‘Unicorn Wars’ filma bihar iritsiko da euskal zinema-aretoetara, Zinema Euskaraz programaren barruan

‘Unicorn Wars’ filma bihar iritsiko da euskal zinema-aretoetara, Zinema Euskaraz programaren barruan

2022 Urria 20

Joan den ekainean animazioaren sektoreko jaialdi garrantzitsuenean, Annecyn, estreinatu eta berriki Sitgeseko Zinemaldi ospetsuan arrakasta handiz aurkeztu ondoren, bihar estreinatuko da zinema-aretoetan, euskaraz, gaztelaniaz eta galizieraz, ‘Unicorn Wars’ filma. Lana Alberto Vazquezek zuzendu du eta Bizkaiko Unikok, Abano Produccions galiziarrak eta Frantziako Autour de Minuitek ekoitzi dute. Coruñako zuzendariak gerra guztien jatorriaz gogoeta egiten duen ipuin antibelizista bat aurkezten digu, eta kritikarien nahiz publikoaren goraipamena jaso du.

Hartzen eta adarbakarren arteko antzinako gerra kontatzen du, eta bi protagonistek (Azulin eta Gordi anaiek) amaren maitasuna bereganatzeko bizi duten barne gatazkan ere sakontzen du.

Zineuskadik sustatzen duen Zinema Euskaraz programak aurten estreinatuko duen zazpigarren filma da, eta helduei zuzendutako lehena. Momentuz, euskarazko filma proiektatuko duen euskal zinema-aretoa Niessen (Errenteria) izango da eta Gorbeia Zinemak (Gasteiz) eta Getxo Zinemak (Getxo) elebitan botako dute. Bestalde, Golem Alhóndigak (Bilbo), Florida Zinemak (Gasteiz) eta Nafarroako Golem Yamaguchik (Iruña) soilik gaztelaniaz jarriko dute. Hala ere, datozen asteetan, beste areto batzuetara ere iritsiko da. Era berean, nabarmentzekoa da filma Donostian proiektatuko dela, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen hogeita hamahirugarren edizioaren baitan.

Halaber, datozen hilabeteetan, Zinema Euskaraz programaren barruan, beste film batzuk ere izango ditugu. Horien artean, datorren ostiralean (urriak 28) ‘Hopper oilaskoerbia’ estreinatuko da, eta azaroaren 25ean ‘Gabi’ iritsiko da zine-aretoetara.