‘Solo son peces’, saharar erresistentziari buruzko filma

‘Solo son peces’, saharar erresistentziari buruzko filma

2021 Martxoa 03

Saharar errefuxiatuentzako kanpamentuetan kokatutako arrain-haztegi batean lan egiten duten hiru emakumeren istorioa aurkezten digu 'Solo son peces' filmak. Zuzendarietako bat, Ana Serna,elkarrizketatu dugu, proiektua gertutik ezagutu eta Dokumental Labur Onenaren Goya sarirako jasotako izendapenari buruz hitz egiteko.

Zineuskadi: Zorionak Goya sarietarako izendapenarengatik!
Ana Serna: Eskerrik asko! Egia esan, oso pozik gaude. Gainera, komunikabideek filmarekiko interesa izan dute eta asko pozten gaitu hain harrera ona duela ikusteak. Eskertzekoa da, kanpalekuenegoera jende gehiagori ezagutarazteko aukera ematen digulako.

Zineuskadi: Zer lantzen du ‘Solo son peces’ film laburrak?
Ana Serna: Teslem, Dehba eta Jadija emakumeak aurkezten dizkigu. Aljeriaren hegoaldean, Hamada basamortuaren erdian, kokatutako saharar errefuxiatuen kanpamentuetan lan egiten dute, arrain-haztegi batean. Udan 50 gradu zentigradutara iritsi daitezke, eta egiturak puskatzen dituzten haize boladak ere badituzte. Dokumentalean emakumeak lanean ikusten ditugu, baina Saharako herria kanpalekuetan gauzatzen ari den erresistentziaren metafora ere bada, baita mendebaldeko Saharako uretan arrainak edukita horiek hazi behar izatearen metafora ere. Errefuxiatu-egoeraz ere hitz egiten dugu arrainen (tilapeak) bidez, haiek ere “errefuxiatuak” baitira. Hau da, Nilon dute jatorria, Egipton, eta espero ez zuten lekuetan daude, askatasunez igeri egiteko aukerarik gabe.

Zineuskadi: Arrainen eta errefuxiatuen arteko paralelismoa egiten duzue, beraz.
Ana Serna: Hori da. Mendebaldeko Saharak duen egoera geopolitikoa ere hor dago. Arrantzatu ezin dituzten arrainak,sahararuretan daudenak, Europarrok arrantzatzeko baimena dugu nazioarteko akordioei esker. Aldarrikapen gisa ere balio du filmak.

Zineuskadi: Nola sortu da film labur hau? Nola ezagutu zenuten istorioa?
Ana Serna: Arabako SEADen Lagunen Elkarteak denbora asko darama gizartea kanpalekuen egoerarekin sentsibilizatzeko lanean, eta gurekin elkartu aurreko urtean Saharaz Blai izeneko proiektua abiarazi zuten. Euskal Herriko eta kanpamentuetako pertsonek parte hartu zuten Elena Molina zuzendariak koordinatutako proiektuaren prestaketan: film labur bat egin zuten, 'Laatash' izenekoa, eta interneten dagoikusgai; oso gomendagarria da. Hurrengo urtean guregana etorri ziren, prozesu bera jarraitzeko eta proiektu hau koordinatzeko. Elkarteak duen onena da oso ondo ulertzen duela zinemak gauzak eraldatzeko duen ahalmena, baita narrazio- eta sormen-gaitasuna ere. Prozesua irekita utziz gero urrunago iritsi daitekeela ulertzen dute, eta kasu honetan premisa bakarra uraren kudeaketaz hitz egitea zen.

Elkarrizketa batean entzun genuen arrain-haztegi bat inauguratu berri zutela, eta pentsatu genuen uraren kudeaketaz hitz egiteko bikaina izan zitekeela. Lehen bidaian kanpalekuetako zine eskolarekin batera lanean jarri ginen gidoiaren lehenengo pausuak emateko. Prozesu horretan, istorioa idatzi genuen, hango zein hemengo lagunekin, eta bigarren bidaian grabatu genuen.

Zineuskadi: Filmaketa bertako hizkuntzan egin zen, ezta?
Ana Serna: Hala da, hassanieran hitz egiten dute. Lankideekin gaztelaniaz aritzen ginen, eta hiru nesketatik batek ere bazekiengaztelaniaz. Zine eskolako irakasleetako batekegiten zituen itzultzaile lanak, eta laguntza eta zuzendaritza zereginetan ere aritzen zen. Elkarrizketak hassanía hizkuntzan grabatu genituen, eta aldibereko itzulpena egiten ziguten.

Zineuskadi: Filmazioan zailtasun asko aurkitu zenituzten?
Ana Serna: Gobernuari dagokionez, ez. Egia esan, proiektuak haien egoera ikusarazten laguntzen badu, baliabide asko jartzen dituzte zure eskura, eta, beraz, baimenei dagokienez ez zegoen inolako arazorik. Guretzat kanpamentuetan filmatzea berria zen, eta Saharako lagunekin geundelako egin ahal izan genuen. Ikusi genuen denboraren kontzeptu oso desberdina dutela han; gauzek ez dute presarik, eta horri esker daramatzate hainbeste urte erresistitzen. Guretik hurbilago dagoen kontzeptua balute, ziurrenik prozesuadesberdina izango litzateke.

Bestalde, gu joan ginen garaian, apirilean, bero egiten hasia zen, eta, beraz, ordu jakin batzuetan baino ezin genuen filmatu: egunsentian eta ilunabarrean, kanpoan, etatarteko orduetan, barnealdean, baina ez denbora luzez, kamerak itzali egiten zirelako. Faktore asko hartu behar ziren kontuan, eta, beraz, bertako kideen aholkularitza behar genuen etengabe.

Zineuskadi: Beraz, tokikoen laguntza ezinbestekoa izan zen proiektua aurrera eramateko.
Ana Serna: Zalantzarik gabe. Kontuan izan behar da guretzat kultura-talka handia zegoela. Hizkuntza ez da dena;hangokideen laguntzarik gabe,ez ginateke desberdintasun kulturala gainditzeko gai izango.

Zineuskadi: Filma mugak gainditzearen eta biziraupenaren adibide gisa ikus dezakegu?
Ana Serna: Bai, guk horrela ikusi genuen. Proiektua ezagutzerakoan hiru protagonistei galdetu genien ea istorioa konta genezakeen? Seriotasunez begiratu eta galdetu ziguten ea osagai politikorik izango ote zuen. Erantzutearen beldur ginen, ez genekielako haien asmoazein zen, bainaondoren adierazi ziguten osagai politikorik gabe ez zutela egingo. Oso argi geratu zitzaigun euren egunerokotasuna politikaz beteta dagoela. Arrain-haztegia ere beren erresistentziaren sinbolo da.

Zineuskadi: Zer ibilbide egitea pentsatu duzue film laburrarekin?
Ana Serna: Freak Agentzia lagun izan dugu, eta jaialdien zirkuitua amaitzen ari gara. Interneten irekian partekatzeko asmoa dugu, Filmin plataforman egoteaz gain.

Zineuskadi: Egun, beste zein proiektutan ari zarete lanean?
Ana Serna: Al Borde Films-en hainbat proiektu ditugu esku artean. Bata, 'Hondarrak' film laburra da eta finantziazio bila gabiltza; bestea, CEAR Euskadirekin egiten ari garen dokumental luzea, mugei eta erbesteari buruzkoa. Horrez gain, beste bi labur ere baditugu: 'Lanbroa',banaketa prozesuan, eta 'Beleak', postprodukzioan. Beste era bateko bideo korporatibo eta sozialak ere egiten ditugu.