The Screenen parte hartzeko aukeratuak izan ondoren, ‘20.000 especies de abejas’ filmari buruz hitz egingo dugu Estibaliz Urresola Solaguren zuzendariarekin eta Lara Izagirre ekoizlearekin. Beraiekin, proiektuaren egoeraz eta etorkizunari begira dituzten proiektuez mintzatu gara.
ZINEUSKADI: Nola sortu zen ideia?
Estibaliz Urresola (E.U.): Ni Gariza Filmsek antolatutako arte-egoitza bat hasten ari nintzen, ‘Una habitación propia’ izenekoa, dokumental bat garatzeko asmoz. Baina Ekairen suizidioa ezagutu genuen, Ondarroako mutiko transgeneroarena, eta ikaragarri hunkitu ninduen. Egun arraroak bizi izan nituen, batez ere, haren aitak hedabideetan idatzi zuen gutuna irakurri nuenean. Naizen elkartearekin harremanetan jartzera animatu nintzen, lehen Chrysallis Euskal Herria zena, eta niretzat ezezaguna zen errealitate horretan sartu nintzen. Larari galdetu nion ea egoitzan egiten ari ginen proiektuaren norabidea pixka bat aldatu genezakeen, semearen transexualitatea bizi behar duen familia baten istoriora moldatzeko. Ez da Ekairen historian oinarritutako lana; izan ere, originala da, baina oso oinarritua dago elkarteko guraso askorekin izan ditudan kontakizunetan eta elkarrizketetan. Nire lanetan, fikzioa egiten dudanean, asko dokumentatzen naiz, eta, dokumentalak egiten ditudanean, fikziozko tresna asko erabiltzen ditut istorioak kontatzeko.
Zein izan zen Gariza Filmsek abentura honetan murgiltzea erabakitzeko gakoa?
Lara Izagirre (L.I.): Arte-egoitzaren helburua emakumeek sortutako proiektuak aktibatzea zen. Hasieran ez zegoen erabakita proiektu horiek ekoitziko genituenik, egia baita azkenean ekoiztetxe txikia garela eta proiektu gutxi egiten ditugula. Erabakia geroago iritsi zen. Estik gidoi-bertsio batekin amaitu zuen egoitza, eta, gero, berak bakarrik garatu du urte eta erdian. La Incubadorara aurkezteko berriro elkartu ginen. Aukera hori oparia iruditzen zait niri, estatu mailan onena dela uste baitut. Gemmak proiektuarekin benetan ari ginen ala ez jakiteko azken elkarrizketa egin zigunean, jainkoaren seinale gisa hartu nuen. Oso zaila da bertan hautatua izatea: 200 proiektu edo gehiago aurkezten dira, eta bost baino ez dituzte aukeratzen. Gu Gariza Filmsen bi aldiz geratu ginen finalista. Oraingoan interes handiagoa zegoela ikusi nuen, azken elkarrizketa horretara ez baiginen inoiz iritsi, eta hartu egingo gintuztela pentsatu nuen. Estiri esan nion hori izan zitekeela nire lehen filma ekoizle nagusi bezala.
Esti, bere garaian aitortu zenuen ‘20.000 especies de abejas’ «ez dela soilik haur-transexualitateari buruzko filma izango. Harago doala». Zer ekarri du film luze honek?
