Zineuskadik sustatzen duen Zinema Euskaraz programari esker, datorren ostiralean, urriak 14, Ozzy filma zinema aretoetara iritsiko da euskaraz. Hain zuzen, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako zortzi aretotan ikusteko aukera izango da.
Hauxe da zerrenda: Derio (Gure Aretoa), Durango (Zugaza), Getxo (Zinemak), Iruñea (La Morea), Bilbo (Multis), Gasteiz (Florida), Donostia (Antiguo Berri) eta Errenteria (Niessen).
Alberto Rodriguezek eta Nacho La Casak zuzendutako filmari euskarazko ahotsa ondorengo pertsonek jarri diete: Asier Hormaza, Julen Agirrezabala, Miren Arabanburu, Aitor Gabilondo, Kepa Cueto, Kandido Uranga, Iñaki Beraetxe eta Mañu Elizondo.
Pelikulak Ozzy untxariaren kontakizuna du abiapuntu. Ozzyren familiak Japoniara bidaiatuko du eta, ondorioz, beren maskota txakurrentzako bainuetxe batean utzi beharko dute. Baina bainuetxea ez da luxuzko txakurrentzako hotela, errealitatean, Blue Creek bat da, kartzela moduko bat. Kale txakurrez gainezka dagoen eremu horretan indartsuenak agintzen du. Bertan bizirauteko, Ozzyk bere lagun berrien laguntza izango du, Chester, Fronky eta Doc. Helburua, onik ateratzea izango dute.
Zinema Euskaraz programak herritarren eskura euskal balio zinematografikoak sustatu, euskararen erabilera komunikazio kultural gisa erabili eta aisialdi arloan normalizazioa bultzatuko duen filma sorta jartzea du helburu. Ozzy aurten diruz laguntzen den hamahirugarren filma da. Aurreko hamabiak, Laban, Zikoinak, Printze Txikia, Phantom Boy, Iparraldeko Norman, Egun handia, Oker, Tximinoen Erresuma, Zipi eta Zape eta Kapitainaren irla, K2. Zeru ukitzen, Mustang eta Albert izan ziren.