“Lan honek ikusleen kontzientziak astinduko ditu; argi eta garbi erakusten du justiziak hutsune oso nabariak dituela”

“Lan honek ikusleen kontzientziak astinduko ditu; argi eta garbi erakusten du justiziak hutsune oso nabariak dituela”

2021 Uztaila 02

'Altsasu (Gau hura!)’ dokumentalak, DocsBarcelona jaialdian aurkeztu ondoren, espainiar Estatuko zein nazioarteko jaialdietan ibilbidea egingo du. Gentzane Martínez de Osaba ekoizlearekin hitz egin dugu azken lan honetaz eta Marmoka Films ekoiztetxean lantzen ari diren hurrengo proiektuez.

Zineuskadi: Zer aurkezten digu ‘Altsasu (Gau hura!)’ dokumentalak?

Gentzane Martínez de Osaba: ‘Altsasu (Gau hura!)’ 2016ko urriaren 15eko gauean gertatutakoari buruzko dokumentala da, baina bereziki ondorengo hiru urteetan gertatutakoari buruzkoa. Hiru protagonista daude eta beraiekin bizi dugu prozesu guztia; gertaeren gauetik gaur eguneraino. Kontakizuna kazetaritza-ikuspegitik  egiten da: komunikabideetan nola kontatu zen, zer nolako tratamendua eman zioten… baina hiru urte horietan egin dugun jarraipenari esker badauka ikuspuntu pertsonalagoa ere, eta guk uste dugu horrek egiten duela lan hau desberdin. Izatez, denok dakigu zer gertatu zen, baina gehienek horrek zein eragin izan dituen ez dakigu.

Zineuskadi: Gertatutakoaren errealitatea gerturatzen dio ikusleei…

Gentzane Martínez de Osaba: Hori da. Lanak hainbat zati ditu: gertatu zena eta lehen epaiketa egin arteko 100 egunak aurkezten dizkigu hasieran, eta ondoren epaiketa publikoa erakusten digu. Bertan aztertzen ditugu aurkeztutako frogak: zergatik batzuk onartu ziren eta beste batzuk ez, zer gertatu zen… Ikusleei informazio guztia ematen diegu euren iritzia landu dezaten. Dokumentalaren azken zatian erakusten dugu epaiketatik hona gertatu dena: Altsasu Gurasoak oraindik borrokan jarraitzen dute eta Europara joko dute. Batzuek, dagoeneko, hirugarren gradua daukate eta kalean daude, baina beste batzuek oraindik kartzelan jarraitzen dute.

Zineuskadi: Lan luzea izan da; lau urte, informazio asko…

Gentzane Martínez de Osaba: Bai. Egia esan, gu ez gara egon hasieratik proiektuan. Hasiera hasieratik, Marc Parramon eta Amets Arzallus, zuzendariak, egon dira. Haiek biak egon dira hiru urteotan jarraipen guztia egiten. Ekoizleak geroago sartu gara. Material pila dugu; ez soilik grabatutakoa, baita artxiboko materiala, komunikabideetan agertutakoa, artxibo pertsonalak…  Oso prozesu aberasgarri eta luzea izan da. Proiektua bi zuzendariek gidatu dute, baina talde lan bat izan da. Egia esan, material interesgarri asko kanpoan utzi behar izan dugu.

Zineuskadi: Nola erabaki zenuten proiektu honetan sartzea?

Gentzane Martínez de Osaba: Zineuskadik bultzatutako ekimen batekin Edinburgora joan ginen euskal zinema bertan ezagutarazteko, haiekin harremanak sortzeko eta koprodukzioak bultzatzeko, eta bertan ezagutu genuen Isona Passola, Masso D’or Produccions ekoiztetxekoa. Hark esan zigun Marc-ek proiektu hau egiteko asmoa zuela eta euskal ekoiztetxe baten laguntza behar zuela. Amets euskalduna denez eta hau Nafarroan gertatu zenez, oso interesgarria iruditu zitzaigun eta baiezkoa eman genion. Guretzat oso lan interesgarria zen.

Zineuskadi: Crowdfunding kanpaina bat ere hasi zenuten finantzazioa lortzeko. Zaila izan al zen helburua lortzea? Zein erantzun jaso zenuten?

Gentzane Martínez de Osaba: Ez zen lan erraza izan, crowdfunding kanpaina baten atzean lan asko dagoelako, baina egia da jendeak guk uste baino arinago erantzun zuela. 40 egun ezarri genituen helburua lortzeko, eta 15-20 egunetan bete genuen. Egia esan, izugarria izan da. Jende askok idatzi digu horrelako gauzak egin behar direla esanez. Azken finean, gai eztabaidatsua da eta ez zaio jende guztiari gustatuko.

