Ostiral honetan, azaroaren 23an, estreinatuko da euskaraz “Udare erraldoiaren istorio harrigarria” Euskadiko eta Nafarroako zinema-aretoetan

Ostiral honetan, azaroaren 23an, estreinatuko da euskaraz “Udare erraldoiaren istorio harrigarria” Euskadiko eta Nafarroako zinema-aretoetan

2018 Azaroa 21

Zinema Euskaraz programak aurten bi estreinaldi komertzialekin eta gazteentzako ohiko zinema-tailerrekin emango dio amaiera urteari.

Komunikazio kulturalerako bitarteko gisa euskararen erabilera sustatzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Zineuskadiren bidez filmak eskaintzen jarraitzen du laster ikusgai izango diren film hauen bidez: Udare erraldoiaren istorio harrigarria”  haurrentzako filma (Danimarka) eta familia-giroko Ploey (Islandia-Belgika).

Udare erraldoiaren istorio harrigarria (Drackmagic) filma euskaraz ostiral honetan, azaroaren 23an, estreinatuko da. Film horrek Danimarkako Akademiaren Best Adapted Screenplay saria eta Robert Best Children’s Film saria jaso ditu. Jaialdietan izan duen ibilbide luzean nabarmentzekoak dira honako hauek ere: Berlin International Film Festival jaialdiko Generation saila, TIFFeko Kids International Film Festival eta Sevilla Film Festivaleko Europa Junior saria. Animazio-lana haurrei zein helduei zuzenduta dago, balio garrantzitsuak transmititzen baititu, hala nola leialtasuna, laguntasuna eta ausardia. Ikus-entzunezko egokitzapena Jakob Martin Strib idazle eta marrazkilariaren izen bereko liburuan oinarrituta dago. Liburuak estilo oso berezia du, eta nolabaiteko tonu surrealista. Filmak Sebastian elefantearen eta haren lagun katu Mitchoren istorioa kontatzen du. Biak elkarrekin bizi dira Sunnytownen, oso leku lasaian. Egun batean, lagunak arrantzara joango dira portura eta botila bat aurkituko dute. Botilaren barruan hazi bat egongo da, eta mezu bat, Uharte Misteriotsutik datorrena. Abenturarako dei horri uko egingo diote, baina bidaia harrigarria egingo dute azkenean haien lagun eta alkate den JB erreskatatzeko.

Abenduan iritsiko da zinema-aretoetara Ploey ere. Film honek txori gazte baten istorio ederra kontatzen du. Bere familiak udazkenean emigratzen duen garaian, txoria oraindik ez da hegan egiteko gai. Hori dela eta, Artikoko negua pasatu beharko du, etsai biziotsuei aurre egin, baita bere buruari ere, hurrengo udaberriak familiarekin bat egiteko. Bidean, askotariko espezieetako lagun berriak egingo ditu, eta haiek lagunduko diote helburua betetzen. Baina… lortuko al du txoriak familia eta benetako maitasuna ezagutzea?

Era berean, Durangoko Azoka eta Zinegabonak programa itzuliko dira, euskarazko emanaldiekin eta familia osoarentzako zinema-tailerrekin. Durangon ikasleen egunean, abenduaren 5ean, egongo gara; nerabeentzako Foley tailer bat eskainiko dugu. Zinegabonak programari dagokionez, dagoeneko iragar ditzakegu datak: abenduaren 26tik 30era izango da Donostiako, Bilboko, Laudioko, Iruñeko eta Urruñako zinemetan, Eitb eta EZAEren lankidetzarekin. Egitaraua datozen asteetan iragarriko dugu eta Zineuskadiren webgunean egongo da ikusgai.