“Garaiko film baterako jantziak prestatzeko, dokumentazio- eta prestakuntza-lan handia egin behar da”

“Garaiko film baterako jantziak prestatzeko, dokumentazio- eta prestakuntza-lan handia egin behar da”

2021 Otsaila 04

Jantzien Diseinu Onenaren Goya Sarirako izendatu dute Nerea Torrijos bilbotarra, eta ilusio handiz itxaroten ari da martxoaren 6ko ekitaldia, Estatuko zinemagintzako sari garrantzitsuena egokituko ote zaion ikusteko. ‘Errementari’ edo ‘Vitoria, 3 de marzo’ bezalako filmetan lan bikaina egin ondoren, ‘Akelarre’-n burututako lanarekin iritsi zaio garaikurra irabazteko lehenengo aukera.

Zineuskadi: Zorionak izendapenagatik! Nola izan zenuen zure hautaketaren berri?

Nerea Torrijos: Eskerrik asko! Hautatuak astelehen batean iragarri zituzten, eta egun horretan bertan hasi genuen Felix Viscarret-en ‘Desde la sombra’ filmaren grabaketa Iruñean. Ordua iristeko zain nengoen, iragarpena goizeko hamaikak aldera egingo zutela bainekien, eta erlojuari pare bat aldiz begiratu nion. Gero, filmatzen hasi ginen eta gaia alde batera utzi nuen. Baina 11:30ean mezu asko jasotzen hasi nintzen: WhatsApp-en sartu eta 30 mezu baino gehiago nituela ikusi nuenean, agian izendatu nindutela pentsatu nuen. Ez nuen espero.

Zineuskadi: Ziur galdera hau askotan egin dizutela azkenaldian:  Nola ikusten dituzu saria eskuratzeko aukerak?

Nerea Torrijos: Bai (barreak). Egia esan, ez dut ia pentsatu ere egin; ez nuen hautagaitzarik espero, eta orain ere ez diot buruari buelta gehiegi ematen. Ez zait iruditzen gainerako lagunek baino aukera gehiago edo gutxiago ditugunik. Lau filmak bikainak dira eta aukerak oso parekatuak daude.

Zineuskadi: Sari honetarako zure lehen izendapena da, ezta?

Nerea Torrijos: Bai, kalifikatzen diren film guztiak hautagai-zerrendetan doazenez, urtero izan ditut Goya sarietan lehiatzen ziren filmak. Besteak beste, ‘Errementari’ edo ‘Vitoria, 3 de marzo’ pelikula garrantzitsuak. Baina bai, izendatzen nauten lehenengo aldia da.

Zineuskadi: Filmak harrera ona izan du, bai publikoaren bai Akademiaren aldetik.

Nerea Torrijos: Bai, Covid-19a dela eta zinema-sektorearentzat oso urte konplexua izan arren eta kulturak egoera zaila bizi duela kontuan izanik, nahiko ondo funtzionatu du filmak, aktoreak oso ezagunak ez diren arren. Uste dut gaiak zinemara joatera gonbidatzen duela jendea: feminismoa, emakume indartsuak, sorgin-ehiza...

Zineuskadi: Donostiako Zinemaldian estreinatzeak ere bultzada berezia emango zion, ezta?

Nerea Torrijos: Zalantzarik gabe. Zinemaldia beti da tranpolina, proiekzio izugarria ematen dizu beti. Zoragarria da filma bertan estreinatzea!

Zineuskadi: Nola iritsi zinen ‘Akelarre’ filmera?

Nerea Torrijos: Iker Ganuzak, ekoizleetako batek, deitu zidan nitaz hitz egin ziotelako eta elkar ezagutu ote genezakeen jakiteko. Pablok (zuzendaria) ere ni ezagutzeko interesa zuen. Donostian bilera bat egin eta lehen iritziak partekatu genituen. Euskalduna izanik asko gustatzen zaizkit sorginak, folklorea, euskal kultura… Beraz, ez zen gai berria niretzat. Irakurriak nituen zenbait liburu une historiko horri buruz... Ondo dokumentatuta joan nintzen bilerara. Hilabeteak igaro eta Ikerrek berriro deitu ninduen lan eskaintza egiteko, eta asko hunkitu nintzen, oso proiektu erakargarria baitzen niretzat.

Zineuskadi: Pentsatzen dut zoramena izango zela jantzi guztiak prestatzea…

Nerea Torrijos: Zalantzarik gabe. Azkenean, film historikoek beste zailtasun batzuk dituzte: arroparen pisua, figurante kopurua, logistika-beharrak… Prestaketa luzea izan zen; hilabete batzuk eman nituen dokumentatzen, Pablok buruan zuenaren bertsiorik onena eskaini ahal izateko. Prestatzeko, dokumentatzeko, diseinatzeko... denbora luzea behar izan nuen.

Film historikoek egungoek baino lan gehiago dute, sinesgarri egin behar duzulako garai batekoa izatea. Hala ere, egungo filmak egitea ez da lan erraza. Normalean, jendeak uste du edozein dendatara joan eta arropa erosi besterik ez dela, baina ez da horrela. Garai bateko filmetan janzkera-estilo jakin batekoa da: X. mendera, XII. mendera edo Errenazimendura zoaz, gure kasuan bezala, eta estetika, arropa mota, look-a markatuta daukazu. Gaur egungo pelikuletan, aldiz, aukera askoz zabalagoa da. Baina, noski, garaiko filmetan lan gehiago egin behar izaten da.

Zineuskadi: Proiektu berri bat aurkezten dizutenean, zer prozesu jarraitzen duzu diseinatzen edo jantziak sortzen hasteko?

Nerea Torrijos: Filmaren arabera aldatzen da; istorio bakoitzak gauza sentimendu desberdinak sortzen dizkizu. Nik koloreekin lan handia egiten dut: beharbada, bat-batean, Amaia Aberasturiren pertsonaia ikusi eta gorriz irudikatzen dut, eta hortik abiatzen naiz. Gero gauzak bilatzen hasten naiz, dokumentatzen, nola jantziko den pentsatzen...Normalean gidoia xehatu eta koloreak eta ehundurak lantzen hasten naiz. Atsegin dut egokitu dakiokeen kolorearen bidez nola jantziko den imajinatzea. Gero, hori guztia asko aldatzen da, lehen ideiak nireak baitira, eta gero zuzendariarekin bateratu behar ditudalako.

Zineuskadi: Film bat ikusten dugunean, ez gara jabetzen atzean dagoen lan guztiaz. Zenbat jendek osatzen du zure taldea?

Nerea Torrijos: Filmaren arabera, normalean hiru edo lau pertsona finko gara taldean, eta, gero, proiektuaren beharren arabera, lagun gehiago elkartzen gara. Adibidez, ‘Vitoria, 3 de marzo’ filman 12 pertsona izatera iritsi ginen figurazio handiko egunetan. ‘Akelarre’ filman, Urbasan egin genituen figurazio-egunetan, zortzi edo bederatzi pertsona izan ginela uste dut. Garaiko trajeekin janzteak ere denbora gehiago behar du; jende gehiago behar da. Militarrak jantzi behar genituen, garaiko jantzi eta detaile guztiekin…

Zineuskadi: Etorkizunera begira, zer proiektu dituzu esku artean?

Nerea Torrijos: Orain, Felix Viscarreten filmazioan nago, eta amaitzen dugunean beste bi proiektu ditut mahai gainean. Dena ondo badoa, datorren urterako lan garrantzitsu bat daukat, ‘Irati’, Paul Urkijoren filma, udazkenean filmatuko duguna.

Zineuskadi: Zer eragin izan dute pandemiak eta hartu behar ditugun neurri murriztaile guztiek zuen lanean?

Nerea Torrijos: Ni, zorionez, oso ondo ari naiz, eta oraingoz ez dit zuzenean eragin. Errodajeak itxialdia amaitu zenean berreskuratu nituen; erdizka utzi genuen telesail batekin eta film batekin hasi nintzen. Gero beste film bat ere izan dut, eta ondo nagoela esan dezaket. Oraindik ez zait gertatu filmaketa batean norbait infektatu eta lana gelditu behar izatea… Behatzak gurutzatzen ditut hori gerta ez dadin!