Chema García Ibarrak ESPÍRITU SAGRADO bere opera prima aurkeztuko du Locarno International Film Festivaleko Nazioarteko Lehiaren atalean. Locarnoko hori da, hain zuzen ere, munduko zinema-topaketa garrantzitsuenetako bat.
LABURPENA
José Manuel eta Ovni-Levante elkarte ufologikoko gainerako kideak astero biltzen dira estralurtarren mezuei eta abdukzioei buruzko informazioa elkarri trukatzeko. Julio, liderra, ezustean hilko da, eta hala, José Manuel izango da gizateriaren etorkizuna alda dezakeen sekretu kosmikoa ezagutzen duen bakarra. Bitartean, Espainian, duela aste batzuk desagertutako neska baten bila dabiltza.
García Ibarrak lan berriaren inguruan honako hau esan digu: “Esoterikoa dena eguneroko errutinaren zati gisa erakustea interesatzen zait. Naturalaren eta naturaz gaindikoaren arteko bizikidetza nabarmendu nahi dut (naturaz gaindikoaren naturalizazioa), eta errealista denaren eta fantastikoa denaren arteko elkarrizketa sortu. Aurkakoen jokoa interesatzen zait: irribarre iluna egotea eta dramaren baitan komedia egotea. Muturreko kontraste horren ideiarekin, etxeko naturalismotik abiatuta aurkako maximora iritsi nahi dut: zientzia fikziora. Atsegin dut deserosotasuna, txundidura eta ezustekoaren presentzia sentitzea.”
Lehen irudiak: https://bit.ly/3j8Oanj
Nagusiki Carrús-en, (Elx), zuzendariaren auzoan, filmatu da ESPÍRITU SAGRADO eta bertako biztanleak barrutik filmatu nahi izan ditu, benetako aurpegiak, aktorearen ofizioak modelatu ez dituenak. Hala, Chema García Ibarrak ahalik eta naturaltasun handiena lortu nahi izan du. Azentu errealak, benetako adierazpenak eta begirada garbiak. Aktore taldean nagusitzen dira Nacho Fernández, Llum Arques, Joanna Valverde eta Rocío Ibáñez.
Filma 16 mm-tan eta 35 mm-tan grabatu dute, eta Ion de Sosa izan da argazki-zuzendaria.
ESPÍRITU SAGRADOren ekoizleak Miguel Molina, Leire Apellaniz, Marina Perales Marhuenda, Xavier Rocher eta Enes Erbay izan dira.
CHEMA GARCÍA IBARRAREN BIOGRAFIA
Chema García Ibarra (Elx, 1980). Film labur hauek idatzi eta zuzendu ditu: El ataque de los robots de Nebulosa-5, Protopartículas, Misterio, La disco resplandece y Leyenda dorada (azken hau Ion de Sosarekin batera zuzendarikide izanik). Bestalde, Uranes film ertaina ere idatzi eta zuzendu du. Espíritu sagrado da bere lehen film luzea.
Jaialdi askotan aukeratu dituzte bere filmak, hala nola Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldian, Sundancen (hiru aldiz), Berlinalen (bi aldiz), Donostian, Rotterdamen, Ann Arborren edo BAFICIn. Jasotako 200 sari baino gehiagoren artean, ohorezko bi aipamen jaso ditu Sundancen, epaimahaiaren aipamen bat Donostian, Europako fantasiazko film labur onenaren Urrezko Méliès, Europako Zinemaren Sarietarako izendapen bat, BAFICIren Abangoardia eta Generoa lehiaketan lehen saria, Alcineko film labur onenaren saria, film labur onenaren lehen bi sari Abycinen eta Olhar de Cinema jaialdiko film labur onenaren saria (Brasil).
Espainiako zinemalariei Alcine jaialdian egindako inkestan, hamarkadako film labur onen artean hirugarren kokatu zuten El ataque de los robots de Nebulosa-5. Egin dituen film guztiak sartu dira Caimán Cuadernos de Cine aldizkariak urtero egiten duen Espainiako film laburren top zerrendan. Atzerabegirakoak eskaini dizkiote, besteak beste, hauetan: Transcinema (Lima), Atlanta Film Festival, Rizoma Festival (Madril), Brest Film Festival (Frantzia), Festifreak (Argentina), La Sala de los Cineastas (Málaga) eta Centro Niemeyer (Avilés).
2015etik, ECAMeko (Madrilgo Zinema eta Ikus-entzunezkoen Eskola) Zinema Dokumentalaren diplomaturan Anti-filmmaking ikasgaia eskaintzen du. Bertan, fikzioaren/errealitatearen arteko fusioa aztertzen dute, narrazioaren mugak eta eszenaratzearen, soinuaren, musikaren eta muntaketaren erabilera erradikalak.
ESPÍRITU SAGRADO 10 Promising Spanish Projects in Development sarien barruan Marché du Film onlineko ICAA topaketetan aukeratu zuten. Oxbelly Screenwriters Lab eta Torontoko Zinema Jaialdiko TIFF Filmmaker Lab-en parte hartu zuen, baita Film Independent/HFPAeko Erresidentzian ere, eta guztietan izan zen Espainiako proiektu bakarra.
ECAM programako The Screen Inkubategiaren II. Edizioan parte hartu zuten bost film luzeetako bat da.
ESPÍRITU SAGRADO hauen ekoizpena da: Apellaniz eta Sosa, Jaibo Films, La Fabrica Nocturna Cinéma eta Teferruat Film. Honako hauen finantzaketarekin: ICAA, Institut Valencià de Cultura, Aide aux Cinémas du Monde (CNC, Institut Français), Kulturaren eta Turismoaren Turkiako Ministerioa eta Eurimages.
RTVE, À Punt Mèdia, Movistar+ eta TRTren partaidetzarekin. Espainian banatzailea La Aventura da.