute eta filmaketa planari, banaketari eta kokapenei buruzko klase teorikoa izango dute. Gainera, jardunaldia biribiltzeko, mentoretza bat izango dute zehazteko jasangarritasun-politikak nola inplementatu proiektuan, elkarrizketa inklusiboak lantzeko eta plangintzan ‘green’ irizpideak modu naturalean barneratzeko.
Noka Ekoizpenak denbora, espazioa, testuingurua eta laguntza profesionala eskainiko die zinegileei. Programaren helburuetako bat aurrekontu doituak osatzea da, Eusko Jaurlaritzaren eta ICAAren (Kultura Ministerioaren Zinema eta Ikus-entzunezkoen Institutua) zein nazioarteko industria zinematografikoko foro profesionalen laguntzak eskatze aldera. Gainera, parte-hartzaileek ekoizpena planifikatzeko laguntza jasoko dute, filmaketarekin hasi ahal izan daitezen. Prozesua amaitzeko, pitch profesional bat egingo dute Abycine Lanzan, zinema independenteko profesionalentzako erreferentziazko merkatuan. Hain zuzen ere, Noka Ekoizpenaren lehen edizioan parte hartu zuten bi proiektuek sari bana jaso zuten merkatu horretan. ‘Canción animal’ filmak ECAM Forum Saria irabazi zuen, eta ‘La Koreana’ lanak Porto Post Doc Saria. Gainera, azken hori Ikusmira Berriak programaren hamaikagarren edizioan aukeratu dute.