‘Don`t stop me now’: sektorearen berraktibatzearen inguruko online mintegia

‘Don`t stop me now’: sektorearen berraktibatzearen inguruko online mintegia

2020 Ekaina 01

Ekainaren 11n, Zinemina Talks ekimenaren lehen saioa egingo dugu, sektoreko profesionalen arteko solasaldia, eta hainbat proiekturen berraktibatzeaz eta geldialdiaren ondoren sortu diren aukerez hitz egingo dugu. ‘Don´t stop me now’ izenburupean egingo den mahai-ingurua 19:00etan hasiko da eta Facebook Live-ren bitartez ikusi ahal izango da. Tito Rodríguezek (ICAAko marketin arduraduna), Hebe Tabachnikek (nazioarteko programatzailea), Ivan Miñambresek (UNIKO), Celia Ricok (Zinegilea) eta Itziar García Zubirik (ARENA COMUNICACIÓN) hartuko dute parte, eta Aitor Arenas (BANATU FILMAK) arituko da moderatzaile lanetan.

Zineuskadik bultzatutako mahai-inguru honen bidez, euskal ikus-entzunezko sektorearen suspertzea ikuspegi konstruktibotik aztertu nahi da, COVID-19 pandemiak eragindako geldialdi gogorraren ondoren. Ekoizpen-fase desberdinetako proiektuak, filmazioak, jaialdiak eta zinema-aretoetako emanaldiak martxan jartzeko prestatzen ari dira, eta une egokia da sektoreak eskaintzen dituen aukera berriei buruz hausnartzeko. Horrez gain, estreinaldiak aretoetara itzulitakoan zinemagintzari laguntzeko beharra ere azpimarratuko dugu.

Parte-hartzaileei buruzko informazio gehiago: 

- Tito Rodríguez

Gaur egun, Espainiako Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuko (ICAA) Marketin Politiken zuzendaria da. 2009 eta 2019 urteen bitartean, nazioarteko jaialdietarako lan egin du, bai Espainian (Gijongo Nazioarteko Zinemaldia, Sevillako Jaialdia, (S8) Coruñako Zinema Periferikoko Mostra), bai Herbehereetan (Rotterdameko Nazioarteko Zinemaldia, World Zinema Amsterdam). Lehen etapan, Prentsa, Gonbidatu, Komunikazio eta Marketin sailetan jardun zen lanean, eta, aurrerago, sailen arteko koordinazioan aritu eta Programazio, Industria eta Erakunde Harremanetako arduradun ere izan da. Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatu zen, Salamancako Unibertsitate Pontifizioan.

- Hebe Tabachnik

Hogei urtetik gorako zine-ontzailea da, eta epaimahai, proiektuen ebaluatzaile eta panelista gisa parte hartu du AEBetako, Latinoamerikako, Europako, Israelgo eta Txinako jaialdietan. Egun, Cine Latino Minneapolis St. Pauleko zuzendari artistikoa da, Seattle (SIFF), Palms Springs (PSIFF) eta Cartagena (FICCI) jaialdietako ontzaile seniorra, eta Minneapolis St. Paul Film Societyko Aholku Kontseiluko kidea. Gainera, jaialdiei, film-banaketari eta proiektuen pitching-ari buruzko mintegiak ematen ditu mundu osoan. Sundance eta Los Angeles Film Festival jaialdietarako lan egin du eta Los Angeles-ko Guadalajarako Zinemaldiaren (FICGinLA) zuzendari eta ekoizle izan da. Lokro Productions, Inc.-en sortzaileetako bat eta lehendakariordea da.

- Ivan Miñambres

UniKoko produktore exekutiboa. Animazioko edukietan espezializatutako ekoizlea da, eta nazioarteko 180 sari baino gehiago lortu ditu; horien artean, hiru Goya Sari (‘Birdboy’, ‘Psiconautas’ eta ‘Decorado’). Bere proiektuak jaialdi entzutetsuetan aukeratu dituzte, hala nola Cannesen, Toronton, Donostian, Chicagon, Annecyn eta Foylen. Gaur egun, Alberto Vázquezek zuzendutako ‘Unicorn Wars’ film luzearen ekoizpenean murgilduta dago, eta ‘Homeless Home’ film laburra estreinatuko du Annecyko Zinemaldian.

- Celia Rico

Sevillan jaio zen 1982an. Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatu zen Sevillako Unibertsitatean, baita Literaturaren Teorian eta Literatura Konparatuan ere Bartzelonako Unibertsitatean. Geroago, teoria, azterketa eta dokumentazio zinematografikoa, Script Editing eta ikus-entzunezko proiektuen garapena ikasiz borobildu zituen ikasketak. Egun, produkzioaren eta zuzendaritza zinematografikoaren arloan lan egiten du, baita gidoiak idazten eta ikus-entzunezko proiektuak garatzen eta koordinatzen ere. Hainbat ekoiztetxetan egin du lan, besteak beste, Arcadia Motion Pictures eta Amorós izenekoetan. Pablo Bergeren ‘Blancanieves’ edo José Luis Guerínen ‘Guest’ filmeetan ere lan egin du. Zuzendari gisa, 2012an hasi zen ‘Luisa no está en casa’ film laburrarekin. Lan hori Espainiako eta nazioarteko 70 jaialdi baino gehiagotan hautatu zuten, Malagako Zinemaldian eta Valladolideko Semincin, adibidez.

- Itziar García Zubiri

Arena Comunicación-eko produkzio-zuzendaria da, eta bere proiektu nagusiak dokumentalak dira. Besteak beste, ‘Pura Vida’, ‘Muro’ eta ‘Elkarrekin-Together’, Donostiako Zinemaldian estreinatutako lanak, zuzendu ditu. Hogei herrialde baino gehiagotan filmatu du. Gainera, Arenaren proiektuak finantzatzeko eta banatzeko plana, merkatuen estrategia eta traininga diseinatzeaz arduratzen da. Guztiek hedapen handia dute jaialdi eta telebistetan.

- Aitor Arenas

Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziaduna da EHUn. Telebistako errealizadore gisa hasi zuen ibilbide profesionala. Film laburrarekiko grinak bultzatuta, 2000. urtean Umorea Labur jaialdia sortu zuen. 2010ean, Sonia Pacios bazkide ohiarekin batera, Banatu Filmak eratu zuen, eta gaur egun horren arduraduna da. Azken urteotan programazio eta aholkularitza lanetan aritu da, besteak beste, CSFF (Shenzhen, Txina) eta Abycine (Albacete) jaialdietan. EPE/APVko kidea eta AICko (Film Laburren Industriaren Elkartea) lehendakariordea da. Duela gutxi irakasle gisa estreinatu da UPV/EHUn, doktore-tesia prestatzen ari den bitartean.