Sanna Lenken zuzendariak pantaila handian ezohikoa den elikadura arazoen gaia jorratzen du Nire ahizpa perfektua (Min lilla syster, 2015) bere aurreneko film luzean. Bere aldetik, François Ruffin kazetari eta zuzendariak Robin Hood moderno paperak hartu eta Frantziako gizonik aberatsenaren negozio eztabaidagarriak aireratzen ditu Eskerrik asko, ugazaba! (Merci patron!, 2015) filmean.
Elikadura arazoak ugariak eta larriak dira kultura garaikide unibertsalean. Suedian, esaterako, emakumeen %10ak nolabaiteko elikadura arazoak izan ditu. Portzentai antzekoa da Europa nahiz Ameriketako Estatu Batuetako hainbat lurraldeetan. Honek esan nahi du herrialde hauetan biztanleriaren parte handi batek arazoarekin zeharkako edo zuzeneko erlazioa izan duela. Sanna Lenken suediar idazle eta zuzendariak, gaur egun neska gazte bezala haztea eta zarenagatik beharrean besteek ikusten zaituzten moduagatik epaitua izateak zer esan nahi duen ikertu nahi izan du Nire ahizpa perfektua filmean. Rebecka Josephson zoragarri dago Stellaren paperean, bere ahizpa patinatzaile ospetsu Katjak (Amy Deasismont) elikadura arazo bat duela konturatzen den nerabea. Anorexiarekin izan zuen esperientzia pertsonaletik edanaz, Lenkenek bikain aztertzen du bi ahizpak harrapatuta dituen intimitate eta alienazio sare gatazkatsua.
Francois Ruffinen Eskerrik asko, ugazaba! aurrekontu txikiarekin eta Michael Moore estiloan egindako filma da. Ruffinek, Bernard Arnault Frantziako enpresari handiak urteetan zehar eginiko zalantzazko negozioak erakusten ditu filmean Klur familiaren kasuan fokua jarriz. Serge eta Jocelyne Klurek Frantzia iparraldean lan egiten zuten Arnaulten inperioaren parte den Kenzo fabrika batean ekoizpen kostua merkatzeko fabrikazioa kanpora atera zuten arte. Ordutik langabezian, Ruffinek ezagutzen dituenean eguneko hiru eurorekin bizi dira. Sentimentaltasunean erori ordez Ruffinek Klur familiari laguntzea erabakitzen du eta elkarrekin abiatzen dira euren miseria ekonomikotik aterako dituen konponketa baten bila.
Nire ahizpa perfektua filmak hainbat jaialditan parte hartu du eta honako sari nahiz aipamenak jaso ditu: 27th Galway Film Fleadhen (Opera Prima Hoberena), Cannes Zinemaldian (Écrans Juniors), Berlinaleren 65. edizioan (Crystal Bear Generation – Aipamen berezia), Göteborgo Film Festivalen (Ikuslearen Saria Filma Nordiko Hoberenari), European FF XVI (Gidoi Onenari Saria, FIPRESCI Sari Berezia, Publikoaren Sari Berezia… Eskerrik asko, ugazaba! filmak, aldiz, jaso duen saririk hoberena Frantzian izan duen 500.000tik gorako ikusle kopurua izan da zalantzarik gabe.
Lan hauek gehitu ondoren, Filmazpit katalogoak film sorta eklektiko ederra jartzen du interesa duten programatzaile eta eragile kulturalen eskura kosturik gabe proiekzioak antolatu ditzaten. Film guztiak jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin eskaintzen dira.
Filmazpit, Eusko Jaurlaritzak Zineuskadiren bidez finantzatu eta Donostiako Zinemaldiarekin eta Euskadiko Filmategiarekin batera Donostia Kulturak 2011. urtetik kudeatzen duen euskarazko azpitituludun zinema zabaltzeko xedea duen programa da.
Programaren informazio osoa, filmen katalogoa eta kontaktua Filmazpiten webgunean aurki daiteke.