Zineuskadik sustatzen duen Zinema Euskaraz programari esker, bihar, uztailak 29, Zipi eta Zape eta kapitainaren irla filma zinema aretoetara iritsiko da euskaraz. Estreinaldia ondorengo zinema aretoetan egingo da: Bilbon, Multicines eta Golem Alhondiga; Barakaldon, Colesio Max Ocio; Iruñan, Golem Morea; Getxon, Getxo Zinemak, Portgaleten, Dock Zinema; Errenterian, Niessen Zinema; Donostian, Principe Zinemak; Gasteizen, Florida eta Zumaian, Aita Mari.
Komikien munduko biki ospetsuenen abenturen bigarren atala Disneyek euskarazko bertsioan banatu duen azken pelikula da. Eusko Jaularitzak Zineuskadiren bitartez, Zinemaldiak, EZAEk eta EITBk indarrak batu dituzte haurrei zuzenduriko Estatu mailako filmik garrantzitsuena euskaraz proiektatzeko.
Zinema Euskaraz programak herritarren eskura euskal balio zinematografikoak sustatu, euskararen erabilera komunikazio kultural gisa erabili eta aisialdi arloan normalizazioa bultzatuko duen filma sorta jartzea du helburu. Zipi eta Zape eta kapitainaren irla aurten diruz laguntzen den zazpigarren filma da. Aurreko seiak Phantom Boy, Iparraldeko Norman, Egun handia, Oker, Tximinoen Erresuma eta Albert izan ziren.
Aurrestreinaldi arrakastatsua
Donostiako Principe Zinemak Zipi eta Zape eta kapitainaren irla filmaren aurrestreinaldiaren lekuko izan ziren pasa den astean. Teo Planell eta Toni Gomez, Zipiri eta Zaperi bizitza eman dieten aktoreak, eta Goizalde Nuñez, Arreba Enriquetaren interpretazioaz arduratu den aktorea, emanaldi honetan izan ziren, umeen begirada guztiak bereganatuz, zinema aretoko sarrerako photocallean beraiekin argazkiak ateraz. Aktoreekin batera bertan izan zen Oskar Santos zuzendaria.
Zinema aretoa lepo bete zuten 260 pertsonek film familiar honetaz gozatzeko aukera izan zuten. Barre algarek eta amaierako txalo sortek argi utzi zuten kritikoen eta gaztetxoenen azterketa bikain pasa duela.
Filma
Oskar Santosek zuzendutako filmak munduko biki ospetsuenen abenturaz gozatzeko aukera eskaintzen du. Eguberriak iritsi eta Zipik eta Zapek bazterrak nahastuko dituzte berriro. Baina oraingo honetan bihurrikeria hain handia izango da, beren gurasoek oporrik gabe zigortu eta aspergarria dirudien itsasontzi batean bidaia bat egitera derrigortuko dituztela. Euren ezusterako, ordea, irla ikusgarri eta urrun batera iritsiko dira. Ekaitz gogorrararen ondorioz, Pam andereño bitxiaren luxuzko etxean babestu beharko dira. Bertan, familiarik gabeko haurrek araurik gabeko paradisuaz gozatzen dute. Flequi, Maqui eta Pipi, lagun berriek lagunduta, euren gurasoen gau erdiko bat-bateko desagerpenak, irlak eta bertako biztanleek ezkutatzen duten sekretuarekin zerikusia dutela konturatuko dira.