“Hemendik kanpo euskal musikagile askoren lana goraipatzen ari dira, eta ez dakit kontziente garen lortu dugun mailaz”

“Hemendik kanpo euskal musikagile askoren lana goraipatzen ari dira, eta ez dakit kontziente garen lortu dugun mailaz”

2021 Maiatza 27

Este sábado, 29 de mayo, se fallan los Premios Quirino de la Animación Iberoamericana, en los que Joseba Beristain opta al de Mejor Diseño de Sonido y Música Original de Obra de Animación Iberioamericana por su labor en ‘Loop’ (de Pablo Polledri, producido por UniKo). Charlamos con el cineasta y músico azkoitiarra sobre este último proyecto y sobre la situación del sector.

Zineuskadi: Ezagutzen ez duenarentzat, nola aurkeztuko zenioke ‘Loop’?

Joseba Beristain: Zortzi minutuko animaziozko film labur mutua da. Bertan, egunerokotasunean kateatuta dauden pertsonak agertzen dira eta horietako bi hortik ihes egiten saiatzen dira. Nolabaiteko metafora bat da. Pertsona bakoitzak gizartean rol jakina dauka eta errepikatu egiten du denbora osoan. Orduan, kontatzen dena da bikotearentzako eta gizartearentzako zer suposatzen duen hori aldatzen saiatzeak. Oso modu estetikoan kontatuta dago, eta soinua eta musika oso garrantzitsuak dira. Errepikakortasuna ez da bakarrik marrazkien bidez ikusten, soinuarekin ere lortzen da, eta soinuaren musikaltasunarekin jolasten dugu.

Zineuskadi: Film labur mutua izateak zure lanari garrantzia berezia ematen dio, ezta?

Joseba Beristain: Bai, guztiz. Gainera, nik, normalean, musika bakarrik egiten dut, baina kasu honetan, oso loturik zeudenez,soinua ere landu dut. Askoz ere indar gehiago hartzen du filmak musika eta soinuarekin ikusita. Irudiarekin bakarrik ulertzen da, baina pixka bat motz gelditzen da.

Zineuskadi: Horrelako lan bat proposatzen dizutenean, zeintzuk dira ematen dituzun lehenengo pausoak?

Joseba Beristain: Normalean gidoia bidaltzen didate, edo muntaia bat, eta animazioa bada, animatika.  Oso animazio eskematikoa bidaltzen didate ulertzeko nondik nora doan nahi dutena. Nire lana horren esentzia ulertzen saiatzea da; gaia, protagonistak, kontzeptuak… Istorioari mami guztia ateratzen saiatzen naiz. Geroago erabakitzen dut mami horretatik zerk eduki beharko lukeen musika eta zerk ez. Ondoren musika non joan beharko litzatekeen eta eraldaketak non egon beharko liratekeen ere begiratzen dut. Adibidez, pertsonaia batentzako musika bada, berak aldaketak jasaten dituenean, musikak ere izan behar ditu. Halaber, gidoi musikal bat egiten dut ikusteko musikak nola lagundu dezakeen istorioa kontatzen. Hori prest dudanean, zuzendariarekin hitzartzen dut dena. Normalean zuzendariak sonoritate bat izaten du buruan, gustuko dituen film edo telesailena, besteak beste. Dena argi dudanean hasten naiz musika konposatzen. Niretzako soinu-banda bat egitea, hasieran, kontakizun prozesu bat da. Film laburren kasuan, normalean, ez da hainbeste garatzeko aukerarik egoten.

Zineuskadi: Kasu honetan, zuzendaria argentinarra izanik, gauzak zailagoak izan dira?

Joseba Beristain: Ez, ez da zailagoa izan ze biok elkarrekin egoteko ordutegia topatu genuen. Kasu honetan, ‘Loop’ iterazio bat da, eta melodia motz bat sortu genuen errepikapen hori identifikatzeko. Film laburrak hasieratik bukaerara mantentzen du erritmoa, eta horretarako lau notako melodia bat landu behar izan genuen. Gero horrekin jolastu genuen, batzuetan etenak eginez, bestetan tango estiloan jarriz, baita biolinekin ere… Kasu honetan zailtasuna zen ez nuela tarte asko aldaketak egiteko. Beste lan batzuetan musika uneoro berdina bada aspergarria izan daiteke, baina hemen, errepikapena erakutsi nahi genuenez, ezin ziren aldaketa asko egin. Pablok ideiak oso argi zituen oso erritmo markatuak nahi zituelako. Sonoritatea lortzea ere kostatu zitzaigun.

