‘Space Jam: Aro berria’ bihar iritsiko da EAEko aretoetara Zinema Euskaraz programaren barruan

‘Space Jam: Aro berria’ bihar iritsiko da EAEko aretoetara Zinema Euskaraz programaren barruan

2021 Uztaila 22

EAEko zazpi zinemak Zinema Euskaraz programak bultzatutako ‘Space Jam: Aro berria’ filma estreinatuko dute bihar. 25 urte geroago, Looney Tunes taldea abenturaz beteta itzuliko da pantaila handira, Malcolm D. Leek zuzendutako film honekin.

'Space Jam: Aro berria' Zineuskadik sustatutako Zinema Euskaraz programaren barruan 2021ean estreinatzen den seigarren filma da. Izan ere, ikus-entzunezkoen sektorea suspertzeko konpromisoa du Zineuskadik. Egitasmo honi esker, haur eta gazteei zuzendutako pelikulen bikoizketa bultzatzen du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak, eta euskara sustatzen du zinemagintzan. Hortaz, Zinema Euskaraz programak zinema-aretoetan normaltasuna berreskuratzen laguntzeko xedea du, familiei zuzendutako eduki erakargarria eskainiz.

1996an Michael Jordan protagonista izan zuen lehen pelikularen ostean, LeBron James aurkitzen dugu honetan. NBAko izarra, Dom semearekin batera, toki arraro batean harrapatuta geratzen da, A.I. bezala ezagutzen den indar ahalguztidun eta gaizto baten espazio digital batean. Etxera itzuli eta semea salbu uzteko, saskibaloi jokalariak indarrak batu beharko ditu Bugs Bunny, Lola Bunny eta Looney Tunes taldeko gainerako pertsonaiekin, A.I.-k digitalizatutako txapeldunei saskibaloi partida batean aurre egiteko.

Hurrengo zinema-aretoetan ikusi ahal izango da filma: Antiguo Berri eta Principe (Donostia), Zugaza (Durango), Getxo, Gorbeia (Gasteiz), Niessen Zinemak (Errenteria), Golem Alhóndiga (Bilbo) eta Multicines 7 (Bilbo).

Era berean, datozen hilabeteetan publiko zabalari zuzendutako hainbat film edukiko ditugu ikusgai; horien artean, 'D’artacán' (abuztuaren 20an) eta ‘Oltxiak’ (irailean).