"Ballerina" ostiralean estreinatuko da euskaraz

"Ballerina" ostiralean estreinatuko da euskaraz

2017 Urtarrila 25

Bihar, osteguna, aurrestreinaldia egingo da EITBren Bilboko egoitzan

Zineuskadik sustatzen duen Zinema Euskaraz programari esker, datorren ostiralean, urtarrilak 27, Ballerina filma zinema aretoetara iritsiko da euskaraz. Aurten, Zinema Euskaraz programaren baitan estreinatuko den bigarren pelikula bilakatuko da. Hain zuzen Bizkaiko, Gipuzkoako, Arabako eta Nafarroako zazpi zinema aretotan ikusteko aukera izango da.

Hauxe da zerrenda: Iruñea (Golem La Morea) Bilbo (Multis eta Golem Alhondiga), Portugalete (Dock), Gasteiz (Florida), Errenteria (Niessen) eta Donostia (Antiguo Berri). Halaber, asteburuan, Barakaldon (Yelmo Megapark), Eibarren (Coliseo) eta Durangon (Zugaza) pelikulaz gozatzeko aukera izango da.

Eric Summeren eta Eric Warinen filma azken urteotan Europan egin den animaziozko korpodukzio handienetakoa da eta orain arte estreinatu den herrialdeetan izugarrizko arrakasta izan du. Kontakizunak amets bakarra duen neskatila baten istorioa du jomuga, Felicia, neskatila umerzurtz bat, ausarta eta dantzari bilakatu nahi duena. Ametsa egi bihurtzeko bidean Victorren, bere adiskidearen, laguntza izango du. Gazte asmatzaileak eta biak abentura ziraragarriak biziko dituzte Parisko hiriburu magikoan.

Zinema Euskaraz programak gogoz ekin dio 2017ari, eta Ballerina, aurten diruz laguntzen duen bigarren filma da. Aurrekoa, duela bi aste estreinatu zen, ORM Elurretako Erresuman (The Snow Queen 2). Eta datorrena, otsailaren 10ean estreinatuko da, Batman Lego filma.

Aurrestreinaldia

Bihar, osteguna, filmaren aurrestreinaldia eskainiko da EITBren Bilboko egoitzako MultiBox aretoan. HIRU3 komunitateko kideak eta gainerako gaztetxoak gonbidatzen dira proiekziora. Hara joateko, HIRU3 komunitateko webgunean, aldez aurretik, sarrera eskatuta izatea beharrezkoa izango da.