E. U.: Iruditzen zait haurren transexualitateari buruzko film gehienak lehen pertsonatik kontatuta daudela, pertsonaiaren jarraipen gisa. Zintzo jokatu nahi nuen, halaber, errealitate horren aurrean dudan jarrerarekin; izan ere, nik ez dut bizi izan ez lehen pertsonan ez hurbileko kasu batean, eta sentitzen dut asko lotzen naizela familiako gainerakoek senti dezaketen emozio horrekin. Horregatik, asko interesatzen zitzaidan hori islatzea; ez dut alde batera uzten pertsonaia nagusietako bat, Lucia, neskato transexual hau, baina funtsezkoa iruditzen zitzaidan familiako gainerako kideek egiten duen bidaia pixka bat erakustea. Transexualitatea gure identitatearekin loturiko gaia da beti; garena bezala onartuak eta maitatuak izateko beharrarekin erlazionatuta dago. Azken batean, horixe bera gerta dakieke familiako gainerako kideei, eta familian benetan zer diren onartzen ez duten bitartean, bakardadea sentituko dute. Hor berdintzen gaitu istorio honek; esan nahi dut ez duela soilik transexualitatearen gaian jartzen arreta, azken finean, nortasun baten bilaketan eta familian duen onarpenean jartzen du. Azkenean, denak elkarrekin lotuta daude, eta batek abiarazten dituen mugimenduek gainerakoei ere eragiten diete.
Nola garatzen ari da filma? Zer oztopo eta erraztasun aurkitu dituzue bidean?
L.I.: Hasieratik interesa sortzen duen proiektua da, eta aurkezten den tokietan laguntza jasotzen ari da. Eusko Jaurlaritzak, La Incubadorak, DAMAk, Nokak, Zineuskadik... laguntza eman digute. Proiektua garapen fasean dago, sasoi betean. Guretzat, ekoiztetxe gisa, plazera da hain sendoa den eta interes handia sortzen duen lan batean parte hartzea. Gidoiaren azken bertsioa izatetik hurbil gaude, eta uste dugu 2022an filmatzen hasiko garela. Nik uste dut oso indartsu, oso ondo prestatuta, iristeko denbora emango digula; konfiantza handia dut.
E.U.: Duela bi urte eta erdi inguru hasi zen proiektu honen ernamuina, eta harrezkero aldaketa asko jasan ditugu. Egoitza artistikoarekin konfiantza handiz abiatu nintzen, babes handia sentitu nuelako. Gero, ateratzen zarenean, bakarrik geratzen zara eta proiektua garatzen jarraitzen baduzu, gau ilunetan murgiltzen zara eta beldur guztiak azaleratzen zaizkizu. Ni ere aspalditik ari nintzen ekoizpen-etxea sortzeko aukeran pentsatzen, eta garai hartan Noka programara ere aurkeztu nintzen. Han hautatu ninduten, eta sei hilabetez hainbat aholkularitza izan nituen, bai gidoiaren eta zuzendaritzaren, bai ekoizpenaren eta banaketaren esparrukoak. 2019. urtean erabaki nuen ekoiztetxea muntatzea, horrek dakartzan pozarekin eta beldurrekin. Ondoren, Arabako Foru Aldundiaren garapenerako laguntza lortu nuen, eta hori ere konfiantza-bulkada bat izan zen proiektuan lanean jarraitzeko. Denbora horri esker, azkenean The Screeni aurkeztu genion bertsioa idatzi ahal izan nuen, eta harekin hautatu gintuzten. Denbora horretan oztopo asko gaindituditut, baina, Larak esan duenez, laguntza asko ere aurkitu dugu, eta horiek gabe ezin izango genuke aurrera jarraitu.
Zer suposatu du zuentzat The Screenen hautatua izanak?
L.I.: Nik oso itxaropen handia nuen, eta, egia esan, aurreikuspenak gainditzen ari dira. Master profesional bat bezalakoa da; industria ulertzeko azken urratsa ematen laguntzen dit. Aholkulariek asko dakite eta, gainera, eskuzabalak dira, informazio asko partekatzen baitute. Oso garrantzitsua dadenetatik ikasten ari naizelako, bai proiektuarentzat, bai niretzat. Inflexio-puntu bat bezalakoa da. Aukeratu gintuztela jakin genuenean, Leire Apellanizi deitu nion, aurreko urtean bera egon baitzen, eta oparia dela esan zidan, aprobetxatu behar dugula. Horrekin gelditzen naiz, La Incubadora niretzat eta proiektuarentzat oparia izan delako.
