‘Oltxiak’ filma bihar iritsiko da EAEko zinema-aretoetara, Zinema Euskaraz programaren barruan

‘Oltxiak’ filma bihar iritsiko da EAEko zinema-aretoetara, Zinema Euskaraz programaren barruan

2021 Iraila 02

Bihar, EAEko zinema-aretoek ‘Oltxiak’ filma estreinatuko dute Zinema Euskaraz programaren barruan. Erhard Dietl autore alemaniarraren haurrentzako liburuen serie homonimoan oinarrituta dago animazio-film hau. Alemania eta Belgikaren arteko koprodukzioa da, nazioartean esperientzia duten bi animatzaile ospetsuk zuzendua; Jens Møller (‘Las crónicas de Fabulandia’) eta Toby Genkel (‘Yakari, le film’; ‘Richard, la cigüeña’; ‘¡Upsss! ¿Dónde está Noé…?’).

‘Oltxiak’ Zineuskadik sustatutako Zinema Euskaraz programaren barruan 2021ean estreinatzen den zortzigarren filma da. Izan ere, ikus-entzunezkoen sektorea suspertzeko konpromisoa du Zineuskadik. Egitasmo honi esker, haur eta gazteei zuzendutako pelikulen bikoizketa bultzatzen du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak, eta euskara sustatzen du zinemagintzan. Hortaz, Zinema Euskaraz programak zinema-aretoetan normaltasuna berreskuratzen laguntzeko xedea du, familiei zuzendutako eduki erakargarria eskainiz.

Filmak ikuslea mundu fantastiko batean kokatzen du. Etxe berri baten bila dabiltza Oltxiak, baina inon ez dira sentitzen ongi etorriak. Usain txarra dute, eta gizaki gehienek ez dituzte maite. Familiaren dragoia Kirasterriko zabortegian lurreratzen denean, Oltxiak etxean bezala sentitzen dira. Eta bertan geratzea erabakitzen dute.

Hurrengo zinema-aretoetan ikusi ahal izango da filma: Antiguo Berri (Donostia), Gorbeia (Gasteiz), Florida (Gasteiz), Niessen Zinemak (Errenteria), Multicines 7 (Bilbao), Getxo Zinema (Getxo) eta Zugaza (Durango).