“Sortzaileok ezin dugu miraririk egin; ez bada behar adina diru inbertitzen, ezin dira kalitatezko lanak gauzatu”

“Sortzaileok ezin dugu miraririk egin; ez bada behar adina diru inbertitzen, ezin dira kalitatezko lanak gauzatu”

2021 Iraila 01

'Hondar ahoak' telesaila azkenaldian euskal ikus-entzunezkoen artean arrakasta gehien izan duten lanetariko bat da. Koldo Almandoz zuzendariarekin hitz egin dugu bere lehen telesailean lan egitearen esperientziaz eta esku artean dituen hurrengo proiektuez; besteak beste, Netflix plataformarako 'Intimidad' lana.
 
Zineuskadi: Nola aurkeztuko zenuke ‘Hondar ahoak’?
Koldo Almandoz: Euskal Herriko kostaldean kokatzen den telesail laburra da. Suspense generoa gurera ekarri dugu, eta gure nortasuna edo idiosinkrasia proiektuan islatzen saiatu gara. Arrantza portu batean patroi bat desagertu egiten da eta Nerea García inspektore bilbotarra bidaltzen dute, bertako ertzain baten laguntzarekin, desagerpena ikertzera. Bertan jabetuko da ezer ez dela dirudiena. 
 
Zineuskadi: Nola sortu zen lan hau egiteko ideia?
Koldo Almandoz: Aspalditik nuen horrelako film bat egiteko asmoa. Hasierako ideia erradikalagoa zen, baina EiTB-k telesailak egiteko deialdia atera zuenean, ideia hura oinarritzat hartuz, telesail labur honen proposamena aurkeztu genuen. Hortik aurrera telebista-katearekin hitz egin eta proiektua aurrera eramatea erabaki genuen.  
 
Zineuskadi: Telesail bat egiten duzun lehenengo aldia da hau. Aldaketa handia sumatu al duzu lan egiterako orduan?
Koldo Almandoz: Bai, denborak eta erritmoak oso ezberdinak dira. Gure asmoa beti izan da telesaila hizkuntza zinematografikoan oinarritzea. Azken finean, pelikula moduko bat egin nahi genuen, zinemaren estetika eta baliabideak erabilita, baina ez genuen ez aurrekonturik ez denborarik. 
 
Zineuskadi: Erronka polita izan al da?
Koldo Almandoz: Bai, ongi atera delako eta asko ikasi dudalako. Baina zalantza asko genituen, ez baikenekien baliabide horiekin zer egiteko gai izango ginen. Argi genuen kalitatezko zerbait landu nahi genuela eta, gauzak gaizki aterako balira, ez genukeela aitzakiarik jarriko. Emaitzarekin gustura gaude, baina kontuan izan behar dugu esku artean genuen film proiektua aurrera atera ez zelako egin genuela telesaila. Ikus-entzunezkoak kontsumitzeko era aldatzen ari da, eta egun askoz ere zailagoa da pelikula bat aurrera ateratzea.  
 
Zineuskadi: Nola bizi duzue lanak izan duen harrera?
Koldo Almandoz: Oso gustura gaude. Baliabideak oso ondo finkatu genituen eta, horregatik, apustua ondo atera zen. Hilabete baten buruan telesail guztia filmatu genuen, baina hori astakeria da, lan estrategia bat ezin da horretan oinarritu. Proiektua burutzeko gai izan ginen aurretik lan asko egin genuelako, hasi baino lehen gauzak ondo lotu genituelako gero azkar filmatzeko. Pozik gaude, baina badakigu hau ezin dela errepikatu eta emaitza onak lortzeko beste baliabide eta interes batzuk behar direla. 
 
EiTB-k aurrekontu bat jarri zuen, horrekin ez daukat inolako arazorik, baina horrelako produktu bat lortzeko aurrekontu hori ez da nahikoa. Kalitatezko edukiak eskatzen dira, baina sortzaileok ezin ditugu mirariak egin. Diru nahikoa inbertitzen ez baduzu, edukia diru horren araberakoa izango da. 
 