E.U.: Nire kasuan ere inflexio-puntua izan zen: bakarrik nengoen Sirimi Filmsen proiektuarekin eta ondoren Gariza Filmsen laguntza jaso eta inoiz baino hurbilago nengoela sentitu nuen. Gainera, oso polita da aukeratu diren gainerako proiektuak ezagutzea, nahiz eta egun bakarra izan elkarrekin egoteko. Hain zuzen ere, horixe zen gehien espero nuen saioetako bat; iritzia eman, gogoeta egin eta gure kideen gidoiak aztertu ahal izan genituen. Oso interesgarria izan zen, bakoitzak zure lana nola ikusten duen ezagutzen duzulako; oso aberasgarria da. Ana Sanz Magallonek saioa dinamizatu zuen eta ederra izan zen. Era berean, onartu behar da komunikabideen garrantzia handia dela; izan ere, hautatu gintuztenetik, komunikabideekin elkarrizketa mordoa izaten ari gara, baita ekoizleen deiak ere, proiektuaren egoeraz galdegiteko.
Sandra Tapia, Pablo Berger, Neús Ballús, Nacho Vigalondo, Emma Lustres eta Marisa Fernández Armenteros bezalako aholkularien esperientzia izan duzue. Nola egin duzue aurrera COVID-19ak utzi digun testuinguruan?
L.I.: Gure produkzioko aholkularia Emma Lustres da, eta uste dut hark ematen digun gauzarik interesgarriena ikuspegi guztiz desberdina dela, begirada pixka bat zabaltzeko balio duena. Ikusten duzu dena ez dela zuk uste duzun bezalakoa. Gidoi bera irakurrita oso proiektu desberdinak ikus daitezke. Ikaskuntza oso garrantzitsua da. Berak duen begirada hori oso interesgarria da. Esperientzia guztia, kontatzen diguna, ematen dizkigun aholkuak ere, oso erabilgarriak dira.
E.U.: Harrapatu gaituen krisiaren zigor handienetako bat da beste era batera lan egitera behartu gaituela; izan ere, eskolak online egin behar direnez, galdu egiten da networkinga, eskaintzen zitzaigun gauzarik baliotsu eta garrantzitsuenetariko bat. Oso interesgarriak iruditzen zaizkigu aholkulari gisa jarri dizkiguten bi profil ezberdinak; izan ere, Emma Lustres formatu batzuetatik dator, eta ez dute zerikusirik Neús Ballusek zuzendari gisa lan egiten duen formatuarekin. Gure proiektuari buruz bi ikuspegi horiek izateak iritzi eta ikuspuntu ugari ematen dizkigu gidoi bera egiteko. Testatzeko ere balio du, nik neuk gauza batzuk berretsi eta beste batzuk baztertzen ditut.
Ikusten duzue etorkizuneko koprodukzioak lortzeko ateak irekitzen zaizkizuela?
E.U.: Hasteko, beste koprodukzio-foro batzuetarako sarbidea duzu, non agian harreman berri horiek aurkituko dituzun. La Incubadorak beste merkatu eta foro batzuekin hitzarmenak ditu, eta horietan egotea oso interesgarria da guretzat. Agian hemen egoteagatik hobeto prestatuta iritsi gaitezke eta hobeto aprobetxa ditzakegu.
L.I.: Nik uste dut industriaren barruan kokatzen zaituela. Haiek aukeratutako proiektuetako bat gara, eta, beraz, lehenengo ediziotik lana ondo egiten ari direnez, ekoizleek arreta berezia jartzen diete lan horiei. Garrantzitsua da bertara iristea, fokuan egotea oso zaila baita. Orduan bai, uste dut aukera gehiago izango ditugula, edo berdinak, baina azkarrago iritsiko direla.
