“BABY filma zinemari eta bere lengoaiaren purutasunari egindako omenaldia da”

“BABY filma zinemari eta bere lengoaiaren purutasunari egindako omenaldia da”

2021 Otsaila 22

Sitges bezalako jaialdi garrantzitsuetan arrakasta handia lortu ondoren, Juanma Bajo Ulloa zuzendariarekin hitz egin dugu 'Baby' filmari eta Goya sarietarako jaso dituen bi izendapenei buruz.


Zineuskadi: Zorionak! Nola izan zenuen izendapenen berri?

Juanma Bajo Ulloa: Eskerrik asko! ‘Baby’ filmeko sareetako taldeak jakinarazi zigun. Hain zuzen ere, Gasteizko Sonora estudioan nengoen musikariekin,soinu-bandaren edizioan barneratuko ditugun kantuen aukeraketa prestatzen.

Zineuskadi: Gainerako izendatuen filmak ikusteko aukerarik izan al duzu?

Juanma Bajo Ulloa: Batzuk ikusi ditut azken aste hauetan. Talentua, ahalegina eta borondatea daudela uste dut, baita konbentzionalismoa eta beldurra ere. Trebetasuna, askotan, besteen oniritzia jasotzeko beharrak oztopatzen du, eta, zentsura-garai honetan, sortzaile askok askatasunez adierazteko beldurpean lan egiten dute, edo, zuzenean, nagusi diren sistemari eta ideologiari atsegin emateko.

Zineuskadi: Zer aukera ikusten dituzu saria lortzeko?

Juanma Bajo Ulloa: Hori aztergaitza da. Izendapena bera ausarta da jada, ‘Baby’ filma Akademiak babestu ohi duen zinema-motatik aldentzen baita. Izena eman duten ehun film baino gehiago ikustea oso zaila da, eta asko kritikatzen da askotan merezimendu artistikoa ez dela baloratzen, boto asko lagunengatik eta politikagatik ematen direlako. Talde mediatikoen ekoizpenek pisu berezia dute.

Zineuskadi: Uste dut polita dela ikustea Akademiak baloratu egiten duela egin duzun lana, ezta?

Juanma Bajo Ulloa: Niretzat bereziki baliotsua da. Nire ustez, botoa eman diguten profesionalak transmititu nahi genuenarekin benetan konektatu diren pertsonak dira; gure ahalegina estimatu dute beste askoren artean. Gure kasuan, Zuzendaritza Onena bezalako sari garrantzitsu batek asko lagunduko liguke hain artisaua den film hau zabaltzen.

Zineuskadi: Ikusteko aukerarik izan ez dutenentzat, nolakoa da 'Baby'?

Juanma Bajo Ulloa: Helduentzako ipuina da, metafora bat. Egungo gizartea bere izatetik deskonektatu eta auto-suntsiketarantz zuzentzen ari dela erakusten du. Baina hori alda daiteke frustraziotik onarpenera, beldurretik maitasunera, igaroz. Zinemari berari eta bere lengoaiaren purutasunari egindako omenaldia ere bada.

Zineuskadi: Hainbat jaialditan harrera ona izan du filmak. Zer balorazio egiten duzu?

Juanma Bajo Ulloa: 'Baby' aberririk gabeko filma da. Nahiz eta euskal filma izan, ez da leku batean kokatzen eta ez du hizkuntza zehatzik hitz egiten, zinemaren lengoaia unibertsala baizik. Horri esker, Estonia, Egipto, Korea, AEB, Espainia eta beste hainbat herrialde eta kulturatako jaialdiek istorio propio gisa baloratu dute. Zinema maite dutenen harrerak gure aurreikuspenak gainditu ditu; uste dut bereziki baloratu dutela zinema hutsaren alde egin dugun apustua.

Zineuskadi: Halaber, Bingen Mendizabalek eta Koldo Uriartek Jatorrizko Musika Onenaren saria eskuratzeko hautagai dira. Nola aurkeztuko zenuke filmaren musika?

Juanma Bajo Ulloa: Niretzat sublimea da, besterik gabe. "Arima" kontzeptua definitzerik badago, 'Baby' filman Uriarteren eta Mendizabalen lanaren bidez adieraziko litzateke. Musika ez da elementu independente bat, narrazio tresna oso boteretsua baizik. Horregatik, filmaketa baino lehen hasi eta hainbeste hilabetez luzatu da musikaren sorkuntza-prozesua. Lengoaia zinematografiko honen osagaien arteko harremanak lortzen du istorio batek benetan emozioa transmititzea eta interesatzea.

Zineuskadi: Zer islatu nahi izan duzue?

Juanma Bajo Ulloa: Musikariek klima oinarri duen pelikula baten giroa sortu dute. 'Baby’ filmak unibertso pertsonal bat erakusten du, bihotza laztantzen edo harrapatzen duten doinu hunkigarri eta iradokitzaile horiekin. Jendea era askotako sentimenduen bidez gidatzea zen helburua; hala nola bakardadea, malenkonia, izua, itxaropena eta bizi-energia.

Zineuskadi: Nola ikusten dituzu saria eskuratzeko aukerak?

Juanma Bajo Ulloa: Zaila egiten zait ‘Baby’-ren alderdi sortzaile eta artistiko bat nabarmentzea, argazkia, dekorazioa, jantziak edo soinua apartak direlako niretzat. Baina Sitgeseko Jaialditik hona musika bereziki ezaguna egin da, eta ia izendapen guztietan saritu dute.

Zineuskadi: Zer proiektu dituzu gaur egun esku artean?

Juanma Bajo Ulloa: ‘El mal’ izenburudun suspensezko film batean ari gara lanean. Gizakiak bere alde iluna onartzeko duen ezintasunaz hitz egiten du pelikulak. Halaber, ‘Muerte Mortal (Al bode del límite)’ komedia absurdoa ere lantzen ari gara.