Paul Urkijo ‘Errementari’ filmaren zuzendariarekin bere hurrengo lanaren inguruan hitz egin dugu. ‘Irati’ pelikula Canneseko Marché du Film ataleko Fantastic 7 plataforman parte hartzeko aukeratu dute eta bertan egotearen helburuez mintzatu zaigu zinegile gasteiztarra. Halaber, udazkeneko jaialdietan aurkeztu nahi duen ‘Dar Dar’ izeneko film laburraren inguruan arituko da ere.
Nola sortu zen ‘Irati’ filmaren ideia?
Oraindik ezin dut askorik kontatu, filma sekretuan mantendu nahi dugulako. Nik uste jendearentzako harrigarriak izango diren elementuak izango dituela. Informazio gutxi kaleratu dugu momentuz; Marché du Filmen entregatu dugun sinopsia baino informazio askoz gehiago ezin dizuet eman. Betidanik izan naiz euskal mitologiaren eta historiaren maitale, eta beti izan dut buruan gai horren inguruko film handi bat egitea. Gure mitologia oso aberatsa da, niretzako oso boteretsua ere, eta horretan eta hain erakargarria den Erdi Aroan oinarrituta dago. Ideia beti izan dut buruan: txikitatik horrelako zerbait ikusi nahi izan dut. Eta, orain, ‘Errementari’ egin ondoren, proiektu ezberdinak agertu zaizkit eta nire buruari galdetu nion: ”Zergatik ez dut hurrengo pausua emango?”. Ildo beretik jarraituz, geure mitologian oinarritutako euskarazko film fantastikoa egingo dut.
Komentatu duzu beti izan duzula ideia hori buruan. Zerk bultzatu zaitu orain aurrerapausua ematera?
‘Errementarik’ izan duen harrera ona ikusita, eta oraindik gaztea izanik eta jakinda energia dudala horrelako abentura batean sartzeko, animatu egin nintzen. Oso pelikula handia eta zaila da. Denak dira zailak, baina hau gehiago. Lan handia daukan garai historikoan dago oinarritua, VIII. Mendean; eta garai hori gutxitan ikusi dugu zineman. Erdi Aroa ikusi dugu, baina normalean XIII. mendetik aurrera izaten da. Berez, dokumentazio zinematografiko gutxi dago eta, bestalde, gure laburpen mitologiko hori zinemara eramatea konplexua da. Dokumentazio handia behar du, lan handia… eta errodaje asko naturan izango da. Pelikula potoloa izango da. Energiaz beterik sentitu naiz eta proiektuarekin aurrera egitea erabaki dut. Badirudi jendeari egiten dudana gustatzen zaiola eta, oraingoan, lan hiru bider handiagoa egiten saiatuko naiz.
Dokumentazioa lortzeko lana ere zaila da, ezta?
Bai, baina badaramat hiru urte dokumentatzen eta idazten, espezialista historikoekin hitz egiten, liburu mordoa irakurtzen…
Zer suposatu du zuretzat Marché du Filmeko Fantastic 7 atalean parte hartzeko aukeratua izatea?
Alde batetik, munduko zazpi genero-jaialdi garrantzitsuenak Fantastic 7 plataforman daude, eta hori bikaina da niretzat; eta horretaz aparte, Marché du Filmen egotea, Cannesen, munduko merkatu garrantzitsuenetariko batean, oso ondo datorkio proiektuari, pelikularen finantzazioa indartzeko lagungarria izango baitzaigu. Filma ia osorik finantzatua daukagu dagoeneko, eta falta zaiguna han aurkitzea espero dugu.
Bertan egoteak ate gehiago ireki ahal dizkizula uste duzu?
Nik baietz uste dut, Marchén egoteak nolabaiteko bermea ematen baitio proiektuari.
Zer egingo duzue Fantastic 7 plataforman?
Proiektua erakustea da merkatu edo jaialdien helburu nagusia. Gero pitch saioa egin eta proiektuaren irudiak eta abar erakusteko aukera izango dugu, eta horren ondoren, interesa dutenekin bilerak izango ditugu. Aurten, materiala online jarriko dugu erakusgai, Marchén parte hartuko duten zinegileek pribatuan ikusi ahal izateko. Soilik egun batean egongo da ikusgai eta, ondoren, bideo-dei bidezko bilerak izango ditugu. Beti bezala izango da, baina online.
Filmaren zein fasean zaude?
Orain aurreprodukzio fasean gaude; dokumentazioarekin jarraitzen dugu, diseinuarekin, lokalizazioekin… Proiektua dagoeneko nahiko garatua dago eta aurrera goaz.
Eta eman beharreko hurrengo pausuak zeintzuk izango lirateke?
Nik uste eraikuntza eta aurreprodukzio lan gogorra egitea izango direla ondorengo pausuak. Castinga itxi, platoak eta abar eraiki, entseguak egin… Lehenengo, preproduzkio ‘biguna’ egiten da, bulegoan, eta gero etorriko litzateke aurreprodukzio ‘gogorra’, non jende gehiago kontratatzen duzun eta gauza gordinagoak egiten hasten zaren.
COVID-19 pandemiak proiektuari eragin al dio?
Bai, grabaketarekin lehenago hastea pentsatzen genuen eta atzeratu egin da. Ondorioz, nahiz eta preprodukzioarekin aurrera jarraitu, soilik elkarlanean egin daitezkeen prozesuak eten egin behar izan ditugu. Gutxika, errodajeetan aplikatu beharreko neurriak ateratzen ari dira, eta gure aurreprodukzioa luzea izango denez, denbora dugu ikusteko zer nolako esperientzia duten jada filmatzen ari diren sektoreko kideek. Egia da, halaber, zinema-munduan beti arazoekin lan egiten dugula; pelikula bat arazo multzo handia da, eta hau beste arazo bat izango da; baina aurrera aterako dugu. Dena den, nahiz eta prozesua atzeratu egin den, ibilbide-orria mantentzen dugu eta, zorionez, dena aurrera doa.
Ba al duzu beste proiekturen bat esku artean?
Beti nabil gauza eta proiektu ezberdinekin buruan, eta ez dakit zein garatuko den lehenengo. Baina, bai, beste film batzuk ere baditut buruan eta, halaber, Gabonetan laburmetrai bat grabatu nuen, ‘Dar Dar’ izenburuduna. Orain amaitzen ari naiz eta udazkeneko jaialdietan aurkeztu nahiko nuke. Barandiaranen izen bereko elezaharrean oinarrituta dago. Beldurrezko ipuin bat da eta tratamendu oso iluna eman diot, XX. mende hasierako filmeen antzera. Testura handiarekin, zuri-beltzean, mutua eta ahalik eta beldurgarrien egiten saiatu naiz: helduentzako da.