Pablo Polledrik zuzendutako eta Unikok ekoitzitako ‘Loop’ animaziozko film laburra, Pixelatl-en lehian

Pablo Polledrik zuzendutako eta Unikok ekoitzitako ‘Loop’ animaziozko film laburra, Pixelatl-en lehian

2021 Iraila 07

Pablo Polledriren 'Loop' animaziozko film laburrak Pixelatl 2021 Jaialdiaren Selekzio Ofizialean parte hartuko du, Latinoamerikako sortzaileen eta animazio, komiki eta bideo-jokoen industria globalen arteko topaketa nagusian. Lehiaketak hamargarren urteurrena beteko du aurten online formatuan, eta irailaren 7tik 11ra burutuko da Mexikoko Cuernavaca hirian.

Argentinaren eta Euskadiren arteko koprodukzioa da 'Loop', UniKo-ren eta Ivan Miñambres ekoizlearen gidaritzapean. Hain zuzen, Miñambresek ekoitzitako lanek 1.500dik gora hautaketa izan dituzte nazioarteko jaialdietan, hala nola Berlinen, Cannesen, Toronton, Chicagon, Annecyn edo Clermont-Ferranden. Bere hainbat lanek sari garrantzitsuak lortu dituzte, tartean hiru Goya sari 'Birdboy', 'Decorado' eta 'Psiconautas' lanengatik, edo Epaimahaiaren Sari Nagusia Annecyko Nazioarteko Animazio Jaialdian, 'Homeless Home' lanagatik. Gaur egun, 'Unicorn Wars' bere hurrengo film luzearen ekoizpenean dihardu, zeina UniKoren ohiko kolaboratzaile Alberto Vázquezek zuzendu duen. Gainera, Rokeya Husseinek 1905ean idatzitako zientzia fikziozko klasiko feministan oinarritutako 'El Sueño de Sultana' film luzea koproduzitzen ari da, Isabel Herguerak zuzendutakoa.

Bestalde, Argentinako animatzaile garrantzitsuenetako bat den Polledrik, 20 bat lanez osatutako filmografia eta nazioarteko markentzako lan komertzial ugari ditu. Besteak beste, 'CORP' 2D animaziozko film laburrak 220 aukeraketa baino gehiago lortu zituen nazioarteko jaialdietan, eta 50 sari baino gehiago.

7 minutuko iraupena duen lan horrek gizaki bakoitzak behin eta berriz ekintza bera errepikatzen duen gizarte baten erretratua egiten du. Biztanle bakoitza erloju handi baten engranajearen zati da, non sistemaren harmonia etengabeko gertaera aldaezin honen gainean mantentzen den. Biztanle bakoitzak rol zehatz bat eta amaigabeko ekintza jakin bat duen gizarte batean, bikote batek zerbait desberdina egitea erabakitzen du.

Halaber, Isabel Herguera sortzailearen Sultana Films euskal ekoiztetxeak ere bere tokia izango du topaketa honetan; izan ere, Ines G. Aparicio zuzendariak Sultanak ekoitzitako 'Cantar un Batallón' film laburra aurkeztuko du, Espainiako animazioaren talentu berriei buruzko hitzaldi batean. Film labur honetan, Inesek bere amona Esperanza bisitatuko du, zeinak gaztaroko abesti zahar bat gogoratu eta abestuko du: Batallón de Modistillas, hain zuzen. Honekin, bere oroitzapenen kutxa irekiko du. Musika aitzakia ezin hobe bihurtzen da denboran zehar bidaiatzeko, non pertsonaia zoragarriak, emakume libreak, mugarik gabeko ametsak eta melodia ahaztezinak agertzen diren.

Isabel Hergueraren lanak munduko nazioarteko animazio jaialdirik garrantzitsuenetan proiektatu dira eta bere lan artistikoa museo eta erakunde ugaritan erakutsia izan da. Espainian, animazio independentearen emakume aitzindaritzat jotzen da Herguera, eta Estatuko hainbat argitalpenetan zein nazioartekoetan aztertu eta aipatu dute.