Zineuskadi: Lan honekin Quirino sarietarako izendatu zaituzte. Nola izan zenuen honen berri?

Joseba Beristain: Kalean nengoen eta streaming bidez ikusi ahal izan nuen. Poz handia eman zidan, Latinoamerika mailan dauden sari nagusietakoak baitira Quirino Sariak. 265 lan aurkeztu dira eta horietatik hiru izendatu dituzte, eta bat gurea izatea oso polita da.

Zineuskadi: Nola hasi zinen ikus-entzunezko lanetarako musika egiten?

Joseba Beristain: Nire aita argazkilaria da eta txikitatik izan dugu irudiarekin harremana. Nerabezaroan munduko gauzarik ederrena niretzat zinema zen, eta beno, oraindik ere bada. Gainera, banuen musikarako trebetasuna, baina nire burua beti ikus-entzunezkoetara bideratzen zen. Orain, atzera begiratuz, konturatu naiz musika izan dela zinemara hurbiltzeko nire modua. Zentzu batean nire burua zinegile bezala ikusten dut, ez hainbeste musikari bezala. Musika imajinatzen dudanean beti da ikus-entzunezkoen munduan. Gustatuko litzaidake egunen batean zuzendari bezala zerbait egitea.

Zineuskadi: Norbaiten lanean jartzen al duzu arreta? Erreferentziazko norbait baduzu?

Joseba Beristain: Asko ditut, ez baitzait soilik estilo bat gustatzen. Orokorrean saiatzen naiz soinu banda asko entzuten. Konturatu naiz inguruan dauden musika taldeez deskonektatuta nagoela. Lehen banekien zein talde zeuden, zein estilo jotzen zuten… Baina orain, jendearekin hizketan ohartu naiz nerabezaroan beste bizitasun batekin entzuten nuela musika, beste interes batekin. Esango nuke garai hartan entzundakoak direla eragin nabarmenena dutenak niretzako. John Williams, Alan Ailvestri, Mike Oldfield, Michalen Nyman, James Horner , David Arnold eta geroago James Newton Howard, Pascal Gaigne edota Fernando Velazquez bezalako musikagileen lanak entzuten nituen. Garai hartan bagaje musikal handia izatea lortu nuen, nire ustez, horrek eragina zuen niregan.

Zineuskadi: Zinemagintzarako euskal musikagileen kasuan, badirudi geroz eta garrantzia gehiago hartzen ari dela zuen lanak. Nola ikusten duzu zuk?

Joseba Beristain: Bai. Pascal Gaignek urte asko daramatza soinu-bandak egiten, baita Fernando Velazquezekere… Musikagile asko daude orain lanean: Alberto Iglesias, Bingen Mendizabal, Koldo Uriarte, Angel Illarramendi, Arantzazu Calleka, Maite Arroitajauregi… eta aipatzen ez ditudan asko ere. Badago maila handiko jende asko hemen. Adibidez, niretzako nabarmenak izan dira bai Pascalen lanak eta bai Fernandorenak. Bakoitzak bere sortzeko era du, bai musika egiteko modua bai lan egitekoa.

Iruditzen zait Euskal Herrian ikus-entzunezko mailan momentu on batean gaudela, eta soinu bandetan ere bai. Hemendik kanpo euskal musikagile askoren lana goraipatzen ari dira eta ez dakit hemen kontziente garen lortu dugun mailaz. Zaindu dezagun euskal talentua, bai kultura eta bai industria arloetatik.

Zineuskadi: Zer lan dituzu orain eskuartean?

Joseba Beristain: Oraindik ezin ditut gauza asko aurreratu. Animazioko beste film batean nabil lanean; nahiko proiektu potolo eta interesgarria da, eta Xanti Rodríguez argazkilari eta zinegilaren hirugarren laburmetraiarekin ere banabil. Halaber, azkenaldian, ikastaro eta tailer dezente ematen ari naiz soinu banden inguruan; izan ere, orokorrean, ikus-entzunezko sektoreko profesional askok interesa dute euren proiektuetan musika ondo uztartzen ikasteko. Askotan musika emozioekin bakarrik lotzen da, baina askoz ere gauza gehiago egin ditzake kontakizunari laguntzeko. Horregatik, interesgarria iruditzen zait honi buruz hitz egitea prestakuntza-saioetan.