Bestelako formatuak:
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
3391
AGINDUA, 2014ko uztailaren 23koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, kultura sorkuntza bultzatzeko 2014. urtean diru-laguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egiten duena.
Arte eta kultura alorreko jarduerei loturiko eskumenak eta horien zabalkundeari dagozkionak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari dagozkio, horixe xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duenak.
Ildo horretan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak bere jardun-eremuetarako egotzita dauzkan ahalmenen barruan, eta gaur egungo gizartean sorkuntzaren sektoreak zenbaterako garrantzia daukan kontuan hartuta eta kultura bultzatzeak gizarteko kulturaren oparotasunari eta ekonomiari nola on egiten dion kontuan hartuta, interesgarri irudi zaigu aurrera jarraitzea lehen urratutako bide beretik, hau da, laguntzen jarraitzea antzerkigintzako testuak, zinemarako gidoiak eta musika-konposizioak sortzen dabiltzanei, diru-laguntzak emanez beren lana pizteko, bai euskarazko lanetarako eta bai gaztelaniazko lanetarako ere. Gure asmoa da antzezpen, ikus-entzun eta musikaren sektoreari indarra ematea eta errotzen laguntzea, gure herrian oso-oso garrantzitsuak direlako kulturaren aldetik.
Bestalde, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.5 eta 25. artikuluek xedatzen dutena bete beharrez, honako Agindu honetan hainbat neurri espezifiko txertatu ditugu sexuak eragindako ezberdinkeriak ezabatzeko edo gutxitzeko kultura sorkuntzaren esparruan, eta, aldi berean, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunaren V. Planean datorren 2.3.5 helburu operatiboa betetzeko, alegia, emakumeen presentzia handiagotzea kultur eta artegintzako ekoizpen eremuetan, arlo kultural guztietan eta maila guztietan.