Zineuskadi: Nahiko gai polemikoa izan da bai hemen bai hemendik kanpo ere. Arazorik edo trabarik topatu al duzue dokumentala egiterako orduan?

Gentzane Martínez de Osaba: Momentuz, behintzat, ez. Egia da oraindik dokumentala soilik DocsBarcelonan aurkeztu dugula; orain hasiko gara jaialdietara joaten. Alderantziz, orain arte jendearen berotasuna topatu dugu. Gainera, garrantzitsua da azpimarratzea proiektu honen atzean jende asko egon dela laguntzen. Altsasuko jendea denak emanda egon da; euren bizitzetan eta etxeetan sartu gara, beraiekin egin dugu lo… eta hori oso garrantzitsua izan da ekoizpen hau aurrera eramateko. Beren laguntzarik gabe, ezinezkoa izango litzateke.

Zineuskadi: Nola bizi zenuten DocsBarcelonan egindako aurkezpena?

Gentzane Martínez de Osaba: Oso ondo joan zen. Aretoa ia beteta zegoen eta jaso genituen feedback guztiak, bai jaialdiko jendearena bai ingurukoena ere, oso onak izan ziren. Pozik zeuden eta oso hunkigarria izan zen. Egia da bertan ere Altsasuko jendea bazegoela eta horrek ere emozio kutsu bat eman ziola. Nire ustez, edozein pertsona identifikatu daiteke protagonistaren batekin. Edonork gertutik sentitu dezake haiek bizitakoa.

Zineuskadi: Ametsek aurkezpenean botatako bertsoan adierazi zuenenez, dokumentalaren helburua jendearen kontzientzian arrastoa uztea da. Lortuko duzuela uste al duzue?

Gentzane Martínez de Osaba: Nik uste baietz, ikuspuntu berri bat aurkezten dugulako, protagonistekin bizitzen dugulako prozesu guztia eta egiaztatzen dugulako justiziak badituela bere akatsak eta hutsuneak. Zoritxarrez, oraindik badaude oso bidegabeak diren ekintzak, eta kasu honetan agerian gelditzen dira. Esate baterako, epaiketan badaude onartzen ez dituzten frogak: adibide bat jartzearren, gau horretan grabatutako bideo bakarra dago, eta hura ez da froga gisa onartu azkeneko epaiketara arte.

Bai, kontzientziak astinduko dira, argi eta garbi ikusten baita hutsune horiek oso nabariak direla; bide asko dago egiteke. Halaber, lana gustatuko ez zaion jendea egongo da, edo haserretuko dena. Gu oso modu “objektiboan” lan egiten saiatu gara, nahiz eta soilik alde baten ikuspuntua izan.

Zineuskadi:  Orain zein ibilbide egin nahi duzue lanarekin?

Gentzane Martínez de Osaba: Gure lehenengo helburua da filma kanpoan ikustea. Orain jaialdien ibilbidea dator, eta badakigu hemen ez dugula arazorik edukiko eta dokumentala aurkezteko aukera izango dugula. Beraz, nazioarteko jaialdietara eramatea da gure xede nagusienetariko bat. Hainbat jaialditatik idatzi digute lana ezagutu nahi dutela esateko, eta ikusi ondoren erabakiko dute hitzordu horietan aurkeztuko duten edo ez. Gero, zinema-aretoetara joateko aukera badago, bikain, eta bestela beste zirkuitu txikiago batzuetan mugituko dugu. Halaber, bai EiTB-ek bai Televisió de Catalunya-k eskubideak erosi dituzte; beraz, aurrerago telebistan ikusteko aukera izango da. Normalean jarraitzen den ibilbidea egingo dugu.

Zineuskadi: Zein proiektu dituzue orain esku artean?

Gentzane Martínez de Osaba: Beti ditugu proiektuak fase ezberdinetan. Gaur egun, Iratxe Fresnedaren ‘Tetuan’ proiektua ekoizten ari gara, eta irailean hasiko dugu grabaketa. Orain finantzazio-iturri guztiak lotzen gabiltza eta oso ondo goaz. ‘5 minutu’ izeneko proiektu bat ere badugu, Amaia Nerekan-ek zuzendua. Dokumental txikiago bat da eta azkeneko ukituak egiten ari gara. Zuzendariaren begirada oso pertsonala erakusten digu. Euroeskualdearen laguntzarekin, ‘In-Flux’ izeneko koprodukzio bat ere egiten ari gara Frantziarekin. Hau telesailaren bigarren denboraldia da eta hurrengo urterako hirugarren bat gauzatzea aurreikusita dago.