Maider Fernandezen opera primak Jordi aurkeztuko digu, garuneko paralisia duen 51 urteko gizona. Hutsune handia sentitzen du eta bere nahia Lourdesera joatea da. 70 minutuko iraupena duen filmak protagonistaren eta zinemagile donostiarraren arteko adiskidetasuna erakusten du. Bere lehen pelikula filmatzean bizi izan dituen sentsazioei buruz hitz egin eta ideia nondik sortu zen azaltzen digu.
Nola sortu zen 'Las Letras de Jordi' filma?
Proiektu hau Pompeu Fabra Unibertsitateko Dokumentalen Errealizazio eta Ekoizpen Masterrean sartu ahal izateko proposamena aurkezteko beharretik sortu zen. Garai hartan ez nuen inolako proiekturik esku artean, baina nahitaezkoa zen zerbait aurkeztea, eta, kasualitatez, aste horretan hainbat pertsonarekin mirarien ideiari buruz hitz egin nuen. Hortaz, Lourdeseko Santutegiarekin zerikusia zuen dokumental bat proposatzea erabaki nuen. Behin masterrean, ikertzen ari nintzela, urtero hara joaten zen erromes talde bat ezagutu nuen, eta Jordi beraien artean zegoen. Une horretatik aurrera, planteatzen ari nintzen pelikularen norabidea guztiz aldatu eta erabat zentratu nintzen bere istorioan eta bion artean sortu zen harremanean.
Batzuek komunikazioari, adiskidetasunari eta fedeari buruzko filma dela diote. Ados zaude?
Erabat. Niretzat filmak komunikazioari buruz hitz egiten du, eta Jordi eta biok hasitako adiskidetasun harremana nola osatzen den islatzen du.
Inoiz aitortu duzu ez zarela fededuna. Nola erabaki zenuen gai honi heltzea?
Nire asmoa fededun batek Jainkoarekin eta fedearekin duen harremana nola bizi duen aztertzea zen, eta horregatik ezagutu nuen Jordi. Benetako jakin-mina, zintzoa, nuen une hartan. Ez du zerikusirik ni fededuna izatearekin edo ez izatearekin; arlo hori ezagutu nahi izatearekin lotuta dago. Ikusi nuen Jordik, Jainkoarengan sinesteaz gain, batez ere komunikazioan sinesten zuela. Ez bakarrik informazio transmisio gisa, baita beste pertsona batzuekin harremanetan jartzeko modu bezala ere. Niretzat hura bizitzea izan zen baliotsuena.
Zer aberastasun ekarri dizu proiektu honek bai arlo pertsonalean bai profesionalean?
Film hau masterreko testuinguruaren barruan garatu ahal izateak aukera eman zidan hari denbora asko eskaintzeko eta bertan erabat zentratuta egoteko. Gure lanaren izaera dela eta, hori oso zaila izaten da normalean, bizi ahal izateko aldi berean mila gauzatara egon behar garelako. Garai hartan, zorionez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren beka lortu ahal izan nuen, eta langabezia-prestazioa ere jaso nuen; beraz, hilabete batzuk eman nituen proiektuan buru-belarri. Asko baloratzen dut eskaini ahal izan diodan denbora, eta baita lagundu nahi zaituen jendea egotea ere, Leire Apellaniz ekoizlea edo filmean lan egin duen taldea, besteak beste. Oso eroso sentitu naiz, eta baliagarria izan zait ikus-entzunezko tresnarekin lan egiteko modu propioa aurkitzeko, baita dokumentala nola ulertzen dudan ezagutzeko ere. Oso aberasgarria izan da bai maila pertsonalean bai profesionalean. Orain arte beti film laburrak egin izan ditut. Hau nire lehen film luzea da, eta, gainera, bakarka lan egin dut. Gauza asko ikasi ditut.
Hasiera batean filma martxoaren 13an estreinatzeko asmoa zegoen, baina itxialdiaren ondorioz atzeratu egin behar izan zen. Nola bizi izan zenuen une hura?
Aste horretan ni Madrilen nengoen filma ezagutzera emateko elkarrizketak egiten, eta egunek aurrera egin ahala hainbat leku ixten hasi ziren. Handik Bartzelonara joan nintzen, eta ondoren, Donostiara. Oso tristea izan zen jende asko zegoelako filma ondo atera zedin lanean. Margenes plataformak bederatzi hiritako zinemetan gure lana aurkezteko aukera eman zigun, baina ahalegin guztia bertan beherak gelditu zen. Ezohiko egoera zen, eta zaila izan zen aurkezpen hau egingo ez genuela onartzea, baita filmarekin zer gertatuko zen ez jakitearen ziurgabetasuna bizitzea ere. Uste dut denok egon garela egoera honetan. Zorionez, uztailaren 10ean hainbat hiritan estreinatu genuen eta ostiral honetan, uztailak 17, helduko da filma Bartzelonara eta Donostiara. Nik ez nuen uste hainbeste areto lortuko genituenik, baina, zorionez, hiri askotan gaude. Beldur gara, ez baitakigu jendea zinemara joateko animatuta dagoen, edo filma iritsiko zaion eta ikusteko gogoa izango duen. Asko eskertzen dut Margenesen eta bere talde osoaren lana. Harrigarria da horrelako dokumental bat areto komertzialetan egotea!
Zer zailtasun edo oztopo izan dituzue ekoizpenean?
Filmaren ekoizpenari dagokionez, zorte handia izan dudala uste dut; ez dugu zailtasun handirik izan laguntzak edo diru-laguntzak lortzeko. Zorionez, Ikusmira Berriak programan parte hartzeko aukera izan nuen. Halaber, Donostiako Zinemaldiak eman zigun sariak ere asko lagundu zuen gero Eusko Jaurlaritza, EiTB eta ICAA filmean sar zitezen. Pelikula txikia da, eta egitura eta aurrekontu onarekin egiteko zortea izan dut; beraz, oso pozik nago.
Zinemak guztiz seguruak izan daitezen hartzen ari diren neurriak gorabehera, oraindik badago aretoetara gerturatzeari nolabaiteko errespetua dion jendea. Zer mezu bidaliko zenieke zinemetara joatera animatzeko?
Nik esango nuke neurri egokiak hartzen ari direla eta, beraz, irekitzen ari diren aretoek ikusleen segurtasuna bermatzen dutela. Kalean maskara jantzita ibiltzea hain deserosoa den egun bero hauetan, zinema-aretoetan fresko egotera eta maitasun handiz egindako pelikula honekin gozatzera animatuko nituzke. Nire ustez, filma interesatuko zaie.
Zein beste proiektutan ari zara lanean gaur egun?
'El médico cura' izeneko film labur bat lantzen ari naiz. Formatu eta lan egiteko modu aldetik nahiko ezberdina izango da, lan kontzeptualagoa delako. Lourdeseko Santutegiarekin lotuta dago ere, bertan gertatzen diren sendaketa-kasuen azalpen zientifikoa aztertzen duen Nazioarteko Mediku Batzordearekin, hain zuzen ere. Gainera, beste proiektu batzuetan ari naiz lanean, baina ezin dut horiei buruzko xehetasun askorik eman.