‘Stardog & Turbocat’ ostiralean iritsiko da euskaraz EAEko aretoetara

‘Stardog & Turbocat’ ostiralean iritsiko da euskaraz EAEko aretoetara

2020 Urria 22

‘Stardog & Turbocat’ (Erresuma Batua) bihar iritsiko da gure lurraldeko zinema-aretoetara, euskaraz bakarrik, Zineuskadik sustatutako Zinema Euskaraz programaren bidez.

Zinema Euskaraz programak bultzatutako ‘Stardog & Turbocat’ filma estreinatuko dute bihar EAEko hiru zinema-aretok. Gure lurraldean euskaraz bakarrik ikusi ahal izango den film honen estreinaldiarekin, itxialdiaren ondoren egin den hirugarrena, Zineuskadik jarraipena eman dio euskal ikus-entzunezkoen sektorea suspertzeko konpromisoari. Izan ere, kontuan izan behar dugu sektore honi COVID-19aren pandemiak sortutako geldialdiak gogor eragin diola. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak pelikulak bikoiztea bultzatzen du haur eta gazteentzat, eta euskara sustatzen du zinemagintzan. Testuinguru horretan, berriro jarri da martxan Zinema Euskaraz programa, zinema-aretoetan normaltasuna berreskuratzen laguntzeko, familiei zuzendutako eduki erakargarria eskainiz.

Ben Smith zuzendari ingelesaren film honek bi heroiren istorioa kontatzen du: Buddy, zakur leiala, eta Felix, katu ongilea. Buddy espaziora bidali zuen zientzialari batek, eta, arazo baten ondoren, superheroi bihurtu zen. 50 urtez espazio-ontzian harrapatuta egon ondoren, 2019an, ezagutzen zuenaren oso bestelako mundu batean lurreratu da. Aldaketa garrantzitsuenetako bat da herritarrek animaliak gorroto dituztela, eta, beraz, abentura-lagun bat aurkitu behar du. Jabearen bila dabilela, Felix aurkitu du eta berarekin abentura handiak biziko ditu.

Hurrengo zinemetan estreinatuko da filma: Golem Alhóndiga (Bilbo), Niessen zinemak (Errenteria) eta Antiguo Berri zinemak (Donostia).

Era berean, azaroan, Zinema Euskaraz programaren barruan, ‘Dragón Rider’ filma iritsiko da aretoetara, Cornelia Funkeren ‘Dragon Rider’ best-sellerrean oinarritua. Gainera, abenduan beste pelikula bat izango dugu adin guztietako jendearentzat: ‘Las crónicas de Fabulandia’.