Zineuskadik sustatzen duen Zinema Euskaraz programari esker, datorren ostiralean, abenduak 16, Axel, heroi txikia filma zinema aretoetara iritsiko da euskaraz. Hain zuzen, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako zazpi zinema aretotan ikusteko aukera izango da.
Hauxe da zerrenda: Durango (Zugaza), Bilbao (Multis), Lekeitio (Ikusgarri), Gasteiz (Florida), Portugalete (Dock), Uharte (Itaroa) eta Donostia (Printzipe).
Leo Leek idatzitako eta zuzendutako filmak, Kakahuete Planeta jasaten ari den lehorte larria du abiapuntu. Ur gabeziak Bonta kaktusari eragiten dio, planetako biztanleak urtetan zehar elikatu dituen landareari. Hori horrela, Baraboo, desertuan kokatuta dagoen hiria, aldaketa klimatikoaren ondorio lazgarriak pairatzen ari da bereziki.
Axel, Barabooko gazte zalapartaria da. Egun batean, Bontas basoak hiria salbatuko duenaren ametsaldia izango du eta Bontas basora bidaiatzea erabakiko du, Jono bere lagun lotsatiarekin batera. Iman Beltza Bailarako harri flotatzaileen bitartez egiten duen bidaian zehar arrisku handiekin egingo dute topo, baina lagunak ere egingo dituzte, Pootron izeneko ostruka erraldoia esaterako, zeina bere lagun leiala bilakatuko den. Bere buruari benetako heroi bat dela erakusteko, ordea, Axelek Musker Erregeari egin beharko dio aurre. Musker Erregeak Bonta basoko landare guztiak bere menpe izatea eskatuko du Gaga printzesa askatzearen truke.
Zinema Euskaraz programak herritarren eskura euskal balio zinematografikoak sustatu, euskararen erabilera komunikazio kultural gisa erabili eta aisialdi arloan normalizazioa bultzatuko duen filma sorta jartzea du helburu. Axel, heroi txikia aurten diruz laguntzen den hamalaugarren filma da. Aurreko hamahiruak, Laban, Zikoinak, Printze Txikia, Phantom Boy, Iparraldeko Norman, Egun handia, Oker, Tximinoen Erresuma, Zipi eta Zape eta Kapitainaren irla, K2. Zeru ukitzen, Mustang, Albert eta Ozzy izan ziren.