"PAN: sekula betirako lurraldera bidaia", estreinaldia urriaren 9an

"PAN: sekula betirako lurraldera bidaia", estreinaldia urriaren 9an

2015 Urria 05

Zineuskadik sustatzen duen Zinema Euskaraz programari esker filmaren estreinaldian euskaraz ikusteko aukera izango da

Zineuskadik sustatzen duen Zinema Euskaraz ekimenari esker, datorren ostiralean, urriaren 9an, PAN: sekula betirako lurraldera bidaia animaziozko filma euskaraz ikusteko aukera izango da.

Hain zuzen, areto hauek eskainiko dute Peter Panen azken abentura: Golem Alhondiga (Bilbo), Getxo Cinema (Getxo), Golem La Morea (Iruñea), Principe (Donostia) eta Florida (Gasteiz).

Joe Wrightek zuzendutako pelikulak Peter (Levi Miller) 12 urteko mutil pikaro eta bihurriaren istorioa kontatzen du. Londresen bizi da, umezurtz-etxe goibel eta triste batean. Bizitza guztia bertan pasa ondoren, ezin sinetsiko gau batean bidaia zoragarria hasiko du fantasiaz beteriko mundura, Sekula Betira. Bertan, pirata, gerlari eta maitagarriekin abentura ugari biziko ditu, hil ala biziko konbateetan parte hartuko du, bere amak umezurtz-etxean zergatik utzi zuen deskubritzen saiatuko da, eta batez ere, lurralde magiko horretan bere tokia bilatzen ahaleginduko da. Tigre Lilitxo (Rooney Mara) gerlariaren eta ezagutu berri duen Kako-Oker Kapitainaren laguntzaz, Peterrek Bizarbeltz pirata bihotz-gabea garaitu beharko du Sekula Betiko lurraldea salbatu eta bere ametsa betetzeko: PAN izenez ezagutuko duten heroia bihurtzea.

Zinema Euskaraz programak diru-laguntzak ematen ditu filmak euskarara itzultzeko. Laguntza horren baitan kokatzen da PAN: sekula betirako lurraldera bidaia, 2015 urtean itzuli den zortzigarren filma. Aurrez, Marko Makako eta Karibeko primateak; Magiaren Etxea; The good son; Pixkanaka-pixkanaka; 7 ipotxa; Tom Txiki eta Asterix itzuli dira. Laguntza hauen xedea filmak euskaraz ikusteko ohitura sustatzea da, eta bide batez, aisialdian euskararen normalizazioan eragitea.