Zinema Euskaraz programak ostiral honetan ekingo dio edizio berriari zinema-aretoetan estreinatuko den ‘Yuku eta Himalaiako lorea’ filmarekin. Arnaud Demuynckek eta Rémi Durinek zuzendutako film belgikarra da, eta publiko guztiarentzat da egokia.
Zineuskadik sustatuta, Zinema Euskaraz programaren barruan aurten estreinatuko den lehen filma da. Euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzeko konpromisoa berresten jarraitu nahi du ekimenak. Euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzeko konpromisoari helduz, haur eta gazteei zuzendutako pelikulen bikoizketa bultzatzen du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak, eta euskara sustatzen du zinemagintzan.
Sinopsia
Munduko mendi garaienen tontorretan bizi da eguzki-argi garbienaz elikatzen den landarea… Himalaiako lorea. Yuku sagutxoa, familia atzean utzita, betiereko argia duen lore horren bila abiatuko da bere amamari eskaintzeko, ohean gaixo dago eta. Amonak laster joateko asmoa du sator itsuaren atzetik, Lurreko tuneletan barrena. Baina lorea aurkitzeko, Yukuk oztopoz betetako bidea gainditu beharko du: gaztelu azpiko estolda-arratoien eremu beldurgarria zeharkatu beharko du, bele anker eta gosetien belardia, denak galtzen diren baso sorgindua, eta batez ere… otsoak zaintzen duen Ikararen Zubia! Bidaian zehar, ordea, bere musika eta kantuei esker, Yukuk lagun asko egingo ditu. Eurak dira bizitzaren abenturan arrakasta izateko euskarririk onena.
Filma bihartik aurrera proiektatuko da Sade, Getxo Zinemak, Golem Alhóndiga, Golem La Morea, Gorbeia eta Niessen Errenteria zine-aretoetan eta, aurrerago, Beasainen, Lazkaon eta Zarautzen.
Halaber, datozen hilabeteetan, Zinema Euskaraz programaren barruan, beste film batzuk ere izango ditugu. Horien artean, datorren otsailean ‘Momias’ pelikula iritsiko da zine-aretoetara; eta martxoan ‘Four Enchanted Sisters’.