Gaur iritsiko da ‘Orkestra lurtarra’ zinema-aretoetara. Lotura Films eta Jarraitu Filmak enpresa donostiarrek ekoitzitako lana Imanol Zinkunegik eta Joseba Poncek zuzendu dute. Haurrentzako animazio-zinemaren aldeko apustu berri hau Harkaitz Canoren izen bereko nobelan oinarritzen da, zeinak Euskadi Saria jaso zuen. Eleberria pantaila handira egokitu dute eta musikaren atalari arreta berezia jarri diote.
Zineuskadi eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako saila aspalditik ari dira lanean euskal haur-zinemari bultzada emateko, batez ere euskarazkoari, eta, horregatik, haurren sormena eta zinemaz euskaraz eta pantaila handian gozatzea bultzatzeko apustua egin dute. Estreinaldi hau dela eta, hiru tailer antolatu dira ‘Musika zinean’ izenburupean. Bertan, haurrek soinu-bandak film batean duen garrantzia ikusi ahal izango dute, eta ikus-entzunezko proiektuen sorkuntza-prozesuari buruz ikasiko dute. Jolas- eta prestakuntza-saio horiek larunbat arratsaldean Beasainen, igande goizean Gorbeia Zineman eta igande arratsaldean Getxon izango dira, eta Joseba Beristain konpositore azkoitiarrak emango ditu.
Sinopsia
Manu, haurra zela, Stella Panini piano-jole handiarekin maitemindu zen, eta hura ezagutzea zuen amets. Horretarako, Stefano Salegi, gerora manager bilakatuko den pertsonaia ilunaren aholkuari jarraituz, orkestra bat osatuko du. Baina Manu, ameslariaz gain, bere kabuz doan ‘outsiderra’ ere bada. Jendeak ez du berezitasun hori ulertzen, eta bere instrumentua, erratza, izaera berdingabe horren adierazlea da. Bitxikeria horiek ez dira orkestra sortzeko oztopo izango: bertan elkartuko dira urduri dagoenean besapean azkura sentitzen duen kontrabaxu-jole bat, haizeak jotzen dituzten eta naturaz gaindiko usaimena duten bi anaia biki, kontratenore bibotedun bat eta triangelua jotzen duen perkusio jotzaile bat. Gainera, eskaileraren saioa egiten duen ahuntz ijito batek laguntzen die.