Abian da Noka Ekoizpenaren hirugarren edizioa, emakume zuzendari eta ekoizle hasiberrien film luzeak sustatzeko helburuarekin

Abian da Noka Ekoizpenaren hirugarren edizioa, emakume zuzendari eta ekoizle hasiberrien film luzeak sustatzeko helburuarekin

2026 Urtarrila 02

Bi edizio arrakastatsu burutu ondoren, Noka Ekoizpenak, Zineuskadik sustatutako eta koordinatutako zuzendari eta ekoizle hasiberrientzako laguntza-programak, 2026ko ediziorako izen-emate deialdia zabaldu du.

Egitasmoaren helburu nagusia da Euskadin, Nafarroan edo Iparraldean jaio edo bizi diren emakumezko zuzendari berrien film luzeen proiektuak gidatzea eta sustatzea. Garapenaren azken fasean edo aurreprodukzioaren hasieran egon behar dute, Estatuko ekoizle emergente baten eskutik. Era berean, Noka Ekoizpenak ekoizle parte-hartzaileen prestakuntza indartzea du xede, eta zuzendari lankideen gidoiaren gainean lan egingo dute.

Aurreko edizioetan bezala, programa bi lan-ildoren inguruan antolatuko da: gidoia bukatzea eta ekoizpena. Noka Ekoizpenak denbora, espazioa, testuingurua eta laguntza profesionala eskainiko die zinegileei. Programaren helburuetako bat aurrekontu doituak osatzea da, Eusko Jaurlaritzaren eta ICAAren (Kultura Ministerioaren Zinema eta Ikus-entzunezkoen Institutua) zein nazioarteko industria zinematografikoko foro profesionalen laguntzak eskatze aldera. Gainera, parte-hartzaileek ekoizpena planifikatzeko laguntza jasoko dute, filmaketarekin hasi ahal izan daitezen.

Prozesua, beste behin ere, pitch profesional batekin amaituko da Abycine Lanzan, zinema independenteko profesionalentzako erreferentziazko merkatuan.

Lau tutore arduratuko dira hautatutako bi proiektuen jarraipena egiteaz: Clara Lago eta Lina Badenes ekoizpenaren arloan, eta Liliana Torres eta Andrea Jaurrieta sorkuntzaren atalean. Modulu bakoitza emango duten profesionalak ad hoc aukeratuko dira, hautatutako proiektuen arabera.

Parte-hartzaileak eta egutegia

Noka Ekoizpena Euskadin, Nafarroan edo Iparraldean jaio edo bizi diren eta fikziozko edo ez-fikziozko film luzeen proiektuak esku artean dituzten emakume zuzendari berriei zuzenduta dago, lehen edo bigarren filmarekin ari direnei, hain zuzen ere. Horiez gain, Estatuko ekoiztetxe batean lanean ari diren edo euren kabuz arituko diren emakume ekoizleek ere parte hartuko dute formakuntzan.

Proiektuak jasotzeko deialdia zabalik egongo da 2026ko urtarrilaren 2tik otsailaren 6ra (12:00ak arte). 2026ko otsailaren 23an, aukeratutako bi proiektuen berri emango da, bai parte-hartzaileei zuzenean, bai Zineuskadiren webgunearen bidez.

Programaren lehen saio presentziala, Tabakaleraren laguntzarekin, 2026ko martxoaren 6an izango da, Tabakaleran bertan, Donostian.

Hirugarren edizio honetako hautaketa batzordea honako hauek osatuko dute: Andrea Jaurrieta eta Liliana Torres zuzendariek; Clara Lago eta Lina Badenes ekoizleek; Mercedes Selgas kostu-kontrolatzaileak; Isona Admetlla aholkularitza eta audientzia diseinatzaileak; Sara Hernández Tabakalerako ikus-entzunezko laborategiko koordinatzaileak; eta Mar Izquierdo Zineuskadiko koordinatzaile nagusiak.

Zineuskadi

Zineuskadiren helburu nagusia euskal ikus-entzunezkoen sektorea estrategikoki garatzen laguntzea da, dimentsio guztietan. Ildo horretan, enpresei eta profesionalei laguntza eskaintzen die, haien garapena eta hedapena errazteko Estatuan, Europan eta nazioartean. Gainera, arreta berezia jartzen du hizkuntza gutxituetan landutako ekoizpenetan, eta, bereziki, euskaraz egindakoetan.

 

Kontsultatu oinarriak