“Euskal zinema Parisen zabaltzeko beharra dagoela berretsi dugu”

“Euskal zinema Parisen zabaltzeko beharra dagoela berretsi dugu”

2022 Apirila 08

Martxoaren 25ean eta 26an, Parisen, Zikloa izeneko ekitaldi berriaren lehenengo edizioa egin zen, La Fidèle Production ekoiztetxeak eta bertako Euskal Etxeak antolatuta. Jokin Etcheverria La Fideleko kudeatzaile nagusiarekin hitz egin dugu egitasmoari buruz.

Zineuskadi: Ezagutzen ez duenarentzat, zer da Zikloa?

Jokin: Le Cycle du cinéma du Pays Basque, Parisen sortu dugun hitzordu berri bat da. Lehenengo edizioa martxoaren 25ean eta 26an egin genuen, Christine Cineman (Saint Germain auzoan) eta Euskal Etxean (Saint Ouen-en). Topaketa hau La Fidèle Production ekoiztetxeak antolatu du Euskal Etxearekin elkarlanean.

Zineuskadi: Nola sortu zen ekitaldia abian jartzeko ideia?

Jokin: Parisko euskal diasporarekin hitz egin eta gero sortu zen. Iruditu zitzaigun garrantzitsua zela azpimarratzea Frantzian une berean estreinatu zirela Euskal Herrian egindako hiru film. Hain zuzen, irailean Lara Izagirreren ‘Nora’, Pablo Agüeroren ‘Akelarre’ eta Eugene Green-en ‘Atarrabi eta Mikelats’ lanak iritsi ziren zinema-aretoetara. Horrelako zerbait gertatzen zen lehenengo aldia izan zen, eta horrek zikloa antolatzeko motibazioa piztu zigun.

Zineuskadi: Zein helbururekin sortu zenuten?

Jokin: Zikloaren helburua euskal zinema bultzatzea eta Parisen ezagutaraztea da. Gainera, gerturatzen direnentzako aukera bat ere bada, banatzaileekin buruz buru lan egiteko aukera ematen baitie.

Zineuskadi: Hasieratik erabaki zenuten Parisen egitea? 

Jokin: Noski, Paris hiriburua delako eta bertan gertatzen direlako gauza garrantzitsuenak. Gero, etorkizunean, ez dugu baztertzen Zikloa Bordelera eta Marsellara zabaltzea, baina, hasteko, gure oinarriak Parisen eraiki nahi ditugu.

Zineuskadi: Joan den asteburuan egin zen lehenengo aldiz. Zein ekitaldi izan ditu?

Jokin: Ekintza desberdinak egin ditugu. Euskal Etxean afari bat antolatu genuen filmetako lantaldeekin, eta jatekoa Jon Garmendia olerkilari eta sukaldariak prestatu zuen. Biharamunean, berriz, Hupert familiaren Christine Cineman proiekzioak izan genituen.

Goizean ‘Nora’ filma proiektatu genuen, eta bertan egon ziren Lara Izagirre zuzendaria eta Ane Pikaza antzezlea ikusleekin solasean. Ondoren, ‘Atarrabi eta Mikelats’ eta ‘Akelarre’ bota genituen, eta bi proiekzioetan zuzendariak egon ziren. Saioa bukatzeko Isa Suarez-ek performance bat eskaini zigun. Halaber, sareetan joko bat antolatu genuen, eta irabazleak Donibane Lohitzuneko Helianthal luxuzko Hotelean egonaldi batez gozatuko du.

Zineuskadi: Nolakoa izan da publikoaren harrera?

Jokin: Oso ona; 150 pertsona baino gehiago bildu ginen. Hortaz, hurrengo urtean beste edizio bat antolatzeko gogotsu gaude. Jendea oso pozik agertu da eta publiko orokorra profesionalekin elkartzea apustu ona izan da.

ZineuskadiZein balantze egiten duzue?

Jokin: Oso positiboa. Euskal Zinema Frantzian eta Parisen guztiz ezezaguna dela berretsi dugu, eta, beraz, beharrezkoa da horrelako ekitaldiak antolatzea.

Zineuskadi: Hurrengo urtera begira, hobetzeko gauzak topatu dituzue?

Jokin: Kolaboratzaile gehiago lortzea espero dugu, baita berria denbora gehiagorekin zabaldu ahal izatea ere.