‘Lagunak, erreskatera!’ filma ostiral honetan estreinatuko da EAEko hainbat aretotan, Zinema Euskaraz programaren eskutik. Publiko orokorrari bideratuta dagoen film frantsesa euskarara bikoiztuta ikusi ahal izango dugu.
Zineuskadik sustatutako Zinema Euskaraz programaren barruan aurten ikusiko dugun bosgarren filma da, ‘Deep Sea. Sakontasunera bidaia bat’ lanaren ostean. Euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzeko helburua du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak bultzatutako programa honek, eta haur zein gazteei zuzendutako pelikulen bikoizketaz arduratzen da, zinemagintzan euskararen hedapena bultzatzearren.
Sinopsia
Superbilau misteriotsu batek urarekin kontaktuan eztanda egiten duen apar arrosa toxiko batekin estaltzen du oihana. Orduan, lagunak erreskatera ateratzen dira. Euriteen sasoitik hilabete baino gutxiagora, hasi da lasterketa! Gure heroiak, aliatu berriekin, mundu osoan zehar ibiliko dira antidoto baten bila. Iparraldeko eskualde urrunetatik, Europatik, Asiatik eta Ekialde Ertainetik igaroz, historiako bilaketarik handiena egingo dute. Oraingoan, inoiz baino aurkari adimentsuago eta gaiztoago bati egin behar diote aurre. Mauricentzat eta bere lagunentzat, inoiz ez da hainbeste egon jokoan!
Filma proiektatuko da hurrengo zinema-aretoetan: Golem Alhondiga (Bilbo), Getxo Zinemak (Getxo), Zugaza Zinema (Durango), Florida Zinemak (Gasteiz), Gorbeia Zinemak (Gasteiz), SADE Cines Antiguo Berri (Donostia) eta Golem La Morea (Iruña).
Datozen hilabeteetan, beste film batzuk ere izango ditugu Zinema Euskaraz programaren barruan: ekainaren 7an, ‘Robotia’, eta abuztuaren 14an, ‘Buffalo Kids’.