“Kongresuaren antolaketa erronka bat izan da, baina baita lan ona egiten ari garenaren seinale”

“Kongresuaren antolaketa erronka bat izan da, baina baita lan ona egiten ari garenaren seinale”

2022 Urria 10

Gaurtik hasita eta datorren ostegunera arte, CILECT Zinema eta Telebistako Eskolen Nazioarteko Elkartearen kongresua egingo da Victoria Eugenia Antzokian. Ekitaldiaren antolakuntzaz ESCIVI Zinema eta Bideo Eskola arduratu da, eta erronka garrantzitsua izan da, baita aukera bikaina ere nazioartean  ospea lortzen jarraitzeko. Erronka horri nola aurre egin dioten jakiteko, Tanya Van Daele ikasketa-buru eta topaketaren antolakuntza-arduradunarekin hitz egin dugu.

Zineuskadi: Zertan datza CILECT kongresua?

Tanya: CILECTen nazioarteko kongresua aipatutako elkarteko kide diren zinema eskolak batzen dituen ekitaldia da. Mundu osotik etorritako parte-hartzaileen artean Parisko La Fémis edo New Yorkeko TISCH daude, besteak beste. Hainbat erakundetako 175 ordezkarik parte hartuko dute, teknologia berriek dakartzaten irakaskuntza-erronka berriei buruzko jardunbide egokiak partekatzeko, ikus-entzunezkoen arloko irakaskuntzaren ikuspegitik.
 

Lau egun izango dira, eta parte-hartzaileek interes orokorreko hitzaldiez gozatu ahal izango dute, baina baita gai zehatzagoei buruzko hitzaldi espezializatuagoez ere.
 

Zineuskadi: Nola sentitu zineten antolakuntzaren arduradun hautatu zintuztetenean?

Tanya: Oso pozgarria izan zen. Ez gara erakunde handia, eta gure proiektua lehen aipatutakoak bezalako campus eta eskolen mailan dagoela ikusteak ohartarazten gaitu gauzak ondo egiten ari garela. Aipatu behar da ESCIVIren hautagaitza Batzar Orokorrak onartu zuela aurkako botorik gabe.

Zineuskadi: Erronka garrantzitsua da, ezta?

Tanya: Oso garrantzitsua. Ekitaldi honek lagunduko digu gure eskola mundu mailan kokatzen eta egiten dugun lanaren bidez ezagutarazten. Aldi berean, erronka honek nazioarteko proiektu gehiagotan parte hartzeko aukera emango digu, hala nola ikasleen mobilizazioetan edo ikus-entzunezko lanen koprodukzioan.

Zineuskadi: Nola egin diozue aurre?

Tanya: Eskola txikia izanik, geure burua berrasmatu behar izan dugu erronka horri aurre egin ahal izateko; nire kasuan, adibidez, ikasketa-burutik ekitaldien antolatzaile izatera pasatu naiz, eta, taldeko gainerako kideekin berdina gertatu da, irakasleak diseinatzaile bihurtu dira, etab. Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiet Donostiako Turismo Sailari, Zineuskadiri eta Antzokiari, bertako langileei, eta baita eskolako irakasleei eta ikasleei ere.

Zineuskadi: Aurten, gai nagusia ikus-entzunezko irakaskuntza-metodologia berriak dira. Zein alderdi azpimarratzen ditu bereziki programazioak?

Tanya: Programazioaren helburua da ikus-entzunezkoetako irakasleek eta, oro har, irakasle guztiek aukera berriei buruz dituzten kezkak argitzea, hala nola ikaskuntza autogestionatua, online ikaskuntza, ikasgelan teknologia berriak erabiltzearen ondoriozko arazoak, irakasleen eguneratze teknologikoa, etab.

Zineuskadi: Zeintzuk dira jarduera garrantzitsuenak?

Tanya: Programazioak alderdi ezberdinak jorratzen ditu eta ondorengo hauek dira hitzaldi garrantzitsuenak:

  • ‘Tecnología y humanidad 4.0.’, Jorge Arevalo Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako sailburuordeak eskainia.
  • ‘Futuros parpadeantes: un nuevo enfoque para preparar a los estudiantes para conectar sus películas con el cine. Audiencias del futuro’, Sue Maslin AOrem, Australiako RMIT Unibertsitateko Hedabide eta Komunikazio Eskolako irakasle laguntzailearen, eskutik.
  •  ‘EQA: angustia de calidad existencial: el panorama cambiante y desafiante de la enseñanza en educación artística superior’, Paula Crabtree Stockholmeko Arteen Unibertsitateko sailburuordeak eta Anthony Dean Erresuma Batuko Winchester Unibertsitateko Arte Eszenikoetako irakasle emerituak eskainia.
  • ‘Cómo gestionar los retos y las oportunidades’, Diego Antoñanzas hizlari ezagunren eskutik.
  • ‘Prácticas docentes inclusivas: cuestionando los supuestos culturales’, Mariana Freijomil Seoane Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakasleakeskainia.


Zineuskadi: Nortzuk parte har dezakete kongresuan?

Tanya: Interesa duten pertsona guztientzat zabalik dago, baina CILECT elkarteko kide ez den erakunde gisa parte hartzeko sarrera 700 eurokoa da.