Esther Cabero Kimuakeko koordinatzailearekin hitz egin dugu, programak izan duen bilakaerari eta euskal ikus-entzunezkoen sektorearen egungo egoerari buruz.
Zineuskadi: Zer bilakaera izan du Kimuak programak hasi zenetik orain arte?
Esther Cabero: 1998 urtean sortu zen. Ordura arte sortzen ziren film laburrek ez zuten ibilbide profesionalik egiteko baliabiderik, ez zeudelako banaketa enpresa pribatuak, adibidez... Arazo horrekin bukatzeko asmoarekin sortu zen Kimuak. Hogeita bi urte hauetan sektorea izugarri aldatu da eta gaur egun gure eginkizuna,banaketa eta promozioa egiteaz gain, euskal zinemagintzaren barruan kalitate bermea eskaintzea da. Kimuakek izan duen bilakaera sektorearen berdina izan da. Mundu analogiko batetik (VHS-an banatzen ziren laburrak, esate baterako), digitalizazio osora pasa gara. Halaber, gaur egun interneta eta eremu digitala funtsezkoak dira banaketarako.
Zineuskadi: Esan daiteke euskal zinegileentzat gaur egun oso garrantzitsua dela Kimuak programaren babesa izatea, ezta?
Esther Cabero: Bai. Hogeita bi urte hauetan gure programatik oso film labur garrantzitsuak pasa dira, baita zinegile nabarmenak ere, ondoren film luzeekin ospe handia izan dutenak. Horien artean Moriarti taldea, Asier Altuna, Koldo Almandoz, Izibene Oñederra, etab., aurki ditzakegu. Nazioarteko jaialdiek gure programaren bitartez euskal ikus-entzunezkoa nolakoa den ezagutzen dute. Hasten direnentzat ere oso lagungarria da izen handiekin batera joatea jaialdi batera edo katalogo berean agertzea, ezagutzera emateko aukera dutelako eta, era batean, industriaren mapan kokatzeko balio dielako.
Zineuskadi: Nolakoa izan da 2020 urte arraro hau?
Esther Cabero: Guretzat ez da hain arraroa izan; uste dugu 2021a arraroagoa izan daitekeela. Dakizuenez, urtero deialdi bat dago, aurkeztutako lanen artean aukeraketa bat egiten da eta urtean zehar lan horiek erakusten ditugu. Gure lana oso ziklikoa da eta itxialdiak deialdia ateratzear harrapatu gintuen. Moldaketa batzuk egin genituen, baina aurkeztutako film laburrak dagoeneko bukatuta zeuden, eta horregatik ez dugu hainbeste igarri. Lan asko aurkeztu ziren, eta oso onak gainera, gehienak itxialdia aurretik grabatutakoak. Gerora nabaritu duguna izan da jaialdiak atzeratu direla edo online egin direla. Horrek ere panorama berri bat azaldu digu.
Zineuskadi: Beraz, zuen kasuan, aldaketak hurrengo urtean nabari daitezke, ezta?
Esther Cabero: Bai, hori uste dugu. Badakigu, adibidez, diru laguntzak jaso dituzten film labur batzuk aurkeztuko direla, baina ez dakigu zenbat, grabaketak zailagoak direlako edota sortzaile txiki batzuek ezin izango diotelako aurrekontuari aurre egin, adibidez. Ez dakigu pandemiak zer nolako eragina izango duen luzera.
Zineuskadi: Datorren urteari begira, zein estrategia jarraituko duzue?
Esther Cabero: Gure ideia egutegia berdin mantentzea da, ahalik eta gehien, bai prozedura bai datak… baina egoera aztertuko dugu eta aldaketak egin behar badira, egingo ditugu.
Zineuskadi: Gaur egun, errentagarria al da film labur bat egitea?
Esther Cabero: Nik uste dut inoiz ez dela izan errentagarri, film laburrek ez baitute diru-sarrera berezirik sortzen. Jaialdi batzuetan sari ekonomikoak egoten dira, edota telebista-kateei saltzen zaizkie adibidez, baina irabaziak ez dira handiegiak izaten.
Zineuskadi: Errentagarriak bihurtzeko modurik ikusten al duzue?
Esther Cabero: Hori aspalditik datorren eztabaida luzea da. Zerikusia dauka film laburrek duten publikoarekin eta audientzien sorrerekin; adibidez zinema-aretoetan ez dira programatzen. Nolabait esateko, kontsumoa aldatu egin beharko litzateke film luzeen parera jartzeko. Ez da debate batere erraza. Adibidez, Frantzian eta beste herrialde batzuetan film laburrak zinemetan programatzen dira, baina hori hemen ez da gertatzen. Zinementzat ere ez da erraza saio batean film labur bat programatzea.
Zineuskadi: Badirudi geroz eta emakume gehiago daudela zuzendari, gidoilari edo ekoizle lanetan, besteak beste.
Esther Cabero: Bai. Kimuaken 22 urte hauek ez dakit zer puntura arte diren erakusgarri sektorearen barruan, gu lagin txiki bat baino ez gara-eta, baina egia da lehenengo urte haietan emakume askok parte hartzen zutela. Aurkeztutako lanen kopurua txikiagoa zen, baina horien %30 edo %40 artean emakumeak ziren. Gero 2000ko hamarkadan kopurua asko jaitsi zen eta gaur egun berriro ere zifrak askoz ere orekatuagoak dira, %30-40 ingurukoak. Batez ere emakume gazteak daude, eta oso prestatuta datoz, zinema-ikasketekin. Dokumentaletan lanean ikusten ditugu, bereziki. Badirudi emakume zinemagile belaunaldi berri on bat datorrela. Nik uste gure papera urte batzuk barru indartuta egongo dela.
Zineuskadi: Eta euskal film laburren egoeraz hitz eginda, zer nolako maila dagoela uste duzu?
Esther Cabero: Nik uste dut kalitate aldetik euskal ekoizpena oso maila onean dagoela. Txemak eta biok epaimahai lanetan edo laguntza batzordeetan parte hartzen dugu eta hemendik kanpo zer egiten den ere ikusten dugu. Horregatik nabarmendu dezakegu dugu euskal ekoizpena lehen mailakoa dela. Nazioartean lehiatzeko oso egoera onean gaude.
Zineuskadi: Badirudi euskal zinemaren maila ere goraka doala, ezta?
Esther Cabero: Bai, hori da. Sektorea geroz eta profesionalagoa da. Zinegileek ikasketa zehatzagoak dituzte, teknikoek ere geroz eta eskarmentu handiagoa dute. Zenbat eta gehiago ekoitzi, orduan eta esperientzia gehiago daukagu, eta hori emaitzan islatzen da.
Zineuskadi: Zein mezu bidaliko zenieke euskal zinegileei Kimuaken parte hartzera animatzeko?
Esther Cabero: Denak animatu nahi ditugu, bai profesionalak bai hasiberriak ere. Gauzak egiten diren heinean ikasten dira eta Kimuakera aurkeztea norberaren lana erakusteko modu bat da. Guk urtero aditu batzorde bat gonbidatzen dugu aukeraketa egiteko–normalean jaialdietako profesionalak edo instituzioetakoak–, eta beraiek zure lana ikustea aurrerapausoa da merkatu honetan sartzeko. Aukeratua izan edo ez, zure lana ikusiko da eta sektorean ezagutzera ematen joateko aukera izango duzu.