Zinemaz euskaraz ikasi eta gozatzeko aukera izango dute haur eta gaztetxoek Durangoko Azokan

Zinemaz euskaraz ikasi eta gozatzeko aukera izango dute haur eta gaztetxoek Durangoko Azokan

2019 Abendua 02

Zineuskadik, euskal ikus-entzunezkoaren sektorea bateratzen duen plataformak, hainbat proiekzio eta soinu efektuak egiten ikasteko tailerra antolatu ditu

Zineuskadik Durangoko Azokan parte hartuko du aurten ere, haur eta gaztetxoei zuzenduriko hainbat ekintzarekin. Zinema Euskaraz programaren barne, euskaraz bikoiztutako filmen proiekzioak eskainiko ditu, baita soinu efektuak egiten ikasteko tailerra ere.

Pixelatu enpresak dinamizatutako ekimena abenduaren 5ean gauzatuko da. Soinuak pelikula batean duen pisuaz jabetzeko aukera izango dute parte-hartzaileek; izan ere, nahiz eta elementu garrantzitsuenetarikoa izan, istorioari ematen dion sinesgarritasuna dela eta, gutxitan erreparatzen zaio faktore horri. Tramankulu desberdinak erabiliz, animaziozko film batean soinu efektuak nola sortzen diren deskubritu eta birsortu egingo dituzte.

Goizeko 10:00etatik 12:00etara eta 12:30etik 14:30era, bi saio eskainiko dira azokako Irudienea gunean. Gazteak zinemagintzara hurbildu eta filmak beste belarri batzuekin entzunaraztea izango da tailerren xedea, baita haien irudimenari eta sormenari ateak irekitzea ere.

Hurrengo egunetan, berriz, pelikulen proiekzioez gozatu ahal izango dute etxeko txikiek, doan. Abenduaren 6an, 15:00etan, ‘Harpetarra’ pelikularen emanaldia gauzatuko da, Harri eta Brontze Aroetako ordezkarien arteko lehiari buruzko abenturazko istorioa.

Hilaren 7an, aldiz, hiru proiekzio eskainiko dira. Goizeko 11:00etan, ‘Gruffaloa’ filmaren txanda izango da, animalia-izaki berezi bati buruzko pelikula ederra; eta 12:00etan, Euskal Herriaren historian murgiltzeko aukera izango dute haurrek ‘Lur eta Amets’ filmarekin. Amaitzeko, arratsaldeko 15:00etan, fantasiazko istorio batean barneratuko dira bertaratuak, magiaz beteriko ‘Horman erlojua duen etxea’ pelikulari esker.

Zinema Euskaraz

Jarduera horiek Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailak Zineuskadiren bitartez sustatutako Zinema Euskaraz programaren baitan daude. Egitasmo horren helburua da euskarazko zinema-eskaintza areagotzen laguntzea, baita euskararen erabilera eta normalizazioa bultzatzea ere kultura, gizarte eta aisialdi arloetan.