Zinema Euskaraz programak ‘Momiak’ filma estreinatuko du ostiral honetan EAEko zinema-aretoetan. Juan Jesús García Galochak espainiarrak zuzendutako filma da eta publiko orokorrari zuzenduta dago.
Zineuskadik sustatutako Zinema Euskaraz programaren barruan aurten estreinatuko den bigarren film da, ‘Yuku eta Himalaiako lorea’ lanaren ostean. Euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzeko konpromisoa berresten jarraitu nahi du ekimenak. Euskal zinema-sektoreari laguntzeko apustuari helduz, haur eta gazteei zuzendutako pelikulen bikoizketa bultzatzen du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak, eta euskara sustatzen du zinemagintzan.
Sinopsia
Lurraren erraietan momien hiria dago! Inperioaren aginduz, Nefer printzesak Thurtekin ezkondu behar du, gurdien auriga ohi batekin. Ez batak ez besteak ez dute ezkondu nahi; Neferrek askatasuna irrikatzen duelako, eta Thutek ezkontzeari alergia diolako. Baina jainkoen asmoak ezeztaezinak dira: Thutek Neferrekin ezkondu eta faraoiak eman dion errege eraztuna zaindu beharko du. Horri zerbait gertatuko balitzaio, Thutek begiak eta mihia galduko lituzke. Bitartean, gure munduan, Lord Carnabyk indusketa arkeologiko bat egin eta gauza berezi bat aurkitzen du: Egiptoko errege-ezkontzako eraztun bat! Thut gizakien mundura joan behar da hura berreskuratzera. Ondoan Sekhem, 12 urteko anaia, bere krokodilo maskotarekin, eta Nefer ditu. Elkarrekin abentura handi bat biziko dute Londres modernoan, eta beren asmoetan sartzen ez zen zerbait deskubrituko dute: maitemintzea zer den.
Filma bihartik aurrera proiektatuko da Sade (Donostia), Getxo Zinemak, Gran Zinema Zugaza (Durango), Golem Alhóndiga (Bilbo), Golem La Morea (Iruña), Gorbeia (Gasteiz), Niessen Errenteria eta Florida (Gasteiz) zine-aretoetan.
Halaber, datozen hilabeteetan, Zinema Euskaraz programaren barruan, beste film batzuk ere izango ditugu. Horien artean, datorren martxoan ‘Lau ahizpa magikoak’ pelikula iritsiko da zine-aretoetara, eta apirilean ‘Mavka’.