"FRIENDS"  animazio film japoniarra euskaraz zinema aretoetan

"FRIENDS" animazio film japoniarra euskaraz zinema aretoetan

2014 Urria 23

Ostiralean, urriaren 24an, iritsiko da euskal aretoetara Friends.Abentura munstroen uhartean luzemetraia ZINEUSKADI Elkarteak kudeatzen duen Zinema Euskaraz programari esker.

Friends: Mononokeshima no Naki (Friends: Naki on the Monster Island) ostiralean estreinatuko da, eta hemen, Friends. Abentura munstroen uhartean izenpean ikusi ahal izango dugu euskaraz. Oraingoz areto hauetan estreinatuko da: Cinesa Artea, Cinesa Max Ocio, Cinesa Zubiarte, Cinesa Urbil y Niessen Zinemak, baina ondoren zirkuitua haundituko du. Takashi Yamazaki zuzendariaren lanak film onenaren izendapena jaso zuen 2013an Japan Academy Awards-en eskutik.

 

Itsas zabalean, lainopean, ba omen da munstro-familia bat bizi den uharte misteriotsu bat. Erabat debekatuta dago bertara hurbiltzea. Behin, ordea, Kotake izeneko gizaki-mutiko bat uhartera bertaratu zen eta ustekabean izaki misteriotsu batzuekin egin zuen topo. Kotakeren etorrerak izua zabaldu zuen uhartean, izan ere, gizakiek egundoko izu-ikara eragiten baitzieten uharteko munstroei. Hori zela eta, Naki suminkorraren ardurapean utzi zuten mutikoa. Hasieran, Naki eta Kotake ez ziren bata bestearekin ondo moldatzen, baina elkarrekin denbora igaro ahala, azkenean lotura hautsiezina eratu zen bien artean. Bi horiek gorabehera, ezinezkoa zen gizakiak eta munstroak elkarrekin bizitzea eta agur esateko une tristeak noizbait iritsi behar zuen. Hala ere, bien arteko adiskidantza gailenduko ote zaio munstroak eta gizakiak ezin direla elkarren adiskide izan dioen tabuari?

 

Zinema Euskaraz

 ZINEUSKADI Elkarteak kudeatzen duen Zinema Euskaraz programaren helburua herritarren eskura balio zinematografikoak sustatuko dituen, euskararen erabilera komunikazio kultural gisa erabiliko duen zein aisialdi arloan normalizazioa bultzatuko duen film sorta bat jartzea da.