Zure kasuan, Lara, nola uztartzen dira ‘Nora’ bezalako proiektu baten zuzendari eta gidoilari lana eta film honetan egindakoa?
L.I.: Dena ondo borobildu dugula uste dut. ‘Nora’ filma ia amaitu dugu; iazko udan grabatu genuen, zorionez. Eta orduan ondo konbinatu daiteke, orain lan gehiena Estirena baita, guztia idazten eta garatzen ari delako. Oraindik ez gara gure alderdirik indartsuenetako batean sartu, finantzaketa bilatzen, adibidez. Hori nire filma estreinatu ondoren egingo dugu. Gainera, ekoiztetxean daude Itxaso Espinal eta Garazi Elorza ere, eta guztion artean ondo antola gaitezke laguntzeko. Oraingoz ez dago arazorik; une batzuetan lan-fluxu handiagoa izango dugu, baina ondo kontrolatzea espero dugu.
Zer urrats eman behar ditu orain filmak?
E.U.: Logikoena gidoia bukatzea izango litzateke eta Eusko Jaurlaritzaren garapenerako laguntza eskuratzea. Horrek aukera emango liguke kokapenak bilatzeko eta castinga egiteko; eta hori izango da gauzarik zailenetako bat, hilabete askoluzatu baitaiteke. Ondo neurtu behar dugu noiz hasi bilatzen eta filmatzen, 7 urteko neskatila baten bila gabiltzalako.
Nola eragin dio COVID– 19ak filmaren garapenari?
L.I.: Nik uste dut, oro har, zalantza gehiago sortu zaizkigula ikus-entzunezkoen etorkizunari buruz, baita proiektuari buruz ere. Baina lanean jarraitzen dugu; gero ez dakigu gauzak nolakoak izango diren, diru-laguntzei, filmazioei eta abarri dagokienez.
E.U.: Kezkagarria da; izan ere, horrelako zerbait bizi dugun lehen aldia denez, ez dakigu nola eragin dezakeen. Beharbada, zinemaren erabateko berrasmakuntza baten atarian gaude. Horrek kezka sortzen dit.
Beste proiekturen bat duzu esku artean?
L.I.: ‘Nora’ nire bigarren filmarekin gabiltza eta berri gutxi ditugu. COVID-19ak badu eragina, inork ez baitaki zer gertatuko den. Beste une batean estreinaldia izango genuke, zenbat aretotan emango genukeen jakingo genuke… baina orain etenaldia dago. Donostia Zinemaldian estreinatu nahiko genuke, eta nire ustez hala gertatuko da, baina ez dakigu nola. Argi daukat zinema-aretoetara joan nahiko nukeela; niretzat sakrifizio handia izango litzateke plataformetara zuzenean joan behar izatea,aretoetan gozatzeko filma dela uste baitut. Lanarekin oso pozik gaude, jasotzen ditugun iritziak onak izaten ari dira eta produktu ona dugula uste dugu. Industriako jendeak aktoreak oso ondo daudela esan dit, Ane Picaza aktorea aurkikuntza bat izan dela; eta horrek oso zoriontsu egiten nau.
E.U.: Sirimiri Filmsekin lehenengo laburra ekoitzi dut, nire laugarren lana, ‘Polvo somos’ izenekoa. Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren laguntza izan dut eta itxialdia amaitu baino astebete lehenago amaitu genuen grabaketa. Niretzat, ekoizle jaioberri naizen aldetik, lasaitasun une bat izan zen. Bestela, film laburraren aurre-produkzio lan guztia jasanezina izango litzateke. Orain, postprodukzioa pixkanaka berraktibatzen ari gara. Klara Badiola, Itziar Aizpuru, Jone Laspiur eta Goize Blanco izango ditugu gurekin, eta, horiekin, asteburu zorigaitzeko baina, aldi berean, atsegina bizi duten lau emakumeren familia baten erretratua egingo dut.