Kritika eta autokritika da niretzat gakoa. Administrazioak eta EiTB-k apustu serioagoa egin beharko lukete kalitatezko proiektuen alde. Kritikoak izan behar dugu ¨denok garelako¨ eta ordaintzen dugulako EiTB. Bestalde, ikus-entzunezkoaren industria dago. Ohituegia urteetan aldatu ez den dinamika batetara. Nolabait esatearren, 10 jaso baina horietatik 5 bakarrik gastatzen badira ekoizpenak gauzatzen, ezinezkoa da kalitatezko jauzirik egitea. 
Horri gehitu behar diogu ikusleok ere askotan kalitatea eskatu bai baina edozein gauzarekin konformatzen garela, eduki horrek gure munduaren ikuspegia azpimarratzen badu batez ere.
Eta amaitzeko, egileok ere autokritika egin beharko genuke, ze ohituegiak gaude instituzio eta komunikabideetatik talentuz soberan gaudela entzuten, eta ez da egia.
 
Zineuskadi: Orain beste zuzendari batzuekin ‘Intimidad’ telesaila egiten ari zara. Zer kontatu diezagukezu honen inguruan? 
Koldo Almandoz: Txintxua Films-ek Netflix plataformarentzat ekoizten ari den telesaila da. Batez ere Bilbo inguruan ari gara filmatzen, eta norberaren intimitatearen inguruan hitz egiten du. Oso telesail korala da; protagonista guztiak emakumeak dira, aktore on eta ezagunak, gainera. Momentu jakin batean, pertsonai baten bideo pribatu bat azaltzen da eta horrek eragiten duen guztia jasotzen du telesailak. Filmatzen ari gara orain.
 
Zineuskadi: Nola bizi duzu beste zuzendari batzuekin lan egitea?
Koldo Almandoz: Bakoitzak bere kapitulua egiten du; beraz, askatasuna badugu, baina proiektuaren mesedetan lan egiteko kolaboratu behar dugu. Oinarri estetikoak finkatzen dira hasieran eta, hortaz, zuzendariok egiletza galdu eta talde teknikoaren zati bihurtzen gara. Eta horretaz asko gozatzen ari naiz. Norberak bere kapituluaren zalantzak eta ideiak planteatzen ditu, baina azken hitza arduradunek dute. Hala ere, zuzendari bakoitza bere ukitua ematen saiatzen da, ahal duen heinean.
 
Zineuskadi: Txintxua Films-ekin beste lanik ba al duzu esku artean? 
Koldo Almandoz: Orain telesailaren filmaketan nabil buru-belarri. Hala ere, badaukat beste proiektu bat idatzita eta garapen prozesuan: film bat, hain zuzen. Zuzendariok askotan ditugu proiektuak esku artean, baina aurrera aterako direla ziurtatu arte ezin gara horietaz bizi. Azken urteotan gertatzen ari dena da geroz eta jende gehiago bizi dela zinemaz, baina horietatik geroz eta gutxiago direla zinegileak. Programatzaileak, jaialdi zuzendariak, egitasmo instituzionalak… mediazioan eta erakusketan esfortzua egiten da ikusgarritasuna ematen duelako, baina sortzaileok zailtasun handiagoak ditugu ekoizpenak garatzeko. Ni proiektu bat lantzen banabil ere, hura gauzatzeko bidea luzea da. Zoritxarrez, posible da bizpahiru urte pasatzea proiektu bat idazten eta garatzen eta gero gauzatzeko aukerarik ez izan eta tonto aurpegiarekin geratzea. Nik hori kiroltasunez onartzen dut, baina zine munduko itxurakeria gehiago kostatzen zait.
 
Argazkia: Jorge Fuembuena