“Funtsezkoa da koprodukzioak sustatzea, kasu askotan ezinbestekoak baitira filmak aurrera ateratzeko”

“Funtsezkoa da koprodukzioak sustatzea, kasu askotan ezinbestekoak baitira filmak aurrera ateratzeko”

2021 Abuztua 25

Saioa Riba Donostia Zinemaldiko Industry Club-eko arduraduna da, eta berarekin hitz egin dugu Industria atalak jaialdian izan duen bilakaerari eta aurtengo edizioari buruz.

Zineuskadi: Zer eskaintzen die Industria Sailak sektoreko profesionalei?

Saioa Riba: Akreditatutako kideen lehen zeregina beren helburuak zehaztea izan beharko luke, Industria Sailean eskaintzen ditugun tresna eta zerbitzuei probetxua ateratzeko. Alde batetik, agenda profesionala daukagu, industria-jarduerak kontsultatzeko: aurkezpenak eta mahai-inguruak ("Pentsamendua eta eztabaida"), postprodukzioan dauden filmen programazioa Works in Progress saioetan (WIP Europa eta WIP Latam), garatzen ari diren proiektu berriak (Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa, Ikusmira Berriak, Zinemaldia & Technology, Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroa IBAIArekin lankidetzan), etab.

Bestalde, akreditatu guztien eskura jartzen ditugu beste profesional batzuekin bilerak hitzartzeko tresnak: besteak beste, industriako akreditatu guztien zerrenda, egonaldi- eta kontaktu-datekin; Who is Where zerrenda Donostian dauden beste profesional batzuen datuekin; Newsflash direlakoak, Zinemaldian hautatutako filmei buruzko prentsa-laburpenekin eta hurrengo eguneko agendarekin; eta Zinemaldiko bideoteka, plataforman sartzea onartu duten film hautatuekin, Industriako jardueretan aurkeztutako proiektuekin eta filmen zuzendarien aurreko lanekin.

Azkenik, biltzeko eta elkartzeko espazioak eskaintzen ditugu, hala nola Industry Club-ek Kursaal-ean duen gunea edo San Telmo Museoan dagoen Koprodukzio Foroaren egoitza. Horrez gain, ezin dugu ahaztu Industriako akreditazioak sail desberdinetako filmen proiekzioetarako sarbidea ere ematen duela.

Zineuskadi: Duela urte batzuk hona, Donostia Zinemaldiaren antolakuntzak industria indartzeko apustu garbia egin du. Zertan nabaritu da hori?

Saioa Riba: Azken hamar urteotan baliabide gehiago esleitu dira Industriako lantaldea zabaltzeko, eta aldi berean, sektoreko profesionalen parte-hartze handiagoa lortu duten jarduera berriak abiarazi dira; hala nola Koprodukzio Foroa, aurten hamargarren edizioa beteko duena, edo Cine en Construcción (orain WIP Latam deitzen dena) arrakastatsuaren ereduari jarraituz sortu zen WIP Europa (lehen Glocal In Progress).

Jarduera horiek sortzean, kontuan hartu zen funtsezkoa zela ekintzak jaialdiaren data beretan egitea, lankidetza eta filmen nazioarteko zirkulazioa bultzatzeko.

Zineuskadi: Gero eta jaialdi gehiagok aukeratu dute industria ataletan inbertitzea. Zergatik da hain beharrezkoa?

Saioa Riba: Garrantzitsua da sektoreko kideek topaguneak izatea esperientziak trukatzeko, filmak ikusteko, proiektuak aurkitzeko, kontaktu berriak egiteko, eragiten dieten gaiei buruz eztabaidatu ahal izateko… Gainera, industriako eragile guztien esku-hartzea beharrezkoa da filmak, batez ere ekoizpen independenteak, jendarteratzeko; izan ere, ikusgarri egiten ez badira, ez dira erosi eta banatzen. Eta, hortaz, ia ezinezkoa da zinema-aretoetara, beste jaialdi batzuetara edo plataformetara iristea.

Gure lanaren beste alderdi garrantzitsu bat koprodukzioak sustatzeko guneak sortzea da, askotan ezinbestekoak baitira filmak aurrera ateratzeko.

Zineuskadi: Zein dira proiektuak hautatzerako orduan ezarritako irizpideak?

Saioa Riba: Koprodukzio Foroko batzordeak jarraitzen dituen irizpideak, batez ere, kalitatea, bideragarritasuna eta interesa dira. Gehienez ere, 20 proiektu aukeratzen ditugu jasotako 200 hautagaien artean.

Zineuskadi: Zeintzuk izango dira edizio honetako jarduera nagusiak?

Saioa Riba: Aurtengo ekimen nagusiak hauek dira: Works in Progress, postprodukzio fasean dauden Europako eta Latinoamerikako filmeentzat; Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa eta Ikusmira Berriak, garatzen ari diren proiektuentzat; Zinemaldia&Technology, ikus-entzunezko sektoreko proiektu teknologikoentzat; ‘Pentsamendua eta eztabaida’ atala, European Film Foruma (Europa Creativa MEDIA erakundearekin elkarlanean antolatua) bezalako hausnarketarako topaketak barne hartzen dituena; IBAIAK antolatutako Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroa, eta aurrerago zehaztuko ditugun beste jarduera batzuk.

Zineuskadi: Zer espero duzue edizio berri honetan?

Saioa Riba: Ilusioz beteriko erronka da, urtero bezala. Espero dugu profesionalek Donostian lan egiteko leku aproposa aurkitzea, eta, aldi berean, Zinemaldian aurkeztutako film guztiez gozatu ahal izatea.