‘Robotia’ filma ostiral honetan estreinatuko da EAEko hainbat aretotan, Zinema Euskaraz programaren eskutik. Publiko orokorrari bideratuta dagoen Espainiaren eta Argentinaren arteko koprodukzioa euskarara bikoiztuta ikusi ahal izango dugu.
Zineuskadik sustatutako Zinema Euskaraz programaren barruan aurten ikusiko dugun seigarren filma da, ‘Lagunak, erreskatera!’ lanaren ostean. Euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzeko helburua du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak bultzatutako programa honek, eta haur zein gazteei zuzendutako pelikulen bikoizketaz arduratzen da, zinemagintzan euskararen hedapena bultzatzearren.
Sinopsia
Androidez osatutako mundu batean, bi robot fabrika berean eraikitzen dituzte, material berberekin eta aldi berean. Baina urteak igaroko dira topo egin baino lehen. Alexek eta Bibik futbola maite dute. Alexek uste du ezin duela jokatu, eta Bibiri ez diote uzten. Hala ere, robot talde zoragarri eta zoro batekin batera, futbol zelai batean elkartuko dira.
Filma proiektatuko da hurrengo zinema-aretoetan: Golem Alhondiga (Bilbo), Getxo Zinemak (Getxo), Zugaza Zinema (Durango), Florida Zinemak (Gasteiz), Gorbeia Zinemak (Gasteiz) eta SADE Cines Antiguo Berri (Donostia).
Datozen hilabeteetan, beste film batzuk ere izango ditugu Zinema Euskaraz programaren barruan: abuztuaren 14an, ‘Buffalo Kids’, eta abuztuaren 27an, ‘Inseparables’.