Aurreko urteko Oscar Sarietan Hungaria ordezkatu zuen János Szász zuzendariaren Koaderno handia filmak, Karlovy Varyko Zinemaldian bi sari nagusi lortu zituen (Crystal Globe pelikula hoberenari saria eta Label Europa Cinemas saria) eta La Rochelle, Toronto edota Sevillako nazioarteko zinema jaialdietan hartu zuen parte.
Agota Kristofen (1935-2011) idazle hungariarren trilogiaren lehen liburuaren egokitzapen ilun eta astingarri honetan bi anaia biki, Claus eta Lucas, indarrez heldu beharko dira gerra garaian beren amak, gatazkaren izugarrikeriengatik etsita, landara eramaten dituenean, amonaren etxera. Ikusten duten guztia libreta batean apuntatuko dute. Idazteko garaian kode zorrotz bati eutsiko diote: prosa zehatza izango da eta emoziorik gabekoa.
30 hizkuntza baino gehiagotara itzulia dago eleberria, euskara tartean, eta orain Filmazpit programako parte bihurtzen da bere bertsio zinematografikoa. Aipatzekoa ere, Filmazpiti esker, Cameo banatzaileak argitaratutako filmaren edizio komertzialean ere euskarazko azpidatziak aurki daitezkela beste hizkuntzen artean.
Filmazpit, Eusko Jaurlaritzak Zineuskadiren bitartez finantzatu eta Donostiako Zinemaldia, Euskadiko Filmategia eta Tabakalerarekin Donostia Kulturak 2011 urtetik kudeatzen duen euskarazko azpitituludun zinema zabaltzeko programa da.
Programaren informazio osoa, filmen katalogoa eta kontaktua www.filmazpit.eu